MALI

Kolonia ohiekiko harremanak sendotu nahi ditu Frantziak

Afrikan duen soldadu kopurua murriztea aztertzen ari da Jacques Chirac presidentea

2005eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Frantzia eta Afrikaren arteko 23. Goi Bilera hasi zuten atzo Bamakon, Maliko hiriburuan. «Afrikako gazteria, haren bizkortasuna, sormena eta xedeak» izango ditu gai nagusi, eta Afrikako agintari gehienak izango dira han, Boli Kostakoak izan ezik. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annanek eta Frantziako presidente Jacques Chiracek ere hartuko dute parte.

«Eztabaidaleku honekin gazteriari eman nahi diogu hitza, haren iritzia jakiteko», azaldu zuen goi bilerako antolatzaile eta Maliko Atzerri ministro ohi Tieble Dramek. Parte-hartzaile gehienek goraipatu zuten gai gisa gazteria hartu izana, orain arteko bilerak «ohiko gai politikoei buruzkoak» izan zirela argudiatuz. Hala, immigrazioa da bileran jorratuko duten gaietako bat, eta horren barruan, Europara iritsi nahi duten eta Marokoren mugetan dauden afrikarren egoera kaskarra nabarmenduko dute.

Ironiaz «meza nagusia» deitzen dioten ohiko topaketa horren atzean Eliseoaren eskua dago. Metropolia izandakoaren irudia indarberritzea da haren helburua, antzinako kolonien gaineko buruzagitzari itxura ohoragarriagoa emanez. Kolonia izandako Togo eta Boli Kostaren inguruko politika aztertzeko eta Afrikako larderiaz-ko erregimenei ematen dien sostengua gainbegiratzeko aukera eskaintzen dio goi bilerak Parisi. Azken horien artean dago Gabongo presidente Omar Bongoren gobernua. Bongok gogor zuzentzen du nazio petrolio ekoizle txikia, 1967az geroztik.

Parisko gobernuaren arabera, Dakar eta Djibuti bitartean dituen bost basetako 8.000 soldaduak berbideratzea aztertzen ari da Frantzia. Egun, NBEk Boli Kostako gatazkara bideratutako segurtasun indarren parte dira Frantziako soldaduak. Kolonia ohiek NDF Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren egitasmo ekonomikoekiko agertzen duten mantsotasunaren arabera antolatzen du bere politika Frantziak. Politika neoliberalaren bultzatzaile da Paris. AEBek Parisek historikoki atzeko patio gisa hartu izan duen herrialdeari eraso izanak suspertu egin du obsesio hori. Garapenerako laguntzaren eta hiesaren kontrako borrokaren auziak ateak itxita eztabaidatuko dituzte. Baina segur aski eztabaidak ez dira orain artekoak baino sakonagoak izango. Hiesaren eta pobreziaren ondorioz, Afrika suntsituta dago, baina 2010erako herrialde aberatsek beren hitza bete eta diru laguntzak 24.000 milioiraino handitzea espero du.

Irudia sendotzea helburu

«Afrikaren abokatu nekaezinaren» eta nazioarteko buruzagiaren irudia indartu nahi du Chiracek, Bamakoko eztabaidetan parte hartuta. Hala ere, bilkurarekin batera, Frantziako eta Afrikako gizarte erakundeek Francafrique izandako eztabaidalekua jarri dute abian, hegoaldeko herrialdeen garapenari buruzko eztabaida bultzatzeko asmoz. Foro horretan 400 bat parte-hartzaile espero dituzte eta, besteak beste, garapenari eman beharreko laguntza, Afrikako herrialdeen zorra eta herrialde aberatsen politika neoliberalak jorratuko dituzte.

Gaur amaituko da Konakryn (Ginea) ostegunaz geroztik egiten ari diren Afrikako 4. Gizarte Foroa. Kontinente osoko gobernuz kanpoko erakundeak, gizarte mugimenduetako ordezkariak eta sindikatuak bildu dira han. Sistema neoliberalaren eta hura ordezkatzen duten erakundeen kontrako jarrera berretsiko dute Gizarte Foroan. Bitartean, Frantziaren kolonizazioaren onurak defendatu zituzten Legebiltzarrean Chiracen UMP Herritarren Batasunerako Mugimendua alderdiko diputatuek ostegunean. Horrela, 2005eko otsailaren 23an onartutako legearen laugarren artikulua ez indargabetzea lortu zuten, kontrako 183 botorekin eta aldeko 94rekin. Sozialistek eta komunistek bozkatu zuten legea indargabetzearen alde. Frantziaren kolonizazioa goraipatzen duen testuak ezkerreko taldeen kritikak eta hainbat historialariren eta irakasleen haserrea eragin zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.