EKUATORE GINEA

Kolpearen hotsak itsututa

arantxa elizegi egilegor
2005eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuetako estatu kolpe saioaren hotsa entzun daiteke oraindik Ekuatore Ginean. Eta horrek itsututa ditu oposizioa eta Gobernua. Gertatutakoa argitzea ez da erraza, ez batak ez besteak froga argirik aurkeztu ez duelako. Presidenteak, Teodoro Obiang Nguemak, bere aurkako estatu kolpea antolatu izana leporatzen dio oposizioari, demokraziarekin bukatu nahia. Aldi berean, ordea, bere buruaren aurkako estatu kolpea antolatu eta horrela oposizioaren aurka egin izana leporatzen diote aurkariek. Obiangekin demokrazia ezinezkoa dela diote.

Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek behin eta berriz salatu izan dute Ekuatore Gineako Gobernua, bai orain eta baita lehen ere. 1968tik, Espainiaren kolonia izateari utzi zionetik, familia bakarraren esku egon da agintea. Lehenik, Francisco Nguema osaba, eta Obiang iloba ondoren. Independentziatik 1979a arte agindu zuen lehenak. Aldi horretan herritarren giza eskubideak urratu izana leporatu zioten nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek.

Nguemak bizi osorako presidente izendatu zuen bere burua. Agintaldia, baina, ez zen hain luzea izan, ilobak estatu kolpea eman eta presidentetza bere gain hartu zuelako. Gero, nazioarteko kritikak saihesteko, hauteskundeak antolatu zituen. Obiangek gehiengo osoarekin irabazi zituen, iturri ofizialen arabera. Oposizioak boikotatu egin zituen, eta iruzur egin izana leporatu zion presidente berriari.

Bide beretik jarraituz, 1996ko, 1999ko eta 2002ko bozetan ere gehiengoa lortu zuen Obiangek. Iazko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 100 eserlekutatik 98 lortu zituen presidentearen alderdiak.

Aurkarien bidea

Severo Moto da oposizioko buruzagi nagusia. Gobernuak bezala, aurkariek ere bide gorabeheratsua egin dute. 2001ean erbestean zeuden zortzi alderdik koalizioa osatu zuten, eta Obiangen menpe demokrazia ezinezkoa zela salatu zuten. Handik hiru urtera, oposizioak erbestean osatutako gobernuko buru izendatu zuen Moto.

Etxera itzuliz gero, 63 urteko kartzela zigorra bete beharko du Motok, ustezko estatu kolpe saioagatik. Iazko martxoan hasi zen afera, Zimbaweko segurtasun indarrek barruan ustezko 64 mertzenario zeramatzan hegazkin bat atzeman zutenean. Hegoafrikatik abiatu zen airekoa. Handik egun batzuetara, Ekuatore Gineako Poliziak talde bereko beste 15 kide atxilotu zituela esan zuten Gobernuko iturriek.Zimbawen atxilotutako taldeko ustezko buru Simon Mannek azaldu zuenez, estatu kolpea eman eta boterea Severo Motoren esku uztea zen haien eginbeharra. Hala ere, ez zen argitu nork antolatu zuen guztia, nahiz eta presidenteak oposizioa egin erantzule. Motok ukatu egin zuen hori, eta kolpea oposizioaren aurka egiteko erabili izana leporatu zion. Aste honetan, 62 mertzenario askatu dituzte. Hala ere, Hegoafrikara itzultzean epaitu egingo dituzte, atzerrian ekintza militarrak egiteari buruzko legea urratzeagatik.

Petrolioaren rola

Saharaz hegoaldeko herrialderik aberatsenetako bat da Ekuatore Ginea, 1996an lur horietan petrolioa zegoela jakin zenetik. Independente egin zenean hain zen txiroa herrialdea, ezen Kamerunen menpe jartzeko prest agertu baitzen milioi bat dolarren truke.

Gaur egun, berriz, 2.000 milioi dolar lortzen ditu urtean Ekuatore Gineak, petrolioaren eta gasaren bitartez. Arazoa, baina, zera da: Teodoro Obiangek ez duela argitu nahi diru hori nora bideratzen duen. Estatuaren finantzak sekretuak direla argudiatzen du. Gobernuko iturrien arabera, irabazien zati bat 400 milioi urteanosasun zerbitzuetara, eraikuntzara eta hezkuntzara bideratzen dute. Hala ere, herritar gehienek ez dute heziketarik jasotzen, eta txaboletan bizi dira. Bestalde, Washingtongo iturrien esanetan, Obiangen familiak milioika dolar ditu gordeta Estatu Batuetako banketxeetan.

Duela hilabete inguru, Severo Motok ihes egin zuen Espainiatik. Espainiako zerbitzu sekretuek hiltzat jotzen zuten. Duela egun batzuk, baina, Kroazian zegoela jakin zen. Espainiako Gobernua bera hiltzen saiatu zelako egin zuela ihes azaldu zuen Motok, Kroaziako aldizkari bati eskainitako elkarrizketa batean.

Obiangekiko harremanak hobetu eta petrolioa eskuratu nahi izateaz akusatu zuen Madrilgo gobernua.

-

Soslaia







teodoro obiang

Ekuatore Gineako presidentea

Diktadore demokratikoa







Mende laurdena darama agintean Teodoro Obiangek (Mongomo, 1942). Bere osaba Francisco Nguemaren aurkako estatu kolpea eman zuenean lortu zuen boterea. Geroztik, hauteskunde guztiak irabazi ditu bere alderdiak. Botoen %90 ingururekin guztiak. Bestalde, bere senitartekoak Gobernuko kargu garrantzitsuenetan jarri ditu, bere osabarekin gertatutakoa errepika ez dadin, agian.

Giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek behin baino gehiagotan salatu izan dute, nazioarteko legeak ez errespetatzeagatik. Berak ukatu egiten du hori, eta demokratikotzat jotzen du bere burua.



-

Soslaia







severo moto

Oposizioko burua

Oposizioaren apostolua







Hamar urtetik gora daramatza Espainian Severo Motok (Niefang, 1943). Erbestean sortutako gobernuko buru izendatu zuen iaz oposizioak. Gobernuaren aurkako estatu kolpea antolatu izana leporatzen dio Malabok. Berak ukatu egin du hori. Era berean, bera hiltzen saiatu izana leporatu zion duela egun batzuk Espainiako Gobernuari. Haren arabera, Ekuatore Gineako petrolioa ustiatu nahi du Madrilek, eta horretarako Malaborekiko harremanak hobetu nahi ditu. Hiltzaileek ontzi batean eraman omen zuten. Baina «hiltzaileak aingeru» bihurtu omen ziren bere egoeraren berri izan zutenean eta katolikoa zela jakin zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.