Presidentetzarako hauteskundeen bigarren eta azken itzulia egingo dute gaur Zipreko Errepublikan. Ioannis Kassulides hautagai kontserbadorea eta Dimitris Khristofias hautagai komunista dira herrialdeko presidente kargua lortzeko lehiatuko direnak. Hauteskunde kanpainan uhartearen batasuna izan da hautagaiek ahotan izan duten gai nagusia, eta, beraz, hautesleen erabakiak Zipre berriz batzeko ahaleginei susperraldi berria emango diela uste dute adituek.
Kassulidesek DISY Zipreko Alderdi Demokratikoaren sostengua du, eta iragan otsailaren 17an egindako bozen lehen itzulian bera izan zen boto gehien eskuratu zituena. Tarte oso txikiarekin bigarren gelditu zen Khristofias, AKEL Zipreko Langileen Alderdi Progresistaren babesarekin. Lehenengoak botoen %33,51 eskuratu bazituen, bigarrenak %33,29 lortu zituen.
Tassos Papadopulos orain arteko presidenteak ez du bigarren itzulira iristea lortu. Orain bost urte AKEL alderdiak emandako sostengua erabakiorra izan zen kargua eskuratzeko orduan, oraingoan baina, Khristofesen alde egitea erabaki du alderdi komunistak.
Papadopoulos lehiatik kanpo gelditu ondoren, lehenengo itzulian horren alde egin zuten alderdiak gainontzeko bi hautagaien aldeko jarrera hartu behar izan dute. EDEK Alderdi Sozialista izan dalehena Khristofiasi bere sostengua ematen. Jarrera bera hartu dute DIKO zentroko alderdiak eta Mugimendu Ekologistak. Ia segurua da horregatik, hiru alderdiek emandako sostenguari esker, baita alderdi komunistak babestuta ere, Khristofiasek garaipena eskuratuko duela gaurko bozetan, eta, ondorioz, bost urteko presidente kargurako izendatuko dutela.
Zipreko Errepublikako alderdien jarrerei esker, iragarpenek hautagai komunistaren alde egiten badute ere, zenbait analista politikok ez dute hain argi ikusten Kassulidesek lehia galduko duenik. Horien ustez, hautesleek alderdiek hautagai bati zein besteari emandako sostenguarekin bat egingo duten jakitea zaila da; horregatik, kargua eskuratzeko borroka estua izan liteke.
ZIPRE ETA ALDERDIEN BATASUNA. Zipre uhartea 1974tik dago banatuta, Turkiak iparraldeko eremua inbaditu eta okupatu zuenetik. 1983an Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuen, baina Ankarak baino ez zuen aitortu. Greziar jatorriko eta turkiar jatorriko zipretarrak hiru hamarkadez negoziatu dute uhartearen geroa, NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean. Hala ere, uhartea batzea ekarriko lukeen akordiorik ez dute lortu gaurdaino.
Diferentziak-diferentzia, hautagai guztiek uhartearen batasunaren alde zuzendu dituzte beren kanpainak. «Bozak irabaziko ditugu, gure Estatua, gure herria, bere erakundeak eta ekonomia batuko dituen irtenbidean sinesten dutelako», adierazi du Khristofiasek. Kassulidesek lankidetza nazionala proposatu du, konponbidea lortzeko helburuarekin.
Komunistak dira faborito Zipren egingo dituzten presidentetzarako bozetan
Kassoulides hautagai kontserbadorea eta Christofias komunista dira gaur lehiatuko direnak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu