UHOLDEAK GUATEMALAN

Komunitate indigenetara laguntza ez dela iritsi eta bakartuta daudela diote

GKEen arabera, 118 izan daitezke inkomunikatuta dauden komunitateak

Kristina Berasain Tristan.
2005eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Komunitate indigenetara nazioarteko laguntza oraino ez dela iritsi eta horietako hainbat oraindik ere bakartuta daudela salatu zuten atzo inguruan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek. Hainbat informazio iturriren arabera, bakartuta dauden komunitateak 118 izan daitezke. Luizien ondorioz, lehendik jada baldintza kaskarretan zeuden errepideak moztuta gelditu dira eta ibaiek gainezka egin dute hainbat eremutan. Salbamendu taldeetako kideak hainbat lekutara ezin izan dira iritsi.

Komunitate indigenek izan dituzte kalte handienak hondamendian. Guatemalako Gobernuari kudeaketa kaskarra egitea leporatu zioten atzo indigenek eta nazioarteko erakundeek. «Oscar Berger presidenteari itsaso aldeko ingurua interesatzen zaio eta ez gurea; izan ere, bertan enpresaburu aberatsak daude». Santiago Atitlango Garapen eta Jarraipen Batzordeko presidente Diego Chiquibalen adierazpenak dira. Indigenak dira bertan bizi diren herritar gehienak.

Santiago Atitlango komunitate indigenak bizi diren udalerriek izan dituzte kalte handienak. Panabaj batez ere. Lokatzaren azpian ehunka gorpu daude. Atzo hobi komun bat egin zuten orain arte ateratako gorpuak lurperatzeko, baina eremua lur sandua edo hilerria izendatzea aztertzen ari dira agintariak izurriteak saihestu ahal izateko. Une honetan izurrite arriskua handia dela ohartarazi zuten. Guatemalako Osasun ministro Marco Tulio Sosak ingurura mediku eta boluntario taldeak bidali dituztela jakinarazi zuen atzo.

Ikur gorriak

Stan ekaitz tropikalak eragindako hildako ofizialak 652 dira Guatemalan. Kopuru hori baina hirukoiztu egin daitekeela aurreikusi dute agintariek. Galduta dauden pertsonak, ildo horretan, hiru mila inguru dira eta hondamendiak kaltetutako pertsonak, berriz, 3,5 milioi dira. Lokatzaren azpian gutxienez 100.000 animaliaren gorpuak daudela zehaztu zuten atzo.

«Nire etxea hemen zegoen, baina jada ez dago ezer. Lur azpian gelditu da». Juan Manuel Rabinal gaztea bere amonarekin bizi zen Panabajen. Suhiltzaileek kolore ezberdinetako ikurrak gorriak, berdeak eta horiak jarri zituzten atzo komunitatean zapaltzen ahal diren eta ezin diren guneak seinalatu ahal izateko. Ikur gorriak ikus zitezkeen han eta hemen. «Hondamendi ikaragarria izan da hemen. Dena dagoen bezala uztea eta ingurua kanposantu izendatzea litzateke egokiena». Suhiltzaile baten iritzia da hori. Tokian tokiko agintariek eta herritarrek erabaki hori hartu edo ez eztabaidatu behar zuten atzo. Biktimen senideek gorpuak atera nahi dituzte lokatzetik.Zortzi eguneko euri etengabearen ondoren, atzo ateri zen Guatemalan.

elena chiquibal -panabajeko zinegotzia

«Indigenok geure kabuz aurrera egitea ezinezkoa da»



Panabaj komunitate indigenako zinegotzia da Elena Chiquibal. Santiago Atitlan Udalaren baitan dago komunitate maia. Tzutujil hizkuntza hitz egiten dute eta orain arte komunitatearen egoera larria bazen hondamendiaren ondoren erabat lur jota daudela adierazi dio berriari. Panabaj hitzaren esanahia harrien arteko lekua da tzutujilez. Lokatz artean dago orain komunitatea.

Zein da egoera une honetan?

Egoera oso larria da. Panabaj komunitatea lur azpian gelditu da erabat. Bost kilometroko eremua gelditu da lur azpian. Hildakoen eta desagertuen zerrenda bat egiten ari gara une honetan eta kopurua lau milara igo daitekeela uste dugu. Herritarren laurden bat hil dela esan dezakegu. Etxea galdu duten herritarren kopurua handiagoa da. Bost mila pertsona inguru daude une honetan aterpeetan. Komunitate ugari gelditu dira etxerik gabe.

Panabaj hilerri izendatzeko asmoa al duzue?

Biktimen senideek gorpuak ateratzeko eskaera egin digute eta gaur goizean [atzo] beraiekin bilduko gara erabakiren bat hartzeko. Arazo da izurriteak zabaltzeko arriskua oso handia dela une honetan eta, hartara, zonalde bat leku saindu izendatuko dugu datozen orduetan. Bertara ezin izango da inor sartu. Kiratsa jada handia da eta jendea, umeak bereziki, goitigalearekin eta beherakoarekin daude. Mediku gutxi ditugu hemen.

Salbamendu lanekin jarraitzen al duzue?

Bai baina oso zaila da. Lokatzak bost metroko altuera hartu zuen eta azpian dauden gorpuak ateratzea zaila da oso. Hainbat gorpu atera dituzte, hala ere, azken orduetan. Atzo iluntzean [herenegun] hiru umeren gorpuak atera zituzten, tartean, hiru hilabeteko haurtxo batena. Gorpuak barreiatuta daude, lokatz azpian batzuk eta lakuaren uretan beste batzuk.

Nola izan zen hondamendia?

Ikaragarria izan zen. Komunitate indigenak garapen bidean gaude eta ez ditugu beste herrietan dituzten baliabideak horrelako egoera bati aurre egin ahal izateko. Une horretan zer egin ez genekiela egon ginen. Neurriak hartzeko baliabiderik gabe gaude. Hondamendiaren unean argindarraren, telefonoaren eta uraren sareak etenda gelditu ziren eta errepideak moztuta. Inkomunikatuta geunden. Luiziak hasi ziren eta salbamendu lanak abiatzeko modurik ez zegoen. Gobernuz kanpoko erakundeen laguntza iristen hasi zen pixkanaka eta orduan ohartu ginen hondamendiaren tamainaz. Nazioarteak berreraikuntza lanetan sostengua ematea espero dugu orain. Nazioarteak abandonatuta ez ustea espero dugu. Indigenak gure kabuz soilik aurrera egitea ezinezkoa da. Guatemalan barne gatazka armatu bat dagoela ez da ahaztu behar.

Gauez gertatu zen hondamendia, ezta?

Bai. Goizaldeko ordu biak ziren. Ekaitz tropikalaren eurite etengabeek luiziak eragin zituzten sumendiaren magalean eta lokatzaren tamaina ikaragarria zen. Harriak eta zuhaitzak zeuden tartean. Jendea lotan zegoen euren etxeetan eta zerbait gertatzen ari zela ohartu ziren pertsona urriak ezin izan zuten ihes egin argindarrik ez zegoelako eta, ondorioz, ez zelako ezer ikusten. Telefonorik ere ez zegoen. Inkomunikatuta geunden.

Gertatzen ahal zenaren aurreikuspenik ez al zenuten egin?

Guatelaman dagoen arazoa eta bereziki komunitate indigenetan da ez direla aldez aurretiko neurriak hartzen hondamendiei aurre egin ahal izateko. Zonalde hauek eraikinak egiteko egokiak diren jakiteko ez da inoiz ikerketarik egin eta orain, berreraikuntza lanak hasi aurretik, ikerketa horiek egitea espero dugu. Teknikoen beharra dugu.

Komunitate indigenak izan al dira kaltetuenak?

Bai. Horrela izan da. Indigenak eguneko bi edo hiru dolar irabazten dituzte hemen bataz beste lau seme-alaba elikatzeko. Populazioaren %90 pobrezian bizi da eta gosearen arazoaz gain, bazterkeria eta langabezia pairatzen dituzte. Inork nahi ez dituen lurretara eraman gaituzte eta orain genuen eskasa galdu dugu. Gobernuak ez du egitasmorik gure egoera hobetzeko.

Oscar Berger presidentea zonaldera joatekoa da. Zer eskatuko diozue?

Gurekin konprometitzea eskatuko diogu: berreraikuntza lanetan sostengua eta oinarrizko laguntza ematea eskatuko diogu. Larrialdi egoera izendatzea eskatuko diogu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.