NBE Nazio Batuen Erakunderako txostenak egin ditu maiz Fantu Cheruk, baita hainbat gobernuz kanpoko erakundetarako ere. Afrika da bere ikerketen xedea eta horretan da aditua. Egun AEBetako Unibertsitateko irakaslea da Washingtonen. Afrikako egoera politikoa eta herrialdearen garapenaz idatzi dituen liburuek oihartzun handia izan dute nazioartean. Aintzira Handien Lurraldean gertatzen ari denaz mintzatu da Berriarekin.
1994. urteko sarraskiaren ondoren hauteskundeak egin berri dira Ruandan eta Paul Kagamek lortu ditu bozen %95. Hauteskunde prozesuaren zuzentasuna zalantzan jarri da. Demokratikoak izan al dira bozak?
Sarraskiaren ondoren trantsizio prozesua egon da, baina ezin da demokraziaz hitz egin. Alderdi bakarreko hauteskundeak izan dira; izan ere, oposizioko alderdiak debekatu dituzte. Herritarrek ez dute libreki bozkatzeko aukera izan. Ez dut uste horri demokrazia deitu ahal zaionik, demokraziak konpetentzia gehiago eskatzen du. Gainera, gehiengoa hutua den herrialde batean ezin duzu gizartea ordezkaritzarik gabe utzi. Hauteskundeak egonkortasunaren aldeko apustua izan dira eta ez demokraziaren aldeko apustua.
Ruandak eragin zuzena izan du Kongoko Errepublika Demokratikoan izan gerran. Paul Kagamek bake hitzarmena sinatu zuen. Iturin dauden baliabideak bereganatzeko asmoa ikusi dute askok Kagameren jarreraren atzean. Ados al zaude?
Kagamek estrategia geopolitikoa du ziurtatzeko sarraskian zerikusia izan zuen jendeak ez ditzan Ruandan arazoak sortu.
Udan transizioko gobernua osatu zen Kongon eta lehentasuna gerrari amaiera ematea zen. Alta, sarraskiak jarraitzen du. Zein da egoera?
Kongon ez dago aginte nagusirik; Kongo ez da herrialde bat, inorena ez den lurraldea baizik. Herrialdea egongaitza da eta egonkortasuna eskuratzen ez den bitartean Ruandak eta Ugandak beren estrategiei eutsiko diete.
Zer arrazoi daude gerraren atzean?
Arrazoi asko daude betiereko gatazka honetan: manipulazioa etengabea da. Frantzia, Belgika, AEB Ameriketako Estatu Batuek... denek nahi dituzte bertan dauden bitarteko naturalak eskuratu eta hori lortzeko demokratikoa ez den gobernua ezarri nahi dute, gizartea ordezkatzen ez duen gobernua. Gatazka ulertzeko nazioartekoaren esku-hartzea ulertu behar da eta sorreraren garaira atzera egin. Arazoa historikoa da.
Ituriko eskualdean dauden lehengaiak bereganatzeko asmoa da orduan gatazkaren sorburua?
Bai. Beste herrialde batzuetan ere gerrak izan dira bitarteko naturalengatik ere, Angolan adibidez. Denek dakite Kongo duty free denda bat dela eta denek sartu nahi dute denda horretan. Inoiz ez da benetako garapenik egongo bitartekoak hezkuntzan, osasunean... erabiltzen ez diren arte.
Nazioarteko enpresak ere tartean daudela aipatzen da.
Bai. Kabila hiriburura iritsi zenerako ere, nazioarteko enpresari ugari zeuden han. Denek nahi dituzte bitartekoak eta beren interesak babestuko dituen gobernua.
Hainbat adituren ustez etnien arteko borrokak gerraren benetako arrazoiak ezkutatzeko aitzakia bezala erabiltzen dira...
Hala da. Gatazkaren manipulazio politikoa egiten da. Erresistentzia taldeak manipulatuta daude. Talde horiek ez dute agenda politikorik, berez.
Kongoko trantsizioko gobernuan oposizioko kide eta gerrillariak daude. Gatazka konpontzen lagun dezakeela uste duzu?
Oposizioko talde batzuek parte hartzen dute Gobernuan, baina badaude parte hartzen ez dutenak ere. Komenientziaren araberako gobernua da. Ez dago aliantza politikorik. Arazoa da oposizioko taldeek ez dutela sustrairik herritarren artean. Ez dago mugimendu politiko berririk herriaren sostengua duenik.
AEBek oso harreman estua dute Afrikako hainbat herrialderekin. Oraintsu Ruandari armak erosteko bahimendua kendu diote. Zer arrazoi ikusten duzu erabaki horren atzean?
AEBetako politika irailaren 11ko erasoek erabat baldintzatuta dago eta agenda horretan demokraziak zein giza eskubideek ez dute lehentasuna, terrorismoaren kontrako borrokak baizik. AEBek estrategikotzak jotzen dituen herrialdeak laguntzen dituzte.
«Kongo 'duty free' denda bat da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu