Kongo eta Ruanda artean soldadu gehiago jartzearen alde dago Hollande

Nazio Batuek Haitin duten misioa beste urtebete luzatuko dute, baina soldaduak gutxituta

Erredakzioa
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gatazka baretu eta «bakea errotzeko», Ruandarako mugako militarizazioa handitzearen alde agertu da François Hollande, Frantziako presidentea. Frantses hiztunen Nazioarteko Erakundeak antolatutako goi bileran egin ditu adierazpenok; Hollanderen hitzetan, Kongoko mugak «ukiezinak» dira, eta begi onez ikusten du NBE Nazio Batuen Erakundeak han duen misioa handitzea. Oraintxe, 22.000 soldadu ditu han NBEk.

Kinshasan, Kongoko Errepublika Demokratikoko hiriburuan, egin dute frantsesa hizkuntza ofizialtzat daukaten herrialdeen goi bilera, ostiraletik gaur arte. Ingurumeneko eta ekonomiako auziak munduko gobernuaren aurrean zen gaia; giza eskubideez, Afrika erdialdeko krisiaz eta frantses hizkuntzaren egoeraz aritu dira hogeiren bat herrialdetako ordezkariak. Isidore Nday Well antolaketa batzordeko kideak esandakoaren arabera, Kongoko gatazka amaitzeko bideak bilatzea ere bazen bilkuraren helburuetako bat. Izan ere, Kongo ekialdeko Martxoaren 23 mugimenduaren matxinadek aski gaiztotu dute Kongoren eta Ruandaren arteko harremana, Kongok matxinoak babestea egotzi diolako bizilagunari. Ruandak ukatu egin du hori.

Haitin ere, tropak luzerako

Topaketa horretan bertan, lehenengoz bildu dira Hollande eta Michel Martelly Haitiko presidentea, bi herrialdeen arteko harremanaz eta proiektuez hitz egiteko. Izan ere, NBEren Segurtasun Kontseiluak erabaki du Nazio Batuek Haitin duten misioa beste urtebete luzatzea, baina nazioarteko tropen kopurua txikituta eta soilik hiri batzuetara murriztuta, «segurtasuna bermatzearren». Orain,7.340 soldadu daude, eta 6.270era jaitsiko dituzte, eta poliziak, 3.241etik 6.270era gehituko. Nazio Batuek 2010etik dituzte tropak Haitin, Richter eskalan 7 graduko lurrikara batek irla suntsitu zuenetik. Ordutik, Haitiko hainbat herritarrek salatu dute soldaduen aldetik tratu txarrak eta sexu erasoak izan dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.