Rafael Correaren gobernuak eta alderdi eskuindarrek berriro ere indarrak neurtuko dituzte hautestontzietan. Gaurko erreferendumean Ekuadorren politika eredua dago jokoan, esparru instituzionala eraldatzeko eta Konstituzio berria egiteko aukera, Asanblea Konstituziogilea sortzeari baiezkoa ematen badiote herritarrek. Emaitza aldekoa bada Asanbleak -eta beraz, Correaren gobernuak-, botere mugagabeak izango ditu aldaketak egiteko, eta eskuindarren alderdi tradizionalak indargabetzen saiatuko da, oposizioa azpiratzea oso zaila izango duen arren.
Correa presidentearen alde jarri dira inkestak: baiezkoak gutxienez botoen %60 jasoko duela diote, baina ez du erraz izango, gehiengo absolutua aterata soilik izango baitu balioa herri galdeketak. Gainera, boto baliogabeak eta zuriak ezezkoari gehitzen zaizkio.
Presidenteak joan den urtarrilaren 15ean kargua hartzerakoan zin egin zuen Ekuadorko egoera errotik aldatzen saiatuko zela, eta horretarako lehen urratsa Asanblea Konstituziogilea sortzeko prozesua bultzatzea izango zela. Horrela egin du, baina ez oztoporik gabe. Hauteskunde prozesua zabaltzeak Kongresua geldiarazi du hilabetez, eta Gobernuaren kontrako 57 diputatu kargugabetu egin dituzte bidean -100 dira guztira-. Erreferendumaren prozesua Gobernuaren aldekoen eta oposiziokoen arteko liskar bortitzek zipriztindu dute.
KONGRESUA ERABAT HAUTSITA. Joan den asteartean Kongresua normaltasun itxura ematen saiatu zen jarduna berreskuratuta, baina martxoaren 7an kargugabetutako 57 diputatuen ordezkoekin, eta eraikina mila poliziak inguratuta.Barruko etxartea ere hesitu behar izan zuten, badaezpada, diputatu ohiak helikopteroz iristen baziren. Hilabete honetan etengabe saiatu dira Kongresuan sartzen. Arrakastarik gabe.
Otsailaren 14an 54 diputaturen baiezkoa eskuratu zuen erreferendum prozesua abiatzeak, baina Hauteskundeen Auzitegi Gorena zeregin horretan jarri zenean hasi ziren arazoak. Asanblea Konstituziogilea sortzearen kontra dauden diputatuek dokumentu bat sinatu zuten auzitegi horretako presidente Jorge Acosta eta beste lau epaile ordezkatzeko. Hauteskundeen Auzitegiak, baina, diputatuok kargugabetu zituen Kongresuko presidente Jorge Cevallosen -oposiziokoa- onespenarekin. Horren ondorioz, urtebetean diputatu kargua eta eskubide politikoak galdu dituzte.
Oposizioa oso haserre dago, eta hori erakusten saiatu da kanpaina osoan zehar. Correa presidenteak Hugo Chavez Venezuelakoaren «diktadura» ezarriko duela izan dute lelo nagusia, Chavezen estiloa ez baitute oso gustuko ekuadortarrek; Correaren estiloa moderatuagoa da. Presidenteak argitu du, hala ere, Ekuadorko prozesua soilik hangoa dela, eta pobreen bizitza hobetzeko aukera historikoa dela, «elitearen boterea murrizteko aukera historikoa».«Alderdikraziarekin» amaitu nahi du, «esplotatzaileen jokoarekin».
Presidentetzarako hauteskundeetan lehiakide izan zuen Alvaro Noboa eskuindarraren PRIAN alderdia da Kongresuan boteretsuena eta Correaren helburuei galga jartzeko interes gehien duena. Noboa Ekuadorko pertsonarik aberatsenetakoa eta boteretsuenetakoa da. PRIANek kanpainan herritarrei beldurra sartzea izan du estrategia: «Demokrazia iraganeko kontu bat da Ekuadorren. Jada nabaritzen hasi gara sozialismoaren ondorioak, eta hau ez da hasiera besterik. Correaren diktaduraren alderik okerrena ikusteko daukagu», errepikatu du Noboaren alderdikide Silka Sanchezek, diputatu ohietako batek. Baina alderdiaren barruan ere krisia eragin du Kongresuan gertatutakoak, bertako presidente Cevallosek haien kargugabetzea onartu baitzuen. «Ez iezadazu gizon horren izena aipatu ere egin», esan dio asteon Gloria Gallardok, oposizioko eledunak, kazetari bati: «Onartezina da egin duena, baina hau ez da horrela geratuko».
9.000.000 BOZETARA DEITUTA. Ameriketako Estatuen Erakundeak (OEA) hauteskundeak ikuskatuko ditu iruzurrik egon ez dadin. Egunotan kanpaina jarraitzen aritu dira eta «konfrontazio gehiegi» somatu dute. 9.000.000 biztanlek dute boto eskubidea, baina erreferendumean atzerrian daudenek - hiru milioi- ezingo dute parte hartu. Derrigorrez eman behar dute botoa herritarrek, bestela, zazpi euroko isuna ordaindu behar dute.
Correak jende xehenaren begikotasuna dauka, eta hamarretik sei pobrezia izugarrian bizi dira. Presidenteak esan du Ekuador aldatzeko herritarron konfiantzarik ez badu dimisioa emango duela.Gaur Gobernuaren egitasmoek gehiengoaren sustengua duen argituko da.
Konstituzioa aldatzeko erreferenduma egingo dute gaur Ekuadorren
Emaitza aldekoa bada, Correaren gobernuak botere mugagabea izango du aldaketak egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu