KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Konstituzionalak debekatu arren, Generalitateak eutsi egingo dio galdeketari

Konstituzionalak tramiterako onartu du Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta horrek automatikoki utzi du indargabe igandeko galdeketarako prestaketa oro. Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak esan du parte hartze prozesu bat dela igandekoa eta eutsi egingo diotela galdeketari. Espainiako Gobernua salatuko du, adierazpen askatasuna urratzeagatik.  

Kataluniako Gobernuaren bilera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren berri izan aurretik. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
2014ko azaroaren 4a
13:28
Entzun

Izkin egin edo amore emateko ordua ailegatu da Katalunian. Zinez aste erabakigarri batean sarturik, bost egun eskas baino ez dira falta azaroaren 9ko galdeketarako. Gaur goizean oraindik airean zen kataluniarrek ezarritako datan bozkatu ahalko duten edo ez, baina Konstituzionalaren debekuaren ostean hasi da argitzen etorkizuna, arre edo so.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du, behin-behinean, igandeko kontsultarako deia. Asteroko bileran batu dira epaitegiko hamabi magistratuak. Espainiako Gobernuak jarritako helegitea izan dute aztergai. Erabaki horren ondotik, baina, Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak ziurtatu du "dena prest" dagoela eta galdeketari eutsiko diotela, "adierazpen askatasuna bermatzeko". Espainiako Gobernua salatuko duela gaineratu du, gainera, eskubide hori urratzeagatik.

Konstituzionalak aho batez bota du atzera galdeketa, helegitea tramitera onartuta. Hiru ordu inguruko bilera egin dute magistratuek. Mamia aztertzeko bost hilabete ditu orain auzitegiak. Hori horrela, auzitegiak Generalitatearen bi galdeketa ditu mahai gainean, bien mamiaz erabakitzeko. Dekretu bidez deitu zuen kontsultara aurrena Artur Masek irailean, baina hura baliogabetu zuen Konstituzionalak, tramiterako onartuta. PPren gobernuak argudiatu zuen bigarren kontsultak ez zuela nahikoa "berme demokratikorik".

Baliogabetzea indarrean dago urriaren 31z geroztik, eta, beraz, ez dute balio juridikorik iragan ostiraletik galdeketaren antolaketan eginiko urratsek. Izan ere, egun horretan aurkeztu zuen helegitea PPren gobernuak. Hogei egun ditu Kataluniako Gobernuak helegitea aurkezteko.

Orain zer?

Erabakitzeko Eskubidearen Itun Nazionala ostiralean bilduko da, 11:00etan. "Orain inoiz baino gehiago, beharrezkoa da bat egitea denok elkarrekin defendatzeko adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubide bat", esan du Homsek. Hala ere, argitu du bilera horren helburua "bat egitea" dela, ez galdeketaren ardura ituna osatzen duten erakundeen esku uztea.

Homsek ez du igandekoari buruzko xehetasunik eman; gobernuak antolaketa lanei eta informazio kanpainari eusten dien galdetuta, behin eta berriz berdin erantzun du: "Prozesu parte hartzaileari eusten diogu, ondorio guztiekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.