Katalunia

Konstituzionalak tramiterako onartu du Junquerasek Kongresuko suplikatorioaren harira jarritako helegitea

Espainiako auzitegiak adierazi du «garrantzi berezia» duela helegitea argitzeak, oraindik ez delako doktrinarik ezarri auzi juridiko horren gainean.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua (erdian), eta alboan Raul Romeva Kataluniako kontseilari kargugabetua duela, iazko otsailean, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan. J.J. GUILLEN / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 5a
15:13
Entzun

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak Espainiako Auzitegi Gorenaren auto baten kontra aurkeztutako helegitea tramiterako onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Auto horretan, Gorenak ebatzi zuen ez zela beharrezkoa Espainiako Kongresuari suplikatorio eskaria egitea Junqueras epaitzeko, hura 2019ko apirileko hauteskundeetan diputatu aukeratua izan zen arren. Raul Romeva Kataluniako Atzerri Gaietarako kontseilari kargugabetuak ere helegitea aurkeztu zuen arrazoi berarengatik, eta Konstituzionalak tramiterako onartu du helegite hori ere. Romeva senatari hautatu zuten iazko apirileko hauteskundeetan.

Gorenak argudiatu zuen legez kontrakoa litzatekeela ahozko epaiketa fasean den auzi batekin aurrera jarraitu ahal izateko organo parlamentario baten onarpena behar izatea. Nabarmendu zuen Junqueras eta Romeva auzipetuta zeudela diputatu eta senatari aukeratuak izan aurretik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren iritziz, Junquerasek eta Romevak aurkeztu dituzten helegiteek «garrantzi berezia» dute, auzitegi batek inoiz argitu gabeko egoera bati erantzuten diotelako. Beraz, Konstituzionalaren erabakiak jurisprudentzia ezarriko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.