Kataluniaren balizko independentzia dela eta, mugitzen ari da PP. Espainiako Kongresuan presazko lege ekinbide bat erregistratu du, Auzitegi Konstituzionalak eskumena izan dezan bere ebazpenak betetzen ez dituena zigortzeko. Rafael Hernando Espainiako Kongresuko PPko bozeramaileak esan du horrek "frogatzen" duela "inork" ez duela Kataluniaren independentzia onartuko.
Presazkotzat jota, indarrean dagoen legealdian onar dezakete lege ekinbidea. Epeak laburtuko ditu horrek, eta ez dute gaia Kongresuko batzordean landu beharko. Espero da Kongresuak irailaren 27 osteko astean onartzea, gero senatuan eman diezaioten oniritzia.
Aurrera eginez gero, Auzitegi Konstituzionalak eskumena luke ebazpenak betetzen ez dituztenak beren arduretatik kentzeko eta 3.000 eta 30.000 euro arteko isunak jartzeko. "Broma amaitu da", esan du Xavier Garcia Albiolek, Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetarako PPren hautagaiak.
Merkel, Rajoyren alboan
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak bi eguneko topaketa egin dute, eta gaur egin dute hitz egindakoei buruzko azalpenak emateko agerraldia. Egoera ekonomikoaz gain, "Katalunian gertatzen ari dena" izan dute hizpide.
Bilera baino egun batzuk lehenago, Espainiako hainbat hedabidek argitaratu zuten Rajoyk Espainiaren batasunaren aldeko mezu publikoren bat espero zuela Europako zenbait agintariren aldetik, eta hala egin du Merkelek. Kazetarien galderei erantzunez, erantzun du "legeria nazionala eta internazionala errespetatu" egin behar direla eta Europako Batasuneko itunek estatuen batasuna bermatzen dutela. Katalunia estatu independente izanez gero Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeen galdetuta, ordea, Merkelek ez du erantzun.
Lau aste baino gutxiago falta dira Katalunian plebiszitu kutsua duten hauteskundeak egiteko, eta, asteon, enpresariak sartuko dira eztabaidan. Kataluniako Merkataritza Ganberaren Kontseiluak eta Pimec, Cecot eta FemCat patronalek ekitaldi bat egingo dute ostegunean, erabakitzeko eskubidea babestu eta irailaren 27ko bozen inguruko jarrera zehazteko. Ara egunkariaren arabera, "erabateko babesa" adieraziko diote prozesu subiranistari.
Ekimen horrekin ez dute bat egingo Foment del Treball Kataluniako patronal nagusiak eta hari atxikitakoek. Horiek dokumentu bat helaraziko diete alderdi politikoei, hauteskundeetarako zenbait proposamen ekonomiko eginez eta Kataluniak Espainiako Estatuan jarraitzea babestuz. Halaber, agiri horretan kezka agertuko dute hainbat alderdik bozei plebiszitu izaera eman nahi dietelako.
Gonzalezen ondoren, Aznar
Zeresana eman du Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak asteburuan El País egunkarian argitaratutako artikuluak. Gonzalezek "legez kanpoko abentura arduragabean ez erortzeko" eskatzen die gutun horretan katalanei, eta ez jarraitzeko "Espainiatik deskonektatzeko ideiari".
Gonzalez kanpainan sartu ostean, beste horrenbeste egin du Espainiako Gobernuko beste presidente ohi batek; Jose Maria Aznarrek. Gonzalezen hitzak txalotu ditu, eta salatu Katalunia "urratzen" ari dela bere buruzagien "arduragabekeriagatik". Hala ere, ohartarazi du Espainia ez dela "inola ere hautsiko".