Katalunia

Kontseilarien izenak argitaratzeari uko eginez, 155. artikulua mantenduko du Madrilek

Quim Torrak larunbatean jakinarazi zuen gobernu berrian bi preso eta bi erbesteratu daude. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek 155. artikulua mantentzea erabaki dute, gobernu berria osatzean kentzekoak baziren ere.

Sanchez eta Rajoy, aste honetan egin duten bileran. EMILIO NARANJO, EFE
2018ko maiatzaren 21a
11:02
Entzun

Torrak Generalitate berriaren osaera jakitera eman orduko esan zuen Espainiako Gobernuak ez zaiola gustatu han presoak eta erbesteratuak egotea, eta abisu eman zuen saiatuko zela haien kargu hartzea oztopatzen. Atzo jakin zen, izendapena oztopatu ez ezik, Kataluniako Gobernuari ahalmenak ez itzultzea ere erabaki duela. Hau da: 155. artikulua aplikatzen jarraituko du.

Erabaki horren erakusle, Espainiako Gobernuak Kataluniako Gobernuko kontseilaritzen eskumenak sortzeko, izendatzeko eta zehazteko dekretua argitaratu du, gaur, Generalitateko Egunkari Ofizialean; baina ez du argitaratu kontseilarien izendapenerako deketrua. Madrilek kontseilarien izendapena eragotzi du, "bideragarritasun arazoak" izan ditzakeela arrazoituta, dekretua aztertu arte.

Larunbatean hitz egin zuen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak Pedro Sanchez PSOEko buruarekin eta Albert Rivera Ciudadanosekoarekin, eta hainbat iturrik zabaldu dutenez, 155. artikulua ez kentzea erabaki zuten. Espainiako Gobernuak hura indarrean jarri zuenean gobernu berria osatutakoan indargabetuko zuela jakinarazi zuen, eta orduz geroztik ere behin baino gehiagotan esan du hori dela asmoa. Egiaren orduan, baina, atzera egin du, eta ez duela kenduko jakinarazi du. Berak mantenduko dituela Kontseilaritza guztien botereak.

Horretarako hartu duen bidea, Gobernua eratzea galeraztea da. Izan ere, Boletin Ofizialean argitaratu behar dira Kontseilarien izenak, haiek kargua hartu aurretik. Aldizkari Ofizialaren kudeaketa Espainiako Gobernuaren esku dago 155. artikuluari esker, eta hori baliatuta, gobernua osatzea galerazi du Rajoyk, nahiz eta egiteko modua badagoen.

Hala, Generalitateko idazkariari baimena eman dio Gobernu berriaren egitura jasotzen duen dekretua argitaratzeko, baina Kontseilarien izenak biltzen dituen dekretua ez argitaratzeko agindu dio. Hura aztertu egin behar duela jakinarazi dio idazkariari, gutun bidez.

Jordi Turull eta Josep Rull dira Kontseilari izandatutako bi presoak. Haiek, asterazkeneko kargu hartzean egon ahal izateko baimena eskatu zioten epaileari. Eta gaur, Rajoyren jakinarazpenaren ostean, salatu dute beraiek indarrean dituztela eskubide politiko guztiak, eta haien izenak buletinean ez argitaratzea "prebarikazioa" egitea litzatekeela. Txio bana idatzi dute salaketarekin.

Torrak Madrilgo espetxeetara egingo du bisita, gaur, kontseilari ohi espetxeratuekin biltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.