Suedia

Kontserbadoreek eskuin muturraren kanpoko babesarekin gobernatuko dute

Kristerssonek jakinarazi du gehiengo osorik ez duen koalizio bat osatu duela demokristauekin eta liberalekin. Erreaktore nuklearrak eraikitzea eta immigrazioa txikitzea adostu dute, besteak beste.

Ulf Kristersson Alderdi Moderatuaren buruzagia —ezkerretik bigarrena—, gaur, legealdirako akordioa aurkezten, eskuineko blokeko aliatuekin. JONAS EKSTROEMER / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 14a
13:24
Entzun

Bi agintaldiren ostean, eskuineko blokea boterera itzuliko da Suedian. Ulf Kristersson M Alderdi Moderatuaren buruzagiak jakinarazi du koalizio bat osatu duela KD Kristau Demokratekin eta L Liberalekin, eta hirurek SD Suediako Demokraten kanpoko babesa izango dutela, hori ezinbestekoa baitute parlamentuan aulkien gehiengo osora iristeko. «Hiru alderdiko gobernua izango da Moderatuarena, Kristau Demokratena eta Liberalena. Gobernuak modu estuan egingo du lan Suediako Demokratekin», azaldu du Kristerssonek. Eskuin muturrak, hortaz, eragin handia izango du koalizio gobernuaren egunerokoan; lehen aldiz, gainera.

Lau alderdietako buruzagiek elkarrekin egin dute gobernabide akordioaren berri emateko agerraldia. Kontserbadoreen buruzagiaren arabera, «seriotasun handiz» hartu dute boto emaileek gobernua osatzeko eman dieten agindua: «Aldaketa beharrezkoa da, eta lau alderdiok aldaketa hori eskaini dezakegu».

Itunaz xehetasun gutxi eman dituzte, baina indar politikoetako ordezkariek arreta jarri dute energia krisiaren aferan, eta Ebba Busch KDren buruzagiak azaldu du erreaktore nuklear gehiago eraikitzeko asmoa dutela datozen urteetan. Argudiatu duenez, Suediak «klima aldaketari aurre egin behar dio», betiere «familien finantzak suntsitu gabe»; hala, helburutzat jarri du erregai fosilik gabeko energia izatea.

Azken urteotan herrialdeko hamabi erreaktoretatik sei itxi dituzte, baina badirudi Ukrainako gerrak eragindako ondorioek politikari askoren iritzia aldarazi dutela, Suedian ez baitute oraindik alternatibarik aurkitu. Jarrera horren erakusle da 2014tik hona agintean izan den S Sozialdemokratak alderdia: erreaktore gehiago eraikitzearen aurkakoa zen, baina aurten esan du energia nuklearra «beharrezkoa» izango dela.

Koalizioa osatzeko negoziazioak espero baino gehiago luzatu dira, eta horren erakusle da Kristerssonek bi eguneko luzapena eskatu zuela herenegun, akordio bat lortzekotan zegoela argudiatuta. Suediako hedabideen arabera, desadostasunik handienak liberalen eta eskuin muturrekoen artekoak izan dira, Lkoek SDren eragina ahalik eta gehien txikitu nahi baitzuten.

Orain arte, eskuineko blokeak gutxiengoan gobernatu izan du, uko egin baitzion eskuin muturraren babesa jasotzeari. Aurten, ordea, jarrera aldatzea erabaki zuen, eta atea ireki zion SDren sostengua jasotzeari, nahiz eta liberalak ez dauden horrekin gustura.

«Paradigma aldaketa bat»

Hain justu, Jimmie Akesson SDren buruzagiak gaurko agerraldian aitortu du gobernuaren parte izan nahi zuela, baina, halere, aldarrikatu du influentzia izango duela «paradigma aldaketa bat» lortzeko helburuan.

Kanpainan iragarri bezala, Akessonek azaldu du immigrazioa txikitzea izango dela lehen helburuetako bat; besteak beste, suediar nazionalitatea lortzeko irizpideak gogortuta. «Suediako asilo arauak ez dira izan behar zuzenbide komunitarioak behartzen gaituena baino eskuzabalagoak», eskuin muturrekoen liderrak argudiatu duenez.

Joan den irailaren 11n egin zituzten parlamenturako hauteskundeak. Sk irabazi zituen berriz ere, botoen %30,3 eta 107 aulki bilduta, baina eskuineko blokeak ezkerrekoak baino ordezkaritza handiagoa lortu zuen; are, eskuin muturra kontserbadoreen aurretik geratu zen, eserleku gehien izango duen bigarren indarra bilakatuta, eta, hortaz, Akessonen indarrak politikoak datorren legealdian lehen ministro izango denarenak baino aulki gehiago izango ditu.

Zehazki, SDk 73 diputatu izango ditu; Mk, 68; KDk, hemeretzi; eta Lk, hamasei. Hau da, agintean gutxiengoan egongo den koalizioak 349 ordezkaritik 103ren babesa luke ziurtatua, eta, beraz, ultraeskuindarren diputatuek, lehen aldiz garrantzi handia izango dute agintean dagoen koalizioaren gobernabidea bermatzerakoan.

Printzipioz, datorren astelehenean egingo dute parlamentuan lehen ministroa aukeratzeko bozketa, eta hitzordu horretan babesa ziurtatua izango du Kristerssonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.