Kontuak eskatzeko unea

Ameriketako Goi Bileran, Kubaren parte hartzea txalotu dute agintariek, baina Obamari kargu hartu diote, Venezuelarekiko politikarengatik.Segidan, bilera historikoa egin dute Obamak eta Castrok

Estatuburuen goi bilera ofizialetik kanpo, lehenbiziko bilkura egin dute Raul Castro Kubako presidenteak eta Barack Obama AEBetakoak. PANAMAKO GOBERNUA / EFE.
Samara Velte.
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barack Obama eta Raul Castro elkarren ondoan eserita. Hizketan. «Hau historikoa da, jakina», estatubatuarrak. «Pazientzia izan behar dugu», kubatarrak. Eta argazkilariak histeriko. Hitzaldiak emanak ziren aurretik Ameriketako VII. Goi Bilerako gainerako estatuburuen aurrean, baina bilera egin zuten segidan bien artean. Elkarren arteko agurrak ere aztoratu zituen kazetariak ordu batzuk lehenago. Gehien esperotako unea zen AEBetako eta Kubako presidenteen arteko bostekoa. Bi aldeek ongi zaindu dituzte keinuak, elkarrekiko ezinikusi diplomatikoak alde batera uzteko borondatearen adierazle.

Panamako topaketan egin dituzten hitzaldietan ere horixe nabarmendu nahi izan dute Wa-shingtongo eta Habanako ordezkari gorenek. Obamak jakinarazi du dagoeneko eskatu diola AEBetako Kongresuari Kubaren aurkako bahimendu ekonomikoa bertan behera uzteko neurriak har ditzala, eta adierazi du prest dagoela «fase berri bati ekiteko» Habanarekiko harreman diplomatikoetan: «AEBak ez dira euren iraganaren gatibu izango».

Castrok Obamaren «ausardia» laudatu du. Hitzaldi luzeena izan da berea, eta ikusmin handiena piztu duena. «Bazen garaia neuk hemen hitz egin ahal izateko. Sei goi bilera zor dizkidate». Kubak iraultza sozialistaz geroztik sufritu duen bazterkeria salatu du, eta AEBek ipinitako blokeoa jarri du horren adibidetzat. «Bahimendua da gure ekonomia garatzea eragozten diguna. Nazioarteko legedia urratzen du, eta ez da kasualitatea Nazio Batuen Erakundeko kide guztiak haren aurka egotea, Israel eta AEBak izan ezik». Begirada apalduta aditu dio errieta Obamak. Amaieran, Castrok barkamena eskatu dio, «blokeoa ez delako haren errua», eta hark aldatu ezin duen Kongresuko lege bati lotuta dagoelako: «Horregatik babestu behar dugu Obama presidentearen borroka blokeoaren aurka, eztabaida bere Kongresura eramaten ausartu delako».

Abenduan adiskidetzen hasteko asmoa agertu zutenetik, apurka egin du aurrera Washingtonen eta Habanaren arteko harremanak. Hiru negoziazio erronda egin dituzte, eta atzo bildu ziren lehenbiziko aldiz bi presidenteak. Blokeoaz gain, beste bi auzi nagusi dauzkate oraindik ebazteko: elkarren enbaxadak berriz zabaltzea, eta AEBek Kuba «terrorismoa sustatzen duten herrialdeen» zerrendatik kentzea.

Venezuela jo-mugan

AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak Kuba ere gonbidatu duenez gero, aurten kontinenteko 35 estatuek igorri dute ordezkaritza bat Panamara. Oparotasuna, parekidetasunarekin goiburua darama estatuen arteko zazpigarren topaketak, eta lelo horri heldu diote agintari gehienek euren hitzaldietan. Latinoamerikako ordezkariek hazkunde ekonomiko arduratsua eskatu dute, hura ez dadin izan gizarteko desberdintasunen eta natur baliabideen kalterako. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak estatuen arteko hezkuntza sistema bat eskatu du, pobreziari eta disparekotasunei aurre egiteko.

Ordezkari guztiek txalotu dute Kubaren parte hartzea. Aurtengo goi bilera, hain zuzen ere, nekez gauzatuko zuten hura gabe; azkenengoan, CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoak estu hartu zuen Washington, ez ziezaion Habanari Panamara joateko trabarik jarri. Nolanahi ere, AEBetako Gobernuarekiko kritika ugari egin dituzte hegoaldeko agintariek. Kubarekiko harremana normalizatze bidean, Venezuela bihurtu da haren etsai nagusi. AEBetako «segurtasunaren aurkako mehatxua» dela argudiatuta, Obamak zigorrak ipini zizkien Nicolas Maduroren gobernuko hainbat kideri martxoan. Latinoamerikako gobernuek kargu hartu diote horregatik. «Alde bakarreko isolatze politikak ez doaz inora», ohartarazi dio Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak, eta Castrok gogorarazi dio Kubak sufritutako «eraso» berbera ari dela orain Venezuela pairatzen: «Venezuela ez da, eta ezin liteke izan, AEBen moduko superpotentzia baten segurtasun nazionalerako mehatxua».

Maduro harago joan da bere hitzaldian. Dekretua atzera botatzeko eskatu dio Obamari, eta AEBak bere gobernuaren kontra prestatzen ari diren «konspirazioa» geldiarazteko: «Ez da soilik funtzionarioen aurkako zigorra; dekretu hau Venezuelaren barruko bizitzan sartzen ari da». Bera hiltzeko saialdi «militarra» ere salatu du: «Venezuela eraso bat sufritzen ari da, mehatxatuta dago. Bakea nahi dugu, eta prest gaude AEBetako Gobernuarekin hitz egiteko. Baina aurrera egitea ahalbidetuko digun harreman zibilizatu baten barruan izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.