Eskualdeetako bozak irabazi ondoren, Korsikako Kontseiluko eta legebiltzarreko presidentetzak eskuratu zituzten Gilles Simeoni eta Jean-Guy Talamonik. Garaipen historikoa izan zen abertzaleentzat, eta zenbait esparrutan alarmak piztu ditu horrek; bereziki kritikatua izan zen Talamonik soilik korsikeraz egin izana legebiltzarreko presidentetza hartu osteko hitzaldia.
Eskualdeetako presidente berriekin eginiko bileren testuinguruan hartuko ditu Vallsek Simeoni eta Talamoni, baina, irlako ordezkarien aldarrikapenek eta Parisen interesek talka eginda, ez da bilera bat gehiago izango. Zenbait gairen inguruan adostasuna lortu dute Korsikan, baina Vallsek abendu amaieran adierazi zuen elkarrizketa batean horiekiko desadostasuna: "Preso politikoentzat amnistia? ez da preso politikorik. [Korsikeraren eta frantsesaren] koofizialtasuna? Errepublikaren hizkuntza bakarra da, frantsesa. Egoiliarren estatutua? Errepublikaren aurkakoa da".
Hauteskundeetako emaitzei erreparatzeko eskatu dio Simeonik Vallsi: "Korsikarrek abertzaleen alde bozkatu dute, beraz berretsi dute Korsika nazioa dela". Korsikarren aldarrikapenei entzungor egitea "demokrazia ukatzea" dela ohartarazi dio, berriz, Talamonik. Hautetsi korsikarren ustez, presoen auzia izan liteke konponbidean jartzeko azkarrena, borondate ona adierazteko keinu gisa.
38 urteko jardun armatua eten zuen 2014ko ekainean FLNC Korsikako Askapen Nazionalerako Fronteak.