Bozak Korsikan

Korsikako mugimendu nazionalistako hiru zerrenda pasatu dira bigarren itzulira

Simeoni autonomistak bildu du babesik handiena bozen lehen itzulian (%29,19), Marcangeli eskuindarraren (%24,86) eta Angelini autonomistaren (%13,22) aurretik. 2017an ordezkaritzarik lortu ez zuen Core in Frontek (%8,39) aurrea hartu dio Corsica Liberari independentisten artean, eta hura ere izango da igandeko lehian.

Kanpainako afixak, Bastiako zitadelan (Korsika). ANDER PEREZ ZALA
ander perez zala
2021eko ekainaren 20a
20:23
Entzun

Gilles Simeoni Laurent Marcangeliren kontra, edota mugimendu nazionalista eskuinaren aurka. Korsikako bozen lehen itzuliak politika egiteko bi ikuspunturen arteko lehia diseinatu du bigarren itzulirako, eta hamarretik lau zerrenda sailkatu ditu datorren iganderako: Simeoni autonomistarena (%29,19), Marcangeli eskuindarrarena (%24,86), Jean-Christophe Angelini autonomistarena (%13,22) eta Paul-Felix Benedetti independentistarena (%8,39). Hiru nazionalista, eskuinaren kontra.

Korsikako bozen lehen itzulia lehiakideen arteko indar orekak berriz definitzeko baliatu dute herritarrek. Aldaketarik nabarmenenak mugimendu nazionalistan izan dira: autonomistek eta independentistek egonkortu egin dute boto emaileen partetik jaso duten babesa, eta ez hori bakarrik, 2017an lorturiko boto kopurua handitu egin baitute; duela hiru urte eta erdiko hauteskundeetan babesen %52,05 bildu zituzten, eta aurten %57,7ra iritsi dira.

Pe a Corsica koalizioaren zatiketak, hortaz, soilik alderdi bati egin dio kalte: Jean-Guy Talamoni iragan agintaldian Asanbleako presidente izandakoaren Corsica Liberari, gutxigatik ez baita sailkatu datorren igandeko itzulirako (%6,9): «Porrota izan da».

Zalantzarik ez da emaitzek Simeoni nazionalisten buruzagi nagusi bilakarazi dutela, orain arteko joerek aurreikusi bezala. Ezustekoa, aldiz, Core in Fronteren boto kopurua izan da, aurrea hartuko baitio Corsica Liberari sektore independentistan; Benedettiren alderdiak ez zuen ordezkaritzatik lortu 2017an, eta, hortaz, gaurko babesa espero baino hobea izan da; emaitza hori jakin eta berehala, Core in Fronteren buruzagiak adierazi du «ate handitik» sartu direla bigarren itzulira.

Orotara, hamar zerrenda aurkeztu dira bozen lehen itzulian, eta horietako lau izango dira datorren igandeko lehian: mugimendu nazionalistako hiru eta Marcangelirena. Bigarren itzulian izateko, zerrendek gutxienez botoen %7 bildu behar zituzten, eta horien artean bat egiteko, gutxienez %5 —48 orduko epea izango dute horiek batzeko—; hortaz, Simeonik bere aliatu ohiekin berriz elkartzeko erabakia har lezake, Ajaccioko auzapeza garaitu, eta nazionalisten gehiengo osoari eusteko babes handiagoa beharko baitu. Marcangeli bigarren itzuliari begira jarri da jada: «Orain, Simeoniren eta bion arteko kontua da. Gainontzekoa literatura da».

Nazionalisten arteko aliantza horri atea ireki diona, kanpainan egin bezala, Angelini izan da, zundaketen emaitzak jakin ostean adierazi baitu koalizio bat osatzera bidean direla autonomistak eta independentistak: «Ez dakit zer forma izango duen, baina hori gertatuko da. Emaitza ona lortu dugu, eta korsikarrek argi utzi dute aniztasuna nahi dutela, eta ez hegemonia. Halere, batasuna ez da gauzatu behar iraganean ezagutu ditugun oinarrietan».

Benedettik, berriz, hasieratik argi utzi du ez duela balizko aliantza horietan parte hartuko, Pe a Corsica koalizio osatu zutenekin —Simeoni, Angelini eta Talamoni— oso kritikoa baita; hori bai, Talamonirenak bezala, aurten bigarren itzulitik kanpo geratu den Jean-Charles Orsucciren zerrendak —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdiaren babesa du— bigarren itzulirako elkarrizketetan parte hartu ahalko du, botoen %5,92 jaso baitu. «Erabaki bat hartu beharra dago», adierazi du Orsuccik.

Simeonik oraingoan bidea bakarrik egitea erabaki du, lehen itzulian behintzat. Ezaguna da Korsikan, ospe handia ere badu, eta boterean egin duen lehen legealdia begi onez ikusi dute herritarrek; Korsikako presidente izandakoak, hortaz, harturiko neurriekin jarraitzeko legegintzalditzat aurkeztu du hurrengoa, eta 2015eko eta 2017ko garaipenek abiaturiko aldaketetan sakontzekotzat.

Hori egin ezean, Simeonik argudiatu duenez, azken mende erdian Korsikan agintean izan direnak itzuliko lirateke boterera; Marcangeliri eginiko aipamen zuzena da, hark ordezkatzen duelakoan familien klanak jaun eta jabe izan ziren garaia.

Ajaccioko auzapezari, printzipioz, ez zaio eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa zerrenda berean elkartzeko estrategia ongi atera, banatuta aurkeztuta %27,74ra iritsi baitziren 2017an; hortaz, soilik Orsucci izango du balizko aliatua, baita bigarren itzulitik kanpo geratuko liratekeen bi zerrenda ultraeskuindarren oinarri elektoralak ere —%4 lortu du Marine Le Penek babesten duenak, eta %0,59 besteak—.

Orain, Simeoniren eta Marcangeliren artekoa izango da Korsikako bozen bigarren itzuliko lehia, eta datorren igandean boto gehien bilduko duen zerrenda izatea garaipen bikoitza izango da: lorturiko eserlekuez gain beste 11 ematen baitizkiote horri. Dela aliatu ohiekin berriz elkartuta, dela bidea bakarrik jarraituta, Korsikako presidente izandakoari komeni zaio berriz ere lehen postuan amaitzea, kargu horretara itzultze aldera. Simeoni, behintzat, «pozik» agertu da lehen itzuliko emaitzekin: «Lehen itzuli oso gogobetegarria izan da, korsikarrek alde handiaz jarri gaituztelako lehen postuan».

2017ko bozetan, Pe a Corsica koalizioak Korsikako Asanbleako 63 aulkietatik 41 jaso zituen; eskuin erregionalistak, hamar; eta Errepublika Martxan-ek eta Errepublikanoek, seina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.