Korsikan hilketak amaitzeko neurri bereziak hartuko dituela iragarri du Hollandek

Soracallo, Colonna militante korsikarraren abokatua, eta Armata Corsako militante ohi bat hil dituzte tiroz

Antoine Sollacaro, Yvan Colonnaren aurkako epaiketan, 2007an. B. GUAY / EFE.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Herenegun Korsikan bi hildako eragin zituzten erasoen ostean, François Hollande Frantziako presidenteak kriminalitatearen aurka ekiteko «borroka proposamen zehatzak» eskatu dizkie Justizia eta Barne ministerioen arduradunei. Horretaz gain, Hollandek «Frantziako Errepublikan horrelako erasoak erabat onartezinak» direla esan du, eta Gobernuak «erabateko determinazioa» duela. «Korsikan luzaroan dagokrimen antolatuaren izurritea», eta hori bukatzeko asmoa agertu du.

Herenegun egindako erasoetan, batetik, Antoine Sollacaro abokatu abertzale korsikar ezaguna hil zuten tiroz, Ajaccio hiriburuko gasolindegi batean. Iturrien arabera, bi gizon hurbildu ziren moto batean, eta hamar tiro bota zizkion haietariko batek. Antoine Soracallo abokatua oso ezaguna da Korsikako nazio askapen mugimenduan. Yvan Colonnaren abokatua izan zen; bizi osorako espetxe zigorra betetzen ari da Colonna, Korsikako prefet Claude Erignacen hilketaren erruduntzat jota.

Jean-Dominique Allegrini-Simonetti, Armata Corsa erakundeko militante ohia da beste hildakoa. Hori ere bere auto barruan zegoela tirokatu zuten. Korsika Garaia probintzian hil dute. Joan den urte bukaeran, FLNC Korsika Askatzeko Nazio Fronteak, Christian Leoni mafiosoa hil zuen probintzia berean; gisa honetako lehendabiziko ekintza zen 1993. urteaz geroztik. Erakunde armatuak mafiaren erasoei kolpez kolpe erantzungo ziela adierazi zuen orduan, eta ekintza Charles-Philippe Paoli politikari korsikarraren hilketaren erantzun gisa azaldu zen.

Herenegungo bi ekintzak leku ezberdinetan gertatu baziren ere, ordubete eskaseko tartea baino ez zen izan gertaeren artean, eta litekeena da loturaren bat izatea. Inork ez ditu bere gain hartu ekintzak. Azken bi hildakoekin, hamabost dira aurten gisa honetako ekintzen ondorioz zendu diren pertsonak Korsikan.

Frantziako Gobernuko Justizia zein Barne ministroek «mafia», «sasimerkantilismo» eta «demaseko bidelapurreria» hitzak erabili dituzte Korsikako egoera definitzeko. Manuel Valls Barne ministroaren esanetan, «estatuak gai izan behar du Korsikan dagoen sistema sasimerkantilista eraisteko eta jendeak elkar hiltzea saihesteko».

Abokatuak, oso haserre

Gertaerak jazo eta gutxira, Jean Leandri USM Abokatuen Elkarte Sindikaleko ordezkari eta Ajaccioko Instantzia Handiko Auzitegiko lehendakariordeak, sektore honen izenean hitz egin nahi izan du: «Abokatuak askatasunaren bermatzaileak, justiziaren laguntzaileak dira; instituzio oso bati eginiko erasoa da», Sollacaroren hilketari erreferentzia eginez.

Xavier Bonhomme Ajaccioko prokuradoreak prentsaurreko batean esan du «ikerketa bide guztiak zabalik» daudela eta auziak «kontu garbitze bat» izatearen itxura daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.