Kosovok independentzia aldarrikatu izana legezkoa dela ebatzi du Hagak

Nazioartean ez dago legerik herrialde bati independentzia aldarrikatzea debekatzen dionik, Hagako auzitegiaren arabera

2010eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Nazioarteko zuzenbideak ez du galarazten independentzia aldarrikapenik. Kosovok ez du legerik urratu, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez. Eta bete beharrekoa izan gabe ere, aurrekaririk ez duen erabakia hartu du: ebazpenak arlo politiko eta juridikoan ondorioak izango baititu, ezinbestean. NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak hala eskatu ziolako aztertu du Hagak 2008ko otsaileko independentzia aldarrikapenak nazioarteko legediarekin bat egiten duen; haatik, auzia auzitara eramateko ekimena Serbiarena izan da. Horrek, izan ere, Hisashi Owada Hagako epaimahaiko presidentearen ahotik besterik entzungo zuela uste zuen: Kosovori legez kanpo aritu izana egotzi, eta haren statu quo-a berriro ezbaian jartzea espero zuen Belgradeko gobernuak.

Kosovorentzat «egun handia» izan zen atzokoa. Epaimahaiaren ondorioak entzun ondoren, honelaxe adierazi zuen Skender Hyseni Kosovoko Atzerri ministroak, Hagako auzitegitik irteten ari zela. Lehenengo adierazpenak Belgraderi eskua luzatzeko egin zituen: «Hau da Serbiari helarazi nahi diodan mezua: 'etorri eta hitz egin gurekin'». Hyseniren arabera, halaber, Serbiaren eta Kosovoren arteko elkarrizketek bi estatu subiranoren artekoak izan behar dute aurrerantzean. «Belgradek atzera egitea espero dugu, eta gugana hurbiltzea, biontzat interes handikoak eta garrantzitsuak diren gaiez hitz egiteko».

Hagak euren alde egin izana ospatzeko, ehunka albaniar atera ziren atzo kalera. Euforia harekin bat egin zuen Fatmir Sejdiuk, Kosovoko presidenteak: «Jakinduriaz betetako erabakiari ongietorria egiten diogu. Serbiak gurekiko jarrera aldatu behar du orain, baita bere erretorika gogorra alboratu ere». Hashim Thaci lehen ministroaren ustez, halaber, Hagak baieztatu du Kosovok hautu egokia egin zuela 2008ko otsailean eta, horregatik, euren independentzia aitortu dezaten eskatu die orain arte egin ez dutenei.

Kosovok eta nazioarteak hala eskatuta ere, ordea, halakorik ez du egingo Serbiak. «Ez dugu sekula onartuko Kosovo estatu gisa»; eta Vuk Jeremi Serbiako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, euren interesak defendatzeko borrokan jarraituko dute. Borroka bide baketsuetatik eta diplomazia erabiliz egingo dutela zehaztu du, dena dela. «Ez da erraza izango, badakit. Hurrengo ahalegina NBEko Batzar Nagusiko udazkeneko saioan egingo dugu».

Bere aldetik independentzia aldarrikatuta Kosovok bere lurralde osotasuna urratu zuela argudiatu dute Serbiaren abokatuek. Haatik, ez du iritzi horrekin bat egin Nazioarteko Justizia Auzitegiak: formalki oraindik Kosovo NBEko Segurtasun Kontseiluko 1244 ebazpenak eraentzen badu ere, «Parlamentuak bere legezko ordena aldatzeko ahalmena du». Owadak Kosovokoa kasu berezi gisa agertu du, haren hurbileko iragana gogora ekarrita. Haatik, ez die aterik itxi independentzia gogoz dauden herrialdeei: «Nazioarteko zuzenbideak ez ditu debekatzen independentzia aldarrikapenak». Kosovokoaren kasuan, ez nazioarteko legediak ez 1244 ebazpenak, ez esparru konstituzionalak ez dio galarazten estatu bihurtzea.

Erreakzioak

2008ko otsailaren 17an aldarrikatu zuen independentzia Kosovok; ordutik NBEko Batzar Nagusiko192 herrialdeetatik 69k bat egin dute aldarrikapenarekin; tartean, Europako Batasuneko herrialde gehienek, besteak besteFrantziak eta Erresuma Batuak. Haatik, Serbiaren aldean lerratu dira Errusia, Txina, India eta Espainia.

AEB Ameriketako Estatu Batuak lehenengoak izan ziren Kosovori babesa ematen; Hagaren ebazpenaren berri jakin eta nazioartetik iritsitako lehenengo erreakzioak ere haienak izan dira. «Nazioarteko Justizia Auzitegiak berretsi egin du Kosovok legez jokatu zuela; guk erabakiarekin bat egiten dugu. Orain etorkizun komun baten alde lan egitea dagokio Europari», adierazi du P. J. Crowley AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak.

Europako Parlamentuak ebazpena errespetatzeko eskatu du. Eta Miguel Angel Moratinos Espainiako ministroak hala egingo duela adierazi du. Moratinosen ustez, ebazpenarekin «aro berri bat» zabaldu da.

Errusiak, aldiz, gaitzetsi egin du Nazioarteko Justizia Auzitegiak Kosovoren alde egin izana. «Pandoraren kutxa zabaldu dute, eta Kosovokoaren gisako fenomeno arriskutsu gehiago gertatuko direla aurreikus dezaket», adierazi du Leonid Slutskik, Errusiako Parlamentuko nazioarteko gaietarako batzordeko presidenteordeak. Errusiak, gainera, kontraesanean erortzea egotzi dionazioarteari: «Kosovoren independentzia aldarrikapena arau da, baina Abkhaziaren eta Hego Osetiaren kasuan, herrialde gutxik baino ez dituzte estatu gisa hartzen».

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, euren arteko ezin eramanak elkarrizketen bidez konpontzeko eskatu die Kosovori eta Serbiari. Bide diplomatikoak indartu ordez, bi herrialdeen arteko harremanak okerrera egiten badute ere, NATOk adierazi du Kosovoko segurtasuna bermatzen jarraituko duela aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.