Balkanak

Kosovoko lehen ministroak bertan behera utzi du Serbiarekin AEBetan egitekoa zuen bilera

Abdullah Hoti Kosovoko gobernuburuak jakinarazi du ez dela joango Washingtonen egitekoa zen bilerara, Kosovoko presidente Haxim Thaciri gerra krimenengatik akusatu dutela jakin ostean.

Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. VALDRIN XHEMAJ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 25a
12:50
Entzun

Serbiaren eta Kosovoren arteko harremanak aztertzeko bilera zuten egitekoa larunbatean, Etxe Zurian, bi herrialdeetako agintariek, AEBen bitartekaritzarekin. Bilkuraren helburua zen Serbiaren eta Kosovoren arteko kooperazio ekonomikoa eta komertziala areagotzea, baina, Kosovoko agintariek adierazi dute ez direla bilera horretara joango, atzo Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuko Fiskaltzak Haxim Thaci Kosovoko presidenteari gerra krimenak leporatu dizkiola jakin ostean.

«Prinstinan sortu den egoera berria dela eta [...], herrialdera itzuli behar dut egoeraz arduratzeko», adierazi du Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroak. Hotik gaineratu duenez, Richard Grenell AEBen bitartekariari jakinarazi dio ez dela joango bilerara. 

Serbia eta Kosovoren arteko bileran parte hartzekoa zen Thaci ere, baina bertan behera utzi du bilkura.

Thaci presidenteari gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkion atzo Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuko Fiskaltzak, 1998. eta 2000. urteen artean hainbat tortura, jazarpen eta desagertze kasuren eta ehun pertsonaren hilketaren erantzule izatea egotzita. Orain, Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuak erabaki beharko du akusazioa berresten duen ala ez.

Fiskaltzak kargu berak aurkeztu zituen Kosovoko Alderdi Demokratikoko buru Kadri Veseliren kontra, eta jakinarazi ez diren beste hainbat buruzagiren aurka.

Areto Espezializatuko epaileek Kosovoko legea aplikatzen dute, baina nazioarteko magistratuz dago osatuta, eta Hagako Auzitegian du egoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.