Kosovoko presidente ohi Thaci epaitzen hasi dira, gerra krimenengatik

Gerran «enpresa kriminal bateko» kide izatea leporatzen die Kosovorako Auzitegi Bereziko fiskaltzak estatuburu izandakoari eta UCK gerrilla albaniarreko beste hiru buruzagi ohiri

KOEN VAN WEEL / POOL / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Kosovoko Gerran (1998-1999) gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak egitea egotzita, Hashim Thaci —2016 eta 2020 artean herrialde hartako presidente izandakoa— eta UCK Kosovo Askatzeko Armada gerrilla albaniarreko beste hiru buruzagi ohi epaitzen hasi zen atzo Kosovorako Auzitegi Berezia, Hagan (Herbehereak). 2020ko azaroan auzipetu zituztenetik, kartzelatuta daude laurak, eta errugabeak direla nabarmendu izan dute. Thaciren abokatu Gregory W. Kehoek azpimarratu du erakutsi nahi dutela UCKren borroka «sakratua eta garbia» izan zela. Baliteke prozesuak urteak irautea.

Fiskaltzaren akusazio idazkiaren arabera, «enpresa kriminal» bateko kideak ziren, eta Kosovo «hartzea» zen haien helburua. «Horretarako, oposiziokotzat zeuzkatenak kanporatzen zituzten, legez kanpo ikaratu, edo haien kontra indarrez egiten zuten, eta tratu txarrak ematen zizkieten». Idazkian jaso dutenez, oposiziokotzat hartzen zituzten Jugoslaviako indarren ustezko kolaboratzaileak, funtzionarioak, UCKren helburuak babesten ez zituztenak, serbiarrak, erromaniak, baita beste etnia bateko kideak ere. 1946tik 1990era, Serbiako eskualde autonomo bat izan zen Kosovo, Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalean. Baina 1990ean konstituzio berria sartu zen indarrean Serbiako Errepublikan, eta Kosovori zeharo murriztu zion autonomia.

Auzitegi berria

UCK-k 1996an hasi zituen erasoak, eta Jugoslaviako armadaren aurka borrokatu zen urte batzuk geroago, gerran. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Jugoslaviaren kontrako bonbardaketak hasi zituen 1999ko martxoan, eta ia hiru hilabete iraun zuten. Belgradek indar guztiak erretiratzeko erabakia hartu zuen, eta Kosovo NBE Nazio Batuen Erakundearen administraziopean uztea onartu. 13.000 lagun inguru hil zituzten gerran, horietako 8.000 inguru zibil albaniarrak. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen Europarako zuzendari Hugh Williamsonek atzo auzi saioa hasi aurretik adierazi zuen prozesuak «aukera bat» ematen diela biktimei zer gertatu zen jakiteko. Azpimarratu zuen, nolanahi ere, «kontuan hartzeko modukoa» dela Jugoslavia ohiko gerren gaineko «inpunitatea»

Thaci zen UCK gerrillaren lider politikoa. Behin gerra bukatuta, diputatua izan zen Kosovoko Asanblean (2001-2007), eta lehen ministro bihurtu zen 2008an. Hark irakurri zuen Kosovok egindako aldebakarreko independentzia aldarrikapena, urte hartako otsailean, eta 2014ra arte egon zen karguan. EB Europako Batasuneko estatu gehienek etaAEBek ere babestu dute herrialdearen independentzia.

Serbiak eta Kosovok, EBk hauspotuta, harremanak normalizatzeko akordio bat sinatu eta aste batzuk geroago hasi da epaiketa. UCK-ko kideak apenas ikertu dituzten gerran gertatutakoengatik, eta, hain zuzen, hori traba izan da beti bi herrialdeen erlazioa onbideratzeko orduan. Kosovorako Auzitegi Berezia 2016an sortu zuten, eta UCK-k gerra gatibuei ustez emandako tratu txarren berri jasotzen duen txosten bat du oinarrian, Europako Kontseiluak 2011n egina. Horrekin lotuta, Serbiako Gobernuak sistematikoki uko egin dio gutxienez mila pertsonaren gorpuak dituzten hobi komunak non dauden jakinarazteari. NBEren arabera, gutxi gorabehera 1.600 pertsona desagertuta daude oraindik gatazkaren ondorioz.

Kosovorako Auzitegi Bereziak urtarrilean kaleratu zuen aurreneko sententzia. Gerra krimenak leporatuta, 26 urteko kartzela zigorra ezarri zion Salih Mustafa UCK-ko komandante izandakoari. Auzitegiak, gainera, lau urte eta erdiko zigorra ezarri dieUCKren Gerra Beteranoen Elkarteko bi kideri, isilpeko informazioa hedatzea eta prozesu penaletako lekukoak ikaratzea egotzita. Atzo hasi zen prozesuan auzipetuta daude Kosovoko Alderdi Demokratikoko lider eta parlamentuko presidente ohi Kadri Veseli, Vetevendosje alderdiko Rexhep Selimi, eta Ekimen Sozialdemokrata alderdiko buruzagi Jakup Krasniqi ere.

Aintzat hartu behar da UCKren bi lider nabarmen —Ramush Haradinaj lehen ministro izandakoa (2004-2005 eta 2017-2020) eta Fatmir Limaj lehen ministrordea (2017-2019)— antzeko delituak leporatuta epaitu zituela Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak, eta bi kasuetan absolbitu egin zituela. 24 urteko ibiliaren ondoren, auzitegi horrek 2017an itxi zituen ateak.

Kosovoko albaniar askok heroitzat dauzkate UCK-ko lider ohiak, eta, beraz, auzipetuak babesteko, Justiziaren aldeko manifestazioa deitutako protestan parte hartu zuten milaka pertsonak herenegun, Pristina hiriburuan. Gerrillaren beteranoen elkarteak deitu zuen manifestaziora, eta, hango Koha egunkariaren arabera, alderdi albaniarrek babesa eman zioten. Gure historia ezin da berrikusi izan zen manifestariek aldarrikatu zituzten leloetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.