Kostuak murriztu nahiak eragin zuen BPren petrolio isuria

Petrolio industria oinarrian akastuna dela dio ikerketa txostenak, eta hutsegiteak errepika daitezkeela ohartarazi duMexikoko Golkoko eztandaren ondorioz, bost milioi upel petrolio isuri ziren itsasora

2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Mexikoko Golkoko British Petroleumen petrolio isuria saihestu zitekeela ondorioztatu du hondamendia argitzeko AEBetako Gobernuak eratutako ikerketa batzordeak azken txostenean. Multinazionalak eta horrek azpikontratatutako Halliburton eta Transocean enpresek eginiko kudeaketa akatsak izan dira, beraz, isuriaren erantzuleak. Txostenean «axolagabekeria» egozten diete hiru enpresei. Besteak beste, kostuak murrizteko eta denbora aurrezteko ahaleginaren ondorio izan baitira akats horiek.

«Nahita ala nahi gabe izan, Macondo petrolio putzuaren eztanda eragin zuten erabakiek denbora —eta diru— asko aurrezten lagundu zien BPri, Halliburtoni eta Transoceani», idatzi dute txostenean.

Istripu horretan egindako kudeaketa hutsegite konkretuez gain, ikerketa batzordearen txostenak agerian uzten du petrolio industriaren oinarrian dagoela arazoa. Izan ere, itsas zabalean petrolioa ustiatzeaz arduratzen den industria funtsean akastuna dela ondorioztatu dute batzordekideek.

Istripuaren arrazoiak, beraz, sistematikoak direla dio txostenak, eta ezer egin ezean edozein unetan errepika daitezkeela diote. Horrexegatik, industriaren funtzionamendua eta horri zuzendutako politikak errotik aldatu beharra dagoela irizten dute ikerlariek. Hainbat adituk, txostenaren ondorioak ikusita, AEBetako Gobernuak arautegia zorroztu beharko lukeela uste dute.

Arazo nagusia da itsas zabalean petrolioa ustiatzen duten enpresek segurtasun neurriak bazter uzten dituztela, kostuak aurreztearen mesedetan. Administrazioak ere behar baino gainbegiratze gutxiago egiten dituela salatu dute txostenean.

Isuriaren erantzukizuna

BPk hondamendiak hainbat konpainia inplikatzen dituela nabarmendu nahi izan du batzordearen txostenetik. Irailean petrolio enpresak aurkeztu zuen ikerketa ere ondorio berdintsuetara heldu baitzen. «Istripua ez da erabaki bakar baten ondorio izan», adierazi zuen orduko hartan. Horrexegatik, Deepwater Horizon plataforma zuzentzen zuen Transocean konpainia eta hobiko zementuzko zatia egiteaz arduratu zen Halliburton enpresa ere hondamendiaren erantzule egin ditu BPk.

Era berean, Macondo petrolio putzuko eskarmentua petrolio ustiaketan segurtasun neurriak hobetzeko baliatu dutela azpimarratu du.

Deepwater Horizon plataformako BPko langile batek ekainean azaldu zuen hedabideen aurrean petrolio hodian eztanda gertatu baino hainbat aste lehenagotik zekitela gas isuria gertatzen ari zela. Transocean enpresari matxuraren berri eman ziotela ere argitu zuen. Hark, ordea, ez zuen hura konpontzeko neurririk hartu.

Transoceanek, baina, errua BPri bota dio, eta ez du erantzukizunik onartu. Deepwater Horizon plataformaren jabearen arabera, azken orduetako erabaki guztiak BPko ingeniariek hartu zituzten.

Iragan urteko apirilaren 20an egin zuen eztanda BPren Deepwater Horizon petrolio plataformak Mexikoko Golkoan. Leherketa hartan 11 langile hil ziren, eta bi egunetara plataforma itsasoan ondoratu zen. Ondorengo hilabeteetan, gainera, bost milioi upel petrolio isuri ziren itsasora. AEBek gaurdaino jasan duten hondamen ekologikorik handiena izan da. Era berean, itsasoan inoiz eman den ezbeharrezko isuririk handiena izan da honako hau. Mexikoko Ixtoc I plataformak 1979an isuri zituen 3,3 milioi upelak soberan gainditu baititu. Hori izan da urteetan ezbeharrezko isuririk handiena, BPren istripua gertatu arte.

Pertsiar Golkoan Irakeko soldaduek Golkoko lehen gerran nahita isuri zituzten zortzi milioi upelek gainditzen dute, hain zuzen ere, iragan apirileko hondamendia.

25.000 milioi euro inguruko kostua izan du gertakari honek petrolio multinazionalarentzat. Upel bakoitzeko 835 eta 3.200 euroko isuna ordaindu behar izan du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.