Ukrainako matxinada nazionalistak piztutako erreakzio katea abiadura hartzen ari da. Kieveko aginte berriak ez du bere statu quo-a ziurtatu herrialdearen hego-ekialdean, eta Krimea erresistentziaren gotorlekutzat azaleratu da. Errepublika autonomoko parlamentuak argitu du bere jarrera: maiatzaren 25ean estatus autonomikoaren inguruan erreferendum bat deitu nahi du. «Sezesioa» aukeratzat aipatzea saihestu egin du, baina «autonomia hobetu eta botereak handitzea» izanen da erreferendumaren funtsa. Hala ere, parlamentuak bere adierazpenean argi utzi du zein den bere printzipio nagusia: «Krimeako Errepublika Autonomoko Radak (parlamentua), agintearen ordezkari gorena den heinean, Krimean bizi direnek boto askearekin bidez hautatuak, Krimearen etorkizunaren ardura osoa hartuko du».
Krimeako egoerak eta Viktor Janukovitx boteretik botatako presidenteak emandako bizi seinaleek —gaur prentsaurrekoa ematekoa da Errusian— itzal egin diote Ukrainako gobernu berriaren osaketari. Arseni Jatseniuk lehen ministro berriak jada ohartarazi dio Krimeari «konstituzioaren legezko metodo guztiak» erabiliko dituztela «lurralde batasuna» mantentzeko. «Krimeako herritarrei zuzentzen natzaie. Ukrainako nazio batua gara gu. Elkarturik irabaziko dugu. Gure batasuna da arrakastarako formula», adierazi zuen atzo Ukrainako Radan.
Krimeako Radak, ordea, hagitz bertzelako iritzia du iragan astetik Kieven gertatutakoaz. «Ukrainan muturreko nazionalistek gaizkile armatuen laguntzarekin boterea hartu dute konstituzioa errespetatu gabe, eta horrek arriskuan paratu du Krimeako bakea». Oksana Korneitxuk parlamentuko presidentearen prentsa arduradunak irakurri du adierazpena. Ukraina «kaosera, anarkiara eta ekonomiaren hondamenera» amiltzen ari dela dio parlamentuak, eta horretarako beharrezkotzat jo du estatus politikoaren inguruko erreferenduma deitzea. Ukrainako botere berriak presidentetzarako hauteskundeak deitu nahi dituen egun berean egin nahi du: maiatzaren 25ean. Eta erreferendum hori antolatzeaz gobernu berri bat arduratuko da, orain artekoa desegitea erabaki baitu parlamentuak —100 diputatutatik 55en botoekin—. Janukovitxen Eskualdeen Alderdiak dauka gehiengo osoa, baina Errusiar Batasuna alderdiko Sergei Aksionov hautatu dute lehen ministro.
Kieven borrokak bukatu ondotik, arretaren erdigune bihurtu da Krimea. Eskuin muturreko taldeek mehatxu egin dute penintsulara brigadak bidaliko dituztela Kieveko agintea ezartzeko. Horren aitzinean, talde horiek Janukovitxen aurka erabilitako taktikak imitatzen hasi dira Krimeako sektore errusiazaleak. Autodefentsarako taldeak antolatzen hasi dira, eta talde armatu batek Krimeako Parlamentuaren egoitza okupatu zuen atzo, Simferopol hiriburuan. Hala ere, parlamentariei ez zieten saioa egiteko trabarik paratu, eta Errusiako bandera altxatu zuten eraikinean. Nazioarteko potentziek ere Krimeara bideratu dute arreta, elkarri hortzak erakusteko.AEBek, EB Europako Batasunak eta NATOk Ukrainaren batasuna defendatu dute, eta Pentagonoak Errusiari erran dio «kalkulu akatsak saihestu» ditzala, Errusiako armadak ariketa militarrak hasi baititu, horietako batzuk Ukrainako mugatik hurbil. «Adierazpen probokatzaileak» alde batera uzteko eskatu dio Errusiak Mendebaldeari.
Eta testuinguru horretan, Janukovitxen adierazpen bat agertu da; lehenbizikoa, arrastoa galdu zitzaionetik. Errusiako Itar-Tass agentziak haren izenean adierazpen bat argitaratu du. Bertan, Janukovitxek defendatu du bera dela Ukrainako presidente legitimoa, eta Errusiari eskatu dio bere eta bere ingurukoen segurtasuna bermatzeko. Kremlinak onartu egin dio eskaera, Itar-Tassek iturri ofizial anonimo bat aipatuz erran duenez. Agentzia berberaren arabera, gaur eguerdian Errusia hego-mendebaldeko Rostov Don hirian prentsaurreko bat emanen du Janukovitxek.
Gobernu berria Kieven
Kieven, berriz, Radak oniritzia eman dio bezperan Independentziaren plazako batzarrak proposatutako gobernuari. Beraz, Jatseniuk Batkivstxinako (Aberria) buruak lehen ministro kargua hartu du. Eskuin muturrak ere ordezkaritza izanen du gobernu berrian, ardura handiko postuetan, gainera: Lehen ministrorde kargua eta Defentsa Ministerioa Svobodari (Askatasuna) egokitu zaizkio, eta Hezkuntza ministro Serhi Kvit hautatu dute, Kiev-Mohila Akademia unibertsitate nazionaleko errektorea —Eskuin Sektorearen parte den Hiruhortza taldekoa da Kvit—. Gatazka politikoaz gain, egoera ekonomiko larria da gobernu berriaren erronka. Horri aurre egiteko, Jatseniukek jakinarazi du NDF Nazioarteko Diru Funtsera joko dutela mailegu bila.
Krimeak autonomiaren inguruko erreferendum bat egitea erabaki du
Ukrainako penintsularen parlamentuak «aginte goren» aldarrikatu du bere burua; maiatzaren 25ean egin nahi du galdeketaJanukovitx prentsaren aitzinean agertzekoa da gaur, Errusian, Rostov Don hirian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu