Krimeako Parlamentuak Ukrainarekiko independentzia aldarrikapena onartu du. Ehun parlamentarik osatzen dute ganbera, eta horietatik 78k babestu dute aldarrikapena. Onartu eta berehala sartu da indarrean. Horrez gain, Errusiarekin bat egiteko asmoa berretsi du parlamentuak.
Urrats hau behar zen Errusiarekin bat egin aurretik: "Krimeak independentzia aldarrikatu du #Ukrainahttp://t.co/0gYfTiGzXa@berria
— urtzi urrutikoetxea (@urtziurruti) marzo 11, 2014
"Krimea, estatu independente gisa, Errusiako Federazioari zuzenduko zaio erreferendumaren ostean, Errusiarekin bat egitea proposatzeko subjektu federatu gisa", azaldu dio Krimeako Parlamentuko bozeramaile batek Ria Novosti agentziari.
Adierazpenean, Kosovoko aurrekaria aipatu dute aldebakarreko independentzia defendatzeko, eta azaldu dute erabaki hori igandeko erreferendumean berretsi beharko dutela herritarrek. Legez kanpokotzat jo du galdeketa Ukrainako behin-behineko gobernuak.
Erreferendumak bi galdera izanen lituzke. Bata, parlamentuak babestutakoa —"Ados zaude Krimea Errusiari batzeko, Errusiako Federazioaren zati eratzaile gisa?"—; eta, bertzea, Ukrainan gelditu nahi dutenei aukera bat irekitzeko, baina gutxieneko estatusa erabateko autonomia izanen dela bermatuta —"Ados zaude Krimeako Errepublikaren 1992ko Konstituzioa berrezartzearekin, Krimea Ukrainaren zati izanda?"—. 1992ko konstituzioak estatu baten botereak ematen zizkion errepublika autonomoari —presidente bat eta atzerri politika propio bat barne—, baina bertan behera utzi zuen Kievek. Gehiengo sinplea lortuko duen galderak irabaziko du.
Bitartean, Errusia mendebaldeko Rostov Don hirian mintzatu da Viktor Janukovitx kargutik kendutako Ukrainako presidentea, eta oroitarazi du oraindik hura dela herrialdeko presidentea eta armadaren buruzagia. Salatu du Ukraina "ultranazionalista eta neofaxista" talde baten esku dagoela eta horiek "gerra zibila piztu" nahi dutela.
Kosovoko aurrekaria
2008ko otsailaren 17an aldarrikatu zuen Serbiarekiko independentzia Kosovoko Parlamentuak. 2010eko uztailean, Nazioarteko Justizia Gorteak ebatzi zuen Kosovoren aldebakarreko independentzia aldarrikapenak ez zuela nazioarteko legeria urratzen.
Jarrera kontrajarriak izan ziren eta diraute Kosovoko estatuaren aitorpenaren aurrean. Egun, Nazio Batuen Erakundeko 109 herrialde kidek aitortu dute Kosovoren independentzia; Lesoto izan da azkena, aurtengo otsailean. Aitortzen ez dutenen artean daude Espainia, Errusia, Brasil eta Serbia bera. Nolanahi ere, bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko akordio batera heldu ziren Serbia eta Kosovo iazko apirilean.