Krisi politikoa ulertzeko gakoak

'Aharam Online' webguneko editore Tani Xukrallah-ek Egiptoko auziaz duen iritzia azaldu dio BERRIAri. Haren ustez, Egiptokoa ez da laikoen eta islamisten arteko borroka, Mendebaldearen ikuspuntua da hori.

Ane irazabal
Kairo
2012ko abenduaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tani Xukrallah (Kairo, 1950) Aharam Online albiste webguneko editorea da. 2010ean sortu zuen ingelesezko hedabidea, 2005ean arrazoi politikoengatik Al-Aharam Egiptoko egunkari nagusitik kanporatu ondoren. Hedabide bereko bi euskarri diren arren, Aharam Online-ek ildo editorial independentea du, eta Al-Aharam-en diskurtso ofizialistari uko egiten dio. Erreferenduma baino egun bat lehenago, krisi politikoa ulertzeko gakoak eskaini dizkio BERRIA-ri. Anaia Musulmanenganako diskurtso gogorra du, eta konstituzio berriak «erregimen teokratiko» bati bidea irekitzen diola dio. 30 urteko diktaduraren ostean erreferendumaren osteko testuingurua ere beltz ikusten du. Beldurrik handiena, hilketa politikoak hastea.

1. Laikoak vs islamistak

Krisi politiko hau ez da laikoen eta islamisten arteko borroka batean oinarritzen. Tahrirren eta presidentearen jauregiaren kanpoaldean protesta egiten ari direnek ez dute banaketa hori jarraitzen. Xukrallahren iritziz, Mendebaldeko hedabideek egin ohi duten akatsa da zatiketa hori. Liberalismoak ez du inolako esanahirik gizarte egiptoarrean, eta beraz, haserre dauden oposizioko taldeak liberalak bezala definitzea ez da egokia. Manifestarien artean lotura politikorik ez duten milaka herritar daude, eta «iraultzan gertatu zen bezala, justizia politiko eta soziala besterik ez dute eskatzen». Oposizioko taldeek demokraziaren eta Anaia Musulmanen arteko borrokatzat definitu ohi dute egoera; Murtziaren jarraitzaileek, berriz, demokraziaren eta konspirazioaren artekoa. Anaia Musulmanek AEBen eta Europako Batasunaren babesa dute, baina aldi berean diote oposizioko taldeek nazioarteak ezarritako agenda bat dutela.

2. Anaia Musulmanak

Zazpi milioi boto galdu dituzte Anaia Musulmanek 2011ko parlamenturako hauteskundeetatik 2012ko presidentetzarako bozetara. Sektore kontserbadorearen eta erreformistaren arteko barne krisiaren ondorioa da, Xukrallahen ustez. Anaia Musulmanek ez dute hiritarrei agindutako Ogia eta justizia soziala leloa bete. Horregatik, musulmanak ere kalera atera zaizkie protesta egitera. Halere, hauteskundeak irabazi dituztela eta botere legitimoa dutela da haien argudio erabiliena.

Oposizioko taldeek, berriz, jendea batzeko eta protesta egitera ateratzeko gaitasuna dute, baina ez dute ekarpen politiko berririk egiteko gaitasunik. Xakrallahren iritziz, 30 urteko diktaduraren errua da, Mubarakek espazio politikoak deuseztatu baitzituen.

3. Militarrak

Iraultzaileekin batu al da armada? Boterea berreskuratzeko estrategia hasi al du? Iraultza amaitu ostean, Mubaraken botere azpiegitura mantentzen saiatu zen Junta Militarra, baina sinesgarritasun osoa galdu zuten. Orain, armadak iraultzaileekin bat egin duenaren argudioa erabili ohi dute Murtziaren aldeko jarraitzaile askok. Xukrallahren iritziz, militarrek ez dute berriz ere boterea eskuratu nahi, itzalean mantentzea erosoagoa baita haientzat.

Alta, gizarteari erakutsi nahi diote auzi politikoan jokalari independenteak direla, eta segurtasun nazionalari eusten diote haien ahotsa altxatzeko. Militarren diskurtsoa jarraituz, Egipto gero eta zatituago egotea mehatxu bat da segurtasun nazionalarentzat. Hori dela eta, haien protagonismoa aldarrikatu dute.

4. Gerra zibilaren mamua

Zaila da Egipto gerra zibil batean erortzea. «Egipto ez da Sadamen osteko Irak, edo Somalia». Baina arma asko daude, eta muturreko islamistek ez dituzte haien nahiak ezkutatzen. «Erreferendumean ezezkoa ateraz gero Jihada hasteko nahia erakutsi dute indarkeria babesten duten askok».

Islamistentzat orain da boterea eskuratzeko unea, baina Xukrallahren arabera, estatu islamiko bat sortzeko proiektuak porrot egingo du. Testuinguru horretan, hilketa politikoak edo bi aldeen arteko borroka sakonago bat hasteko beldurra erakutsi dute egiptoarrek. Gerra zibila gutxik aipatzen dute, baina hilketa politikoen arriskua darabilkite ahotan.

5. Epaileak

Epaileak, militarrekin batera, erregimen zaharraren irudi birziklatua dira herritar askorentzat. Xukrallah, berriz, ez da iritzi berekoa. Haren ustez, arras entzuten den argudioa den arren, ez du oinarri historikorik. Botere judiziala, oro har, agintean izan denaren kontra agertu dela irizten dio. «Ekaineko presidentetzarako hauteskundeetan Xafik presidente izatea nahi zuten militarrek, eta bozen batzordearen gardentasunak Mursi presidente izatea ahalbidetu zuen».

Xukrallahen ustez, egia da epaile batzuk Mubarakek aukeratutakoak direla, baina Nasserren, Sadaten eta Mubaraken garaian epaileek larderiazko jokabideen kontra agertu zirela defendatzen du. Erreferendumean behatzaile lana egingo ez dutela esatean, independente direla adierazi du oposiziokoentzat, eta konspirazioaren zati direla Anaia Musulmanentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.