Organo kontsultiboa da NBE Nazio Batuen Erakundeko Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorra. Ez du erabakiak hartzeko ahalik, baina haren garrantzia nabarmendu du Carlos Mamani zuzendariak. Boliviako aimara da. 2007an aldaketa handia izan zuten indigenei buruzko gaiek, NBEk Indigenen Eskubideen Adierazpena onartuta. Ituna orain hamabost egun egin dute bere Kolonbiak, Ameriketako Estatu Batuek eta Kanadak.
Gaur egun, lurrik ez izatea da herri indigenen arazorik handiena?
Lurralde eskubiderik ez izatea da arazoa. Lurraren eta natur baliabideen gaineko kontrolik ez dugu. Repsol eta gisako enpresekin ditugu arazoak. Joan, eta ahal duten kalte gehien egiten dute. Herri indigenek horren ondorioak jasaten dituzte: lurrak galtzea, kutsadura... Horregatik, lurraren gaineko soberania garrantzitsua da.
Enpresen eta indigenen arteko gatazkan, zein da estatuaren rola?
Estatu koloniala baino okerragoa da gaur egungoa. Espainia zorrotza izan zen natur baliabideekin, mugak jarri zituen baliabideak ustiatzeko. Orain ez dago horrelakorik. Multinazionalek agindutako estrategia segitzen du estatuak: ez da ageri. Eta ez egote hori aurrez pentsatutakoa da: estatuak multinazionalen esku uzten ditu lurra eta han bizi denaren etorkizuna. Enpresek ezartzen dute estatu bat beste estatu baten barruan. Herritarrek multinazionalekin konpondu behar izaten dituzte eguneroko arazoak: argia, eskolak, errepideak... Enpresek menpean dituzte herritarrak.
Krisi ekonomikoak izan du eraginik multinazionalen jardunean?
Foro Iraunkorrean landu dugu gaia. Krisi ekonomikoa aukera da indigenentzat, multinazionalak atzeratu egin direlako. Hori baliatu behar dugu gure lurrak berreskuratzeko eta gure presentzia areagotzeko. Multinazionalek mantsotu egin dute jarduna. Kontsezioak badituzte, baina ez dira hasi leku guztietan lanean, ez dutelako baliabiderik. Behartutako geldialdia izan da.
Hiru urte dira NBEk indigenen eskubideen adierazpena egin zuela. Baina, egunerokoan, aldatu da zerbait?
Ez asko. Baina herri indigenei indarra eman die. Estatuek aldatu dute jarrera ofiziala, baina egunerokoan ez da aldatu. Guk egunero bizi behar dugu kolonizatzaileekin. Latinoamerikan ez da deskolonizazio prozesurik izan.
Adierazpena ez baita loteslea, eta estatuaren borondatearen esku uzten du dena...
Estatuaren esku, baina baita herri indigenen esku ere. Bolivian, adibidez, loteslea da, lege delako. Hori horrela da presidente indigena dugulako. Herri indigenen indarraren araberakoa da hori. NBEren adierazpena marko oso garrantzitsua da indigenen borroka politikoetarako, gehiengoa garen tokietan: Bolivian, Ekuadorren, Perun, Guatemalan...
Gehiengoa bai, baina zatitua?
Ez ezazu pentsa. Bolivian, behintzat, erakutsi dugu helburu politiko bakarra dugula. Harreman onak ditugu, eta erakutsi dugu batzeko gai garela. Indio bat gobernari izatea animalia bat agintari izatea bezalakoa da batzuentzat. Horrek trauma handia eragin du gure herrialdeko klase altuetan eta Latinoamerika osoan.
Boliviakoa da jarraitzeko eredua?
Indio bat Boliviako boterearen gailurrean egotea oso-oso garrantzitsua da indigenentzat, izan Boliviakoa edo Zeelanda Berrikoa. Evo Moralesek lidergo handia du une honetan.
Badu eragina Boliviatik kanpo ere?
Bai, indar politikoan. Herri indigenak subjektu politiko bezala hartzen hasi dira estatuak. Mestizoek maneiatzen zituzten lehen alderdi politikoak, eta orain ez dira existitu ere egiten.
Agintaritza lortzeak nolako eragina izan du indigenen artean?
Indigenen arazo handiena da autoestimua indibiduala eta kolektiboa galtzea. Kolonialismoak eragin digu zoriontsu ez izatea. Bolivian harro gaude garenaz. Taldeko harrotasuna ere bada. Gai izan gara gureetako bat presidente egiteko. Asmoa da Bolivian indigena ez den presidenterik ez izatea.
Boliviatik kanpo ere badago harrotasun hori?
Indigenen meka modukoa bihurtu da Bolivia. Mundu guztiko indigenak erromes gisa joaten dira.
Estatu ikuspegitik, nolako garrantzia du indigenak politikan aritzeak?
Indigenak %60 gara Bolivian. Orain arte, indigena asko ez ziren gizartearen zati sentitzen. Pentsa ezazu: nola liteke demokrazia izan %15-20k erabakitakoa bada gobernaria? Hori apartheid-a da. Orain arte, kolonizatzaileek zuten botere erabatekoa, Europako abizena eta azal zuriena dutenek.
2007an onartua izateko, deigarria da adierazpenaren lehen artikulua: «Indigenek eskubidea dute giza eskubideak bete-betean izateko».
Adierazpenak ez luke existitu behar. Ez luke egoera hau egon behar. Guk soilik dakigu gure gainean nolako pisua dagoen. Adierazpenak egiten duen bakarra da Giza Eskubideen Adierazpena egin zenetik martxan dauden eskubideak laburbildu. Eta hori egiten du herri indigenei besteekiko parekotasuna aitortzeko.
LATINOAMERIKA. INDIGENEN EGOERA
«Krisia aukera da indigenentzat, atzera egin baitute multinazionalek»
Herri indigenetan aurrerapenak izan dituzte, Mamaniren ustez. Hitzetatik ekintzetarako pausoa erabat egin gabe dagoela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu