«Elikagaien krisiak ondorio ikaragarriak eragin ditu. Gosetearen biktimen kopuruari dagokionez, epe luzerako joerak ezarri ditu. Joera horiek benetan kezkagarriak dira», adierazi du Hafez Ghanem FAOko Garapen Ekonomiko eta Sozialerako zuzendariak. «Mundua aberasten zen bitartean, gosetea zabaldu egin da».
FAOko zuzendari Jacques Dioufek azaldu duenez, datozen urteetan laboreen ekoizpena handitzen bada ere, prezioak egonkortu egingo dira; hortaz, herrialde behartsuenetan elikagaien krisia pairatzen jarraituko dute. Ohi legez, behartsuenek jasaten dituzte gehienbat elikagai krisiaren ondorioak. FAOk lurrik gabeko nekazariak eta gurasoetako bat falta duten familiak -bereziki aitarik ez dutenak- aipatu ditu biktima nagusien artean. Hala, garatzeko bidean dauden herrialdeetan daude goseak jotako gehienak: 907 milioi lagun, hain zuzen.
Alfer-gurpila
«2003 eta 2006. urteen artean aurrerapausoak eman zituzten goseteari aurre egiteko. Egindako guztiak, baina, gutxirako balio izan du, elikagaien prezioen igoera dela eta», dio FAOk argitaratutako txostenak. Garapenerako Milurteko Helburuak erdiesteko aukerak ere murriztu ditu. 2015erako goseak zeuden pertsonen kopurua erdira jaisteko helburua ezarri zuten 1996an. Hori lortzea, ordea, ia ezinezkoa da gaur-gaurko datuak ezagututa.
Iaztik elikagaien prezioa %52 igo da. Ongarriena ere bikoiztu egin da, FAOren arabera. «Krisiak gosetea eragiten du, baina lan produktibitatean, osasunean eta hezkuntza ere eragiten du. Horrek, finean, ekonomiaren hazkundea txikiagoa izatea dakar», azaldu du Hafez Ghanemek.
«Gosea pobreziaren arrazoietako bat da, ez soilik ondorio bat», azaldu du, bestalde, Kostas Stamoulis FAOko ekonomialariak. «Pertsonek ekoizteko eta dirua irabazteko duten ahalmena murrizten du goseak. Alfer-gurpila sortzen da. Muturreko pobreziak gosea dakar, eta horrek pobrezia betikotzea». FAOren arabera, eskualde behartsuenetan elikagaien auzia gainditzeko urteko gutxienez 30.000 milioi dolar beharko dira. Dioufen aburuz, ez dute askorik eskatzen. «Ez behintzat OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak nekazaritzara 376.000 milioi dolar bideratzen dituela kontuan izaten badugu». Erakundeko horretako kideek armagintzan 1,2 bilioi dolar inbertitzen dituztela gogorarazi du Dioufek.
Urtean milioi erdi emakume hiltzen dira haurdun daudela edo erditzeko unean
Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak emandako datuen arabera, urtean milioi erdi emakume inguru hiltzen dira haurdun daudela edo erditzean. Kasuen %99 garatzeko bidean dauden herrialdeetan gertatzen dira; %84 Afrika eta Asiako hegoaldean. «Heriotzen kausak aski ezagunak dira, baita horiei aurre egiteko neurriak ere. Emakumeak behargabe hiltzen dira»,azaldu du Peter Salama Unicefeko kideak.Osasun zerbitzuak jasotzeko aukerarik ez dutelako eta horien kalitatea txarra delako hiltzen dira ama izateko diren emakumeak. Odol-galtzeak, berriz, kausa ohikoenak dira. Infekzioa, hipertentsio nahasmena eta arrisku handiko abortuak ere emakume askok izaten dituzte.