Errefuxiatuen krisia

Kroaziak mugak itxi ditu, iheslari ugari jaso ostean

Serbiarekin muga egiten duten zazpi igarobide itxi ditu bart. Barne Ministerioak adierazi du ezin dietela errefuxiatu uholde berriei bide eman. Azken bi egunetan ia hamar mila iheslarik hartu dute Kroaziarako bidea.

Iheslariak, erregistroa egiteko zain Serbia eta Kroazia arteko mugan, Tovarkinen. ANTONIO BAT / EFE
Xabin Makazaga.
2015eko irailaren 18a
11:08
Entzun

"Sartu diren errefuxiatuen egoera egonkortzeko", Kroaziak mugak itxi dizkie iheslariei behin behinean. Serbiarekin muga egiten duten zazpi igarobide itxi ditu. Hala ere, errefuxiatuek Kroaziara sartzen segitzen dute. Besteak beste, Bajakovotik barrena.

Kroaziaren jarrera abegikorrari azkar hartu dio gaina Baltikoko igarobidetik Europa iparraldera iritsi nahi duten iheslarien uholdeak. Hungariak Serbiarekiko muga itxi eta biharamunean, Kroaziatik «bidea libre» izango zutela jakinarazi zuen herenegun Zoran Milanovic lehen ministroak. Baina bi egunean ia hamar mila iheslari iritsi dira, eta haiek guztiak artatu eta erregistratzeko «baliabide mugatuak» dituztela esan zuen atzo goizean Milanovicek. Arratsalderako, iheslari gehiago «ezin» dituztela hartu nabarmendu zuen Ranko Ostojic Barne ministroak: «Kroazia jada beteta dagoela esan diegu UNHCRko eta Europako Batasuneko agintariei». Egunean 1.500 iheslari hartzeko gaitasuna du Kroaziak, gobernuaren arabera. Aurrez, bi astean 20.000 iheslari espero dituztela esan zuen Sinisa Varga Osasun ministroak.

Ekialde Hurbiletik, Asiatik eta Afrikatik gerra eta gosetea atzean utzi nahian Europara babes bila etorri diren iheslariek, baina, Kroaziara bidean jarraitzen dute Serbiatik, Hungariako Gobernuak ez baitu muga irekitzeko asmorik agertu. Are, istilu larriak izan ziren herenegun Horgoseko pasabidean, iheslariak indarrez muga igarotzen saiatu eta Hungariako segurtasun indarrek bortizki geldiarazi baitzituzten: 150 iheslari eta 14 polizia zauritu ziren istiluetan.

Bien bitartean, Greziara Mediterraneotik migratzailez betetako ontziak iristen jarraitzen dute: lau egunean 8.500 lurreratu dira Lesbos uhartean soilik. Eta nola edo hala, askok lortzen dute helmugaraino iristea: asteazkenean 7.266 migratzaile erregistratu zituzten Alemanian; bezperan halako bi. Bidean trabak eta kontrolak ugaritu arren, atzera egitea ez da aukera bat iheslarientzat.

Herrialde hartzaileak, baina, gainezka eginda daude, iheslari uholdeari aurre egin ezinda. Eta Manfred Schmidtek, Alemaniako Bamf Migraziorako eta Iheslarientzako Bulego Federaleko presidenteak, dimisioa eman zuen atzo «arrazoi pertsonalak» argudiatuta. Kritika handiak jaso ditu azken egunotan Bamf-ek, atzerapen handiak ari direlako gertatzen asilo eskaeren tramitazioan. Baina Schmidten «lan bikaina» goratu du Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak. Izan ere, 40.000 iheslari iritsi diren egunak ere izan dira Alemanian, eta aurten guztira 800.000 baino gehiago espero dituzte: iaz halako lau.

Migratzaileen krisiari bere mugetara iritsi aitzin aurre egiteko edo, Turkiarentzat Europako Batasunaren funtsean aurreikusita zegoen dirutik mila milioi euro errefuxiatuen auzia bideratzeko erabiltzea proposatu zuen atzo Europako Batzordeak. «Turkia herrialde giltzarria da errefuxiatuen krisia konpontzeko», esan zuen Johannes Hahn Erregio Politikarako komisarioak. Siriako ia bi milioi iheslari daude Turkian.

Kuotak, botoak eta bilerak

Italiara, Greziara eta Hungariara iritsitako 120.000 asilatu estatu kideen artean nola banatu, korapiloa askatu gabe jarraitzen du Europako Batasunak. Presazko bozketa batean, Europako Batzordeak proposatutako kuota sistemaren alde agertu zen atzo Europako Parlamentua. Aldeko 372 boto, kontrako 124 eta 54 abstentzio izan ziren, eta mezu argia bidali zien legebiltzarrak akordioa eragotzi zuten herrialdeei.

28 estatu kideetako Barne ministroak hurrengo asteartean bilduko dira berriro 120.000 iheslari nola banatu eztabaidatzeko, eta «behar diren erabakiak» hartzeko ohartarazi zien atzo Europako Batzordeak, agiri batean: «Ekiteko ordua iritsi da».

Barne ministroak bildu eta biharamunerako, Europako Batasuneko estatu eta gobernuetako buruzagien goi bilerara deitu du Europako Kontseiluko presidente Donald Tuskek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.