Bederatzi egunez Kuba zeharkatu eta dozenaka milaka lagunen babesa jaso ostean, ekitaldi pribatu bat eginez hobiratu dituzte Santa Ifigeniako hilerrian Fidel Castroren errautsak. Senideak eta gertuko lagunak izan dira azken agurrean. Azaroaren 25ean hil zen Castro, eta lau egunez 1.000 kilometro inguruko ibilbidea egin dute haren errautsek.
Milaka lagunek eman diote azken agurra Fidel Castrori Santiagon, Castrok 1959an iraultzaren garaipena iragarri zuen hirian. Habanatik Santiagorako bidea egin dute Castroren errautsek azken egunetan, eta larunbatean egin diote azken omenaldia, errautsak bertara iristearekin batera.
Ekitaldian izan dira eragile sozial eta nazioarteko ordezkari ugari; tartean, Nicolas Maduro eta Evo Morales Venezuelako eta Boliviako presidenteak. Han izan dira Luiz Inacio Da Silva Lula eta Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak ere.
Raul Castro Fidelen anaia eta Kubako estatuburuak hartu du hitza. Historiari erreparatu dio bere hitzetan, azken 60 urteko historiaren pasarte nagusiak aipatuz. Iraultzaren lorpen nagusiak zerrendatu ditu, besteak beste: "Haurren heriotza tasa Kanadak eta AEBek baina tasa txikiagoa dugu". Halaber, adierazi du Fidelek erakutsi diela garatu, biziraun eta aurrera egin daitekeela sozialismoaren oinarriei uko egin gabe.
Beste eragile batzuek ere hartu dute hitza. Iraultzaren Babeserako Batzordeetako ordezkariak: "Fidel Kuba da Fidel herria delako. Haren arrastotik jarraituko dugu". Kubako Emakumeen Federazioko ordezkariak, berriz, esan du iraultzak emakumeak "duindu" dituela: "Zurekin lehen aldiz gure buruaren jabe bihurtu ginen".
Nekazarien ordezkari bat ere mintzatu da: "Lurraren jabetza itzuli zigun Iraultzak, eta hezkuntza eta osasuna eraman zituen txoko guztietara".