«Munduko eredu ekonomikoa zeharo bidegabea da: herrialde aberatsenen alde, gutxien dutenak are gutxiagorekin uzten ditu». Hori dela eta, Kubak eta Iranek munduko eredu ekonomikoa eta politikoa aldatzeko eskatu dute New Yorken, Milurtekoaren Garapenerako Helburuak berraztertzeko NBEren goi bileran. «Beste ordena bati esker soilik lortuko dugu helburu denak 2015erako betetzea», adierazi zuen atzo Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak. Eta, zuzen dabilela erakusteko, bere herrialdean gertatutakoa jarri zuen adibide gisa: «Kuban ia milurteko helburu guzti-guztiak bete ditugu; hainbat kasutan, halaber, are urrunago joan gara».
Kubak pobreziaren aurka duen konpromisoak herrialdearen mugak gainditzen ditu, eta «Hirugarren Munduko hainbat nazioren garapenean» lagundu du, horregatik. Brunok nabarmendu duenez, halaber, Kubak blokeo eta guzti lortu du aurrera egitea. «Emandako pausoak erabat arrakastatsuak izan dira, nahiz eta AEBetako Gobernuak mende erdiz blokeo ekonomiko eta finantzarioa eduki duen indarrean», azaldu du Atzerri ministro kubatarrak.
Habanako gobernuak egindakoak ez ezik, beste hainbat herrialdek egindakoak ere gogoan izan ditu Brunok New Yorken. «Venezuelan Iraultza Bolivartarrari esker lortutakoak aipagarriak dira; zalantzarik gabe, Hugo Chavezen politika sozialek izan dute zerikusia horretan». Aldiz, ekonomian aurreratuen diren herrialdeek ateak ixten dizkiete herrialde pobreen esportazioei. Bitartean, haien kanpo zorra gero eta handiagoa da. «Herrialde garatuetako ustelkeria finantzarioak munduko krisia eragin du; horrek oso eragin kaltegarria izan du herrialde behartsuetan».
Hala, beste ordena ekonomiko bat aldarrikatzeaz gain, herrialde aberatsei garapenerako proiektuetara euren BPG barne produktu gordinaren 0,7 bideratzeko eskatu die. NBEri, berriz, errealitatearen jabe egiteko eskatu dio.
Kubako Gobernuak ez ezik, Irangoak ere egin du beste ordena ekonomiko eta politiko baten alde; Mahmud Ahmadinejad presidente irandarrak, hala ere, argiago agertu du: mundu zabaleko ordena berriak kapitalismorik gabe izan behar du.
«Jainkozko mentalitatea»
«Nola kapitalismoaren ordena baztertzaileak eta ikuspegi hegemonikoek hondoa jo duten, eta amaierara iritsi diren, beharrezkoa da harreman justu eta arrakastatsuak izatea aurrerantzean», adierazi du Irango presidenteak. Ahmadinejadek uste du, izan ere, «jainkozko mentalitatean» oinarrituko diren gobernuen sorrera ekarriko duen ordena baten beharrean dagoela mundua.
140 estatuburu eta gobernuburu bildu dira New Yorken: herenegun hasita gaur dituzte amaitzekoak bilerak. Helburu hamar urtean lortu ez dutena bostean lortzea da. Bilerek irauten duten denboran, tamalez, 70.000 haur eta 3.000 emakume hilko dira senda daitezkeen gaitzengatik.
Kubak eta Iranek beste mundu eredu bat eskatu dute NBEn
Mende erdiz AEBen blokeoa jasan badute ere, Garapenerako Milurteko Helburu gehienak bete dituztela adierazi du Kubak. Kapitalismoari bizkarra emango dion ordena berria eskatu du Ahmadinejadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu