Kubara iritsi denetik indarra galdu badu ere, «oso arriskutsua» da oraindikIke urakana. Hala jakinarazi dute, bai irlako Meteorologia Institutuak, bai Miamin (AEB Ameriketako Estatu Batuak) dagoenUrakanen Zentro Nazionalak. Horiek hala, Kubako Gobernuaklarrialdi abisua bere horretan mantentzea erabaki du probintzia gehienetan. Beste neurrien artean, milioi bat lagun- biztanleria osoaren %10 inguru- behartu ditu beren etxea lagatzera. Horiekin batera, Varaderon (Matanzas probintziako iparraldeko kostaldean) oporretan ziren 23.000 turista ere leku ziurragoetara mugitu dituzte, Amado Acosta Turismo ministroaren arabera. Izan ere, uhartea osorik zeharkatzekoa da Ike, ekialdetik mendebaldera, eta horretxek bilakatzen du hain arriskutsu.
Herenegun iluntzean (astelehen goizaldea Euskal Herrian) heldu zen Ike Kubara. Irlako ipar- ekialdeko Holguin probintziatik sartu zen, Saffir-Simpson eskalan hiruko maila zuela. Lurra jo eta ahuldu egin den arren-biko maila duela doa mendebalderantz-, 195 kilometroko abiadurako haize boladak ditu bataz-beste. Indar aski du, beraz, artean Gustav urakanaren biharamuna bizi duen irlarentzat.Horregatik, gerra garaietako hiztegia erabilita, herrialde osoa «borroka alarman» dagoela adierazi zuen Fidel Castro gobernuburu ohiak, atzo argitaratutako artikulu batean.
Izan ere, zortzi egunen buruan Kubara heldu den bigarren urakana da Ike. Aurreko asteburuan Gustav igaro zen irlatik. Ike baino indartsuagoa izan bazen ere-lauko maila eskuratu zuen Saffir-Simpson eskalan-,uhartearen mendebaldean baino ez zituen eragin kalteak. Mendebaldeko mutur horretan, ordea, Juventud irlan eta Pinar del Rio probintzian, azpiegitura erabat suntsitu zuen. Azken txostenen arabera, 140.000 etxebizitza eta 550 eskola eta osasun zentro geratu ziren erabili ezinda. Argi-indar eta telefono sarean ere izan ziren kalteak. Era berean, milaka landa hektarea estali zituen urak. Eta, uholdeak medio, Kubako Gobernuak erreserban zituen milaka tona janari ere galdu ziren. Hondamen horri aurre egin ahal izateko Kubak gutxienez 3.000 edo 4.000 milioi dolar beharko dituela kalkulatu du Fidel Castrok. Dagoeneko jaso du Kubak nazioarteko laguntza; besteren artean, Errusiatik, Venezuelatik, Ipar Timorretik, Txinatik eta Vietnametik.
Bestalde, etorkizunean zikloiei eutsiko dioten 1,5 milioi etxebizitza eraiki beharra ere nabarmendu du Castrok. Kubako eraikuntzen %40 «egoera txarrean» daude, izan ere. Balantze hori ikusita, beraz, Ike-k eragingo dituen kalteak ere hala moduzkoak izango direla aurreikusi dute adituek.
Asteburuan, AEBetan
Baina Kuba ez da Ike-ren beldur den bakarra. AEBetako hego-ekialdeko estatuetan hasiak dira hainbat neurri martxan jartzen. Florida hegoaldeko irlatan-Ocean Reefetik Dry Tortugas arteko eremuan-, esaterako,ebakuatze agindua eman dute agintariek. AEBetako presidente George Bushek, gainera, larrialdi egoera ezarri du zonalde horretan. Neurri horrek diru laguntza azkarrago bideratzea posible egiten du, urakanak hondamendia eraginez gero.
Gaur da irtetekoa Kubatik Ike urakana, eta Mexikoko Golkoan izango da datozen egunotan. Iragarpenak beteko balira, indartuta helduko litzateke AEBetara, asteburuan. Texasko edo Louisianako kostatik da sartzekoa, hain zuzen.
Era berean, Bahametako Andros irlan, Caiman irlan eta Jamaikan ekaitz tropikal arriskua iragarri dute.
Kalteen gaineko kalteak
Hanna urakanak zauritutako herrialdearekin egin zuen topoIke-kherenegun.Hala, joan den asteko urakanak 500 hildako laga bazituen Haitin, Ike-k 50 bat ingururi kendu zion bizia.Itota hil ziren guztiak, haurrak tartean, Puerto Principe hiriburutik 24 kilometrora dagoen Cabaret herrian. Zaurituak ere izan ziren uholdeetan, hamabost bat informazio ofizialaren arabera. NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean duen misioa, Gurutze Gorriko ordezkariak eta Martinicatik joandako suhiltzaileak dihardute berreraikitze lanetan.
Bestalde, Dominikar Errepublikatik ere igaro zen herenegun Ike urakana. Hildako bakarra laga zuen: haize bortitzen eraginez eroritako palmondo batek azpian hartuta hil zen gizon bat. Kalte materialak, ordea, nabarmenak izan dira. Baita Karibe itsasoan dauden Turcas eta Caicos irletan eragin dituenak ere. Uhartedi horretako etxebizitzen %80k jasan dituzte haizeen eta euriteen eraginak.
Hanna urakana, berriz, Kanadara bidean da. Larunbatean jo zuen lurra, AEBetako Ipar eta Hego Carolina estatuen arteko mugan. Ipar-ekialderantz doa orain, 57 kilometro orduko abiaduran. AEBetako Ozeanoen Administrazio Nazionaleko meteorologoek aurreikusi zuten moduan, urakan sasoi bizia ari da izaten aurtengoa. Ekainaren 1ean hasi zen boladarako hemezortzi ekaitz tropikal iragarri zituzten haiek, horietako hamar urakan bilakatzeko arriskua zutenak. Orain artean hamar ekaitz tropikal eta bost urakan baino ez dira eratu Atlantikoan, baina gehiago ere izan litezke, urakan sasoia azaroaren 30era arte luzatzen dela kontuan izanda.
Kuban indarra galdu badu ere, 'Ike' urakana «oso arriskutsua» da
Uhartea osoa zeharkatuko du urakanak, ekialdetik mendebaldera, eta asteburuan indartuta iritsiko da AEBetako kostaldera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu