Kuba

Kubarekiko politika berrikusten ari dela adierazi du AEBetako Gobernuak

«Demokrazia eta giza eskubideak» erdigunean jarriko dituen aldaketak aztertzen ari da Etxe Zuria. Kubako Gobernuak gehienezko muga ezabatu die sendagai, elikagai eta garbitasunerako produktuen inportazioei, urte amaiera arte.

Kubako Gobernuaren aldeko manifesariak, joan den asteartean, Habanan, Kapitolioaren parean. YANDER ZAMORA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 15a
13:13
Entzun

«Kubatarren ongizatean eragina izateko» neurriak aztertzen ari da AEBetako Gobernua, Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa idazkariak atzo jakinarazi zuenez. Joe Biden AEBetako presidenteak hauteskunde kanpainan iragarria zuen atzera egingo zuela Donald Trump presidente ohiak Kubarekiko hartu zituen zenbait neurritan, eta Washingtonek iragarri du hasia dela moldaketa horiek eztabaidatzen. Politika berriak «demokrazia eta giza eskubideak» izango ditu erdigunean.

Psakiren iritziz, joan den igandean Kubako hainbat hiritan piztu ziren protestak «gertakari garrantzitsuak» dira, eta AEBen jarreran «eragina» izango dute. Aldaketa hori ez da «puntuala» izango, «integrala» baizik.

Prentsa idazkariak aitortu du Trumpek Kuba «terrorea sustatzen duen estatu gisa» sailkatu izanak murrizketa ugari ezarri dizkiola uharteari, baina ez du zehaztu Etxe Zuria murrizketa horietatik zeintzuk berrikusten ari den, ezta aldaketa posible horiek kubatarren ongizatearen zein arlotan eragingo luketen ere.

Psakirenak ez dira Washingtonek ildo horretan egin dituen lehen adierazpenak. Joan den asteartean, Ned Price Estatu Departamentuko bozeramaileak ere adierazi zuen AEBak Kubarekiko politikan aldaketa posibleak aztertzen ari zirela. Haren esanetan, Bidenen gobernua berrikuspen «zabala» egiten ari da Kuban «demokrazia eta giza eskubideak» sustatzeko. «Kubako herritarrei laguntza emateko aukera egingarriak aztertzen ari gara beren behar humanitarioei erantzuteko, oso sakonak baitira».

Pricek ukatu egin zuen Kubatarren oinarrizko behar horiek AEBek uharteari ezarritako blokeo ekonomikoarekin zerikusirik duela. «Beharrak sakonak dira, ez AEBek egindako ezerengatik, Kubako erregimenaren ekintzengatik eta ekintza ezarengatik, kudeaketa txarrarengatik eta ustelkeriagatik baizik». Uhartearen gaineko enbargoa ez da oztopo Kubara «ondasun humanitarioak» bidaltzeko, bozeramailearen iritziz.

Hain justu, blokeoak kubatarrei eragiten dizkien zailtasun ekonomikoen ardura leporatu dio Habanak Etxe Zuriari, AEBek Kubako manifestarien aldarriak babestu dituztenean eta Manuel Diaz-Canel uharteko presidenteari «herria entzuteko» eskatu diotenean. Habanak protestak sustatzea eta herrialdea ezegonkortzen ahalegintzea egotzi dio Washingtoni. Diaz-Canelek Etxe Zuriaren «errezeta hipokritak» baztertu zituen. «Herriarengatik benetan arduratuta badaude, Kubaren arazoak konpondu nahi badituzte, amaitu dezatela blokeoa».

Trumpen estutua

Trumpen gobernuak Kubaren kontrako neurriak gogortu zituen bere agintaldian [2017-2021], Barack Obama AEBetako presidente ohiaren «kontziliazioak» emaitzarik ez zuela eman iritzita. Azken kolpea Etxe Zuria utzi baino bederatzi egun lehenago eman zuen, urtarrilaren 11n, Kuba «terrorismoa sustatzen duten estatuen zerrendara» gehitu zuenean berriz —2015ean atera zuen Obama-Bidenen gobernuak—. Neurriak zigor ekonomikoak ezarri zizkien Kubako hainbat erakundetako arduradunei eta herrialdearekin merkataritza arlo jakinetan harremanak zituzten herrialdeei.

Ordurako, Trumpek beste neurri batzuk hartuak zituen Kubako ekonomia estu hartzeko. Hamar egun lehenago, atzerriko inbertsioei kalte egiteko erabakia hartu zuen: Washingtonen zerrenda beltzera gehitu zuen Nazioarteko Finantza Bankua, Kubako garrantzitsuenetakoa, herrialdean atzerriko inbertsiogileen kontu gehienak kudeatzen dituena. Iazko urrian, Western Union enpresak Kuban egiten zituen operazioak galarazi zituen, eta, horrenbestez, herritarren oinarrizko diru iturri bat moztu zuen, kubatarren senide eta gertukoek AEBetatik egiten zizkieten diru bidalketena. Urtean 700 milioi euro baino gehiago. Kubako hoteletan ostatu hartzea ere debekatu zien estatubatuarrei. Kalte esanguratsua eragin zion horrek uharteko ekonomiaren motorrari, turismo sektoreari.

Ez hori bakarrik. Atzerriko inbertsioak atakan jarri zituen, Kubako herritarrei bidea emanez AEBetako justiziaren aurrean 1959tik konfiskatutako ondasunak erreklamatzeko. Washingtonek hogei urtez izoztuta izan zuen neurria, eta Trumpek indarrean jarri zuen 2019ko apirilean. Europaren haserrea eragin zuen horrek, enpresa europar ugari salatzeko bide ematen duelako.

Ikusi egin beharko da Bidenen gobernuak neurri horiekin guztiekin zer egiten duen eta noraino egiten duen atzera Trumpek jorratu zuen bidean.

Neurri aringarriak

Azkarrago mugitu behar izan da Kubako Gobernua, milaka kubatarrek, joan den igandeko protestetan, sendagai eta elikagai eskasia eta zerbitzu elektrikoaren mozketak salatu ostean. Kexu horiei erantzuteko hainbat neurri iragarri zituen atzo. Besteak beste, ezabatu egingo du orain arte uhartera bidaiatzen zutenek herrialdean inportatu zezaketen elikagai, sendagai eta garbitasunerako produktuen gehienezko kopurua.

Horrez gain, gobernuak herrialdeko zentral elektrikoak berrikusiko ditu. «Ekoizpen ahalmena nabarmen hobetzea» espero du, eta zerbitzu elektrikoan izan diren arazoak murriztea.

COVID-19aren kontrako txartatze kanpaina azkartuko duela ere hitzeman dute Kubako agintariek. Abuztua amaitzerako biztanleriaren %60 txertatua egotea jarri dute helburu.

Soldaten ordainketa malgutzeko neurriak iragarri ditu, gainera. Estatuko enpresetan ez da derrigorrezkoa izango langileen ordainketarako soldata eskala erabiltzea. Era progresiboan ezabatuko dute baldintza hori.

Diaz-Canelek aitortu zuen herritarrengan «haserrea» eragin dutela oinarrizko elikagai eta sendagai gabeziak, elektrizitate sareko mozketen ugaritzeak eta pandemiak egoera horri arazo gehiago batu izanak. Azken protestetan entzun ziren kexuek gobernua zenbait neurri hartzera behartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.