Ameriketako Estatu Batuek duela ia mende erditik Kubaren aurka indarrean dagoen enbargo ekonomikoa kentzeko eskatu zuen atzo Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian gehiengo handi batek. 192 herrialdek osatzen dute NBE, eta haietatik 185ek onartu zuten enbargoaren aurkako erabakia. Hiru herrialdek egin zuten erabakiaren kontra: AEBek, Israelek eta Palauko Errepublikak. Ez zuten bozkatu Marshall Uharteek eta Mikronesiak, eta ez zuten bozketan parte hartu El Salvadorrek era Irakek.
Kubak hamazazpigarren aldiz aurkeztu zuen enbargoaren aurkako erabakia atzo, AEBen jokabideak herrialdean dituen eragin kaltegarriak salatzeko eta bertan behera uzteko eskatzeko. Iaz baino babes handiagoa izan zuen Kubaren eskaerak; iaz 184 herrialdek eman zuten aldeko botoa, eta lauk aurkakoa. Ildo horretan, AEBak bakarrik daudela adierazi zion Felipe Perez Roque Kubako Atzerri ministroak AEBen ordezkaritzari. Hamar kubatarretik zazpik bizitza osoan boikotaren ondorioak jasan dituztela gogorarazi zuen, hau da, boikota «Barack Obama eta bere belaunaldia baino zaharragoa» dela.
Eztabaidaren testuingurua berezia dela aipatu zuen; alde batetik AEBetako bozak daudelako eta bestetik, urakanek eragindako kalteak. AEBek, urakanak direla eta, «zinismoz eta hipokresiaz» jokatu dutela salatu zuen, eta Kubak bost milioi dolarreko diru laguntza ukatu izana azaldu. Gainera, Kubak beste herrialde batzuetan dituen enpresen kontrako jokabidea gogortu izana leporatu zien Perez Roquek AEBei; nazioarteko transakzioak oztopatu eta Kubarekin lotutako webguneak blokeatu izana.
Bestalde, Ronald GoddardAEBen ordezkariak adierazi zuen Kubaren aurkako enbargoa bere herrialdearen merkataritza politikaren parte dela eta ez dagokiola NBEri. Interes politikoak herritarren ongizatearen aurretik jartzea egotzi zion Goddardek Kubari, urakanak pasatu ostean AEBen «baldintzarik gabeko eskaintzak» ukatu zituelako.
Gainera, enbargoa oso kontuz pentsatuta dagoela ziurtatu zuen, elikagaiak eta giza produktuak irits daitezen. Gogorarazi zuen iaz 40 milioi dolar bidali zituztela sendagaitan eta 240 milioi dolar «giza laguntzapribatuan».
Kubari enbargoa kentzeko eskatu die NBEk AEBei
Ia aho batez onartu du NBEren Batzar Nagusiak erabakia; 192 herrialdeetatik 185ek alde bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu