GIZA GARAPENARI BURUZKO TXOSTENA

Kultur aniztasuna errespetatu beharra aldarrikatu du NBEk

«Oso garrantzitsua da jendeak izan nahi duen bizimodua libre aukeratu ahal izatea», diote txostengileek

arantxa elizegi egilegor
DONOSTIA
2004ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako Programak urteroko txostena kaleratu zuen atzo. Kultur aniztasuna du dokumentuak gai nagusitzat. Egileen arabera, nazioarteak Milurtekoaren Helburuak bete nahi baditu, lehenik kultura eta etnia desberdinei gizarteratzeko bidea ireki behar die. Horretarako, baina, giza talde bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz garatu behar du gizarteak.

Hala ere, bide hori ez da beti dirudien bezain erraza. Hizkuntza gutxituen kasuan, esaterako. Haur bati txikitatik bere gurasoen hizkuntza irakasten diotenean, hobeto ikasten duela diote adituek. Hori hizkuntza gutxitua denean, ordea, gazte horrek arazoak izan ditzake handitzen denean lana aurkitu ahal izateko. Arazoa hauxe da: ez dagoela gizarte kultur anitza sortzeko jarraitu beharreko pauso jakinik. Badira, aldiz, gizarte horrek bete beharko lituzkeen ezaugarri jakin batzuk.

-Bazterketarik gabeko gizartea: «Munduan dauden 200 herrialdeetan 5.000 talde etniko daude. Horietako batzuetan, herritarren %10 talde etniko batekoak dira. Gizarte horiek kultur anitzak izango badira, gizakiek beren ezaugarri kulturalak hautatzeko askeak behar dute izan. Bi bazterketa mota daude: etania jakin baten bizimodua onartzen ez denean eta ezaugarri jakin batzuk izategatik parte hartzeko aukera murrizten denean. Etorkinei euren kultura eta hizkuntza baztertzeko eskatzea lehen kasuaren adibide litzateke.

Bazterketa herrialde demokratiko nahiz diktaduran aurki daiteke. Munduan mila milioi lagunek nolabaiteko bazterketa jasan behar dute egunerokoan. Hau da, zazpi pertsonetatik bat baztertua bizi da. Askatasuna murrizteko era asko daude, hasi garbiketa etnikotik eta berezkoa duten hizkuntza erabiltzea debekatzeraino. Baina gehienetan , haien ohitura eta erlijioa errespetatzen ez delako sentitzen dira talde horiek baztertuak».

-etorkinak: «XX. mendearen amaieran milaka lagunek beren etxe eta herriak utzi eta atzerrira egin zuten ihes. Gehienak Asia eta Afrikatik AEB Ameriketako Estatu Batuetara eta Europara joan ziren. 2000. urteko datuen arabera, esaterako, Kanadako hiriburuko pertsonen %44 etorkinak dira. Etorkin horiek herrialde berri batera doaz bizitzera. Baina, hala ere, jatorrizkoherriarekin harremanetan jarraitzen dute.

Agintariek aniztasuna errespetatu, ohitura eta kultura desberdinak onartu eta etorkinei bizileku berrira ohitzeko erraztasunak eskaini behar dizkiete. Euren mugak itxi dituzten herriek aurrera egin beharrean, atzera egin dute. Etorkinek aberastasuna ekarri dute bizkarrean: kultura eta erlijio aberastasuna, alegia. Herrialde gehienetan, ordea, bi dira politika nagusiak: banaketa eta berenganatzea. Lehenengoan etorkinek euren kultura mantentzeko aukera dute, baina baztertu egiten dituzte. Bigarrenean, aldiz, kultura berria berenganatu eta onartu ezean, ez dituzte onartuko».

-Kultura, produktu globala: «Ondasun kulturalak ez dira bestelako ondasunak bezalakoak. Herri baten ideiak, ikurrak eta bizimodua adierazten dituzte. Horiek merkatuaren esku utziz gero, galera handiak izango lirateke. Horren ondorioak nabariak dira egun zenbait herritan. Adibidez, denbora-pasa helburu duten produktuak laukoiztu egin dira. Baina horien %80, 13 herrialdek egiten dituzte. Herri horien buruan Ameriketako Estatu Batuak daude. Era berean, mundua osoan ikusten diren filmen %85 AEBetan eginak dira.

Monopolio horri aurre egiteko eta aniztasuna bultzatzeko Argentina eta Brasilen bidea jarraitu beharko lukete agintariek. Herri horietako ekoizpenek laguntza ekonomikoak jasotzen dituzte aurrera egin ahal izateko. Baina gobernuak ez die aterik itxi kanpoko produktuei».

-federalismo kultur anitza: «Talde etniko desberdin asko dauden herrialdeetan federalismo asimetrikoa bultzatzea da egokiena. Era horretan boterea mailakatu egingo litzateke. Talde bakoitzak bere tamainaren araberako esku-hartzea izango luke eta gutxiengoak ez lirateke baztertuak sentituko. Estatu federaletan sistema politiko desberdinak egon daitezke. Era horretan, talde etnikoek euren sistemak mantendu ahal izango dituzte.

Herrialde demokratiko nagusiek nolabaiteko politika federalista jarraitzen dute. Horren adibide dira Belgika eta Suitza. Politika horren arrakasta, baina, borondate politikoaren araberakoa izango da».

-Politika eta sinesmen askatasuna: «Estatuek haien herritarren eskubideak babestu eta askatasunak bermatzeko erantzukizuna dute. Sinesmen askatasuna babestu behar dute. Herritar guztiek eskubidea dute, oinarrizko sinesmen edo pentsakeren interpretazio jakin bat nagusitzat jotzen denean, hura kritikatu, zalantzan jarri edo aurre egiteko. Hezi zuten erlijioa kritikatu eta gaitzesteko eskubidea dute herritarrek».

-diskriminazio positiboa: «Desabantailak kolektiboak direnean diskriminazio positiboa beharrezkoa da. Neurri horiek egoki daitezke kolektiboek ordezkaritza eskasa duten kasuetan».

-HIZKUNTz POLITIKAK:«Hizkuntza komunitate bateko kideek politika eta kultura nazionaletan parte har dezakete. Hizkuntza anitz dituzten estatuek hiru hizkuntzatan oinarritutako politika behar dute: Estatuaren hizkuntza ofiziala; bitarteko hizkuntza, taldeen arteko komunikazioa errazteko; eta beste hizkuntzak ofizialki onartzea, hiztunek hizkuntza ofiziala edo bitartekoa menperatzen ez dutenean».

-

Aniztasunaren aurkako mitoak





Txostenak aniztasunari buruzdauden aurreiritzi negatiboen kontra egiten du. Mito horiek bost dira,eta bostak faltsuak, NBEren arabera.1. mitoa. Nortasun etnikoak Estatuaren kontra doaz: Estatuek ez dute batasun nazionalaren eta kultur aniztasunaren artean erabaki behar. Herritarrek nortasun osagarri asko dituzte etnia, hizkuntza, erlijioa, arraza, eta estatukidetasuna. Horiek ez dira kontrajarriak.

2. mitoa. Etniak elkarren kontrako borrokan daude: Informazio enpirikoak dio, kultur eta balio diferentziak direla-eta, oso gutxitan sortzen direla gatazka bortitzak.

3. mitoa. Kultur askatasunak giza eskubideak urratzen ditu. Kultur askatasunak ez dakar derrigor ohitura tradizional zaharkituak defendatzea; kultur aniztasuna bultza daiteke eta, aldi berean, giza eskubideak, demokrazia eta garapena sustatzen segi. Tradizioa ez da aitzakia giza eskubideak eta berdintasuna baztertzeko emakumeek hezkuntza izateko duten eskubidea, esaterako.

4. mitoa. Etnia anitz duten herrialdeak mantsoago garatzen dira: Ez dago informaziorik, kultur aniztasunak garapena moteltzen duela frogatzen duenik. Malaysia da adibidea. 1970-1990. urteetan hazkunde ekonomiko handiena izan zuten herrialdeen zerrendan hamargarrena izan zen. Malaysiako herritarren % 62 malaysiarrak dira, %32, txinatarrak eta 58, indiarrak.

5. mitoa. Kultura batzuk beste batzuk baino arinago garatzen dira: Ez dago horren frogarik. Islama eta demokrazia bateraezinak direla diote batzuek, baina musulman gehienak gizarte eta sistema demokratikoetan bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.