KURDISTAN. ELKARRIZKETA PJAK GERRILLAREKIN. Udaberria gerrilla kurduan

PJAK Kurdistanen Libre Bizitzeko Alderdia gerrillarekin izan da BERRIA, Kandil mendi eremuan, udaberriaren etorrerarekin bat

urtzirrutikoetxea
Kandil mendiak
2009ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Udaberriarekin batera natura biziberritzen den gisan ernatu ohi da gerrilla gerra. Iazko martxoan ekin zion Iranek Iraken menpeko Kurdistango Kandil mendiak bonbardatzeari. Turkiak dozenaka soldaduren gorpuak jaso behar izan zituen halaber, negua amaitu baino lehen gerrillei erasotzeagatik, eta erretiratu hurrena. BERRIA mendietaraino joan da, PJAK (Kurdistanen Libre Bizitzeko Alderdia) Teherani gerra egiten dion gerrillarekin egotera. Mugaz gaindi Irango estatura sartzear den emakume komando batek egin digu harrera. Kurdistan askatzeko gatazka politikoan aritzeaz gain, «erlijioak eta tradizioak ezarritako inposizioak hausteko ere» borrokatzen da PJAK.

Abendutik erasorik ez izateak esangurarik duen galdetu diegu. Negua da azalpen bakarra, ez ei da bestelako ezer ulertu behar. Ismail Kadarek Balkanei buruz idatzitakoaz oroitu gara: «menditarrek tontor elurtuetara begiratu eta burua astintzen zuten ezetz esateko. Elur maitea han goian egon artean, ez zegoen armadarik mugitzerik ez eta gerrarik hasterik. Udaberrian ziurtasun horiek birrindu egiten ziren eta elurra urtzeaz bat aldatzen ziren pentsamenduak».

Kandil mendietara iritsi da udaberria. Elur geruza lodia sumatzen da lur garaietan eta tontorretan; harana, baina, loratzen hasi berri diren arbolek edertzen dute. Pirinioetako paisaia izan liteke, lantzean-lantzean entzuten den eztandarik ez balitz. Gauez errezelak eta burusiak jarri dituzte bordako leihoetan, etsaiak argirik ikus ez dezan.

PKKren «eragina»

Biharamun goizean, erreka ertzera doaz aurpegia garbitzera gerrillariak. Ondoan, kurdu nomaden kanpalekua dago. Haranaren beste aldean, herria, ia hutsik. Duela hiru asteko bonbardaketan 4 urteko mutiko bat hil zuten Iranen bonbek, eta familiako zenbait kide larri zauritu ziren. «Haserretu egin dira gurekin», diosku Alik. Siriaren menpeko Qamishlo hiritik etorria, PJAK-ko kide da, baina ez du ezkutatzen Turkiaren aurka jotzen duen PKK Kurdistango Langileen Alderditik heldu dela honaino. PJAK-k bere burua gerrilla independente gisa aurkezten badu ere, ez ditu ukatzen PKKren eragina eta harremana: «Esperientzia handia daukate gerrilla borrokan eta Abdula Ocalanen ideiak oso geure egiten ditugu. Garrantzi handia izan dute tribalismoa gainditzeko eta Kurdistan batuaren ideia lantzeko». Zalantza oro uxatzen laguntzen du PKK iskribituta daukan kalashnikovak.

«Bonbardaketen ostean umea galdu duenak amorrua izatea normala da, baina jendea ez dago haserre gerrillariekin», hala mintzatu da inguruko herri bateko alkatea. Eskualdea Jalal Talabani Irakeko presidentearen PUK alderdiaren menpe dago, eta pentsa liteke Ahmed deitzea eskatu digun auzapeza bera ere alderdikide izango dela, kazetariak uxatzeko kontrolak ezarri dituzten peshmerga soldaduak bezalaxe. Baina Ahmedek ez du ezkutatzen gerrillaren aldeko sinpatia. Gidariak herrixketako kale estuetatik eta mendi bideetatik ekarri gaitu PJAKen lurralderaino. «Hau beti izan da gerrilla borrokarako eremua», jarraitu du berbetan alkateak; «Saddam Husseinek ere ez zuen lortu hartzea. Iaz milaka soldadurekin saiatu ziren turkiarrak sartzen, eta egun gutxira irten behar izan zuten, dozenaka gorpu eramanda. Horregatik dago jendea gerrillen alde: PKK edo PJAK ez baleude, beste batzuk egongo lirateke. Eta, Irango mugan egonik, Al Kaeda edo bestelako erakunde batzuek gustura hartuko lukete hemen aterpe».

«Gerrillariak gara,ez peshmergak»

Gau osoan entzun dira haranean eta mendietan leherketak, urrun. Goizean goiz abiatu da gaua gurekin eman duen familia, mugaz beste aldeko Piranshar hirira. Aita-amak, amona eta umea gerrillan daukaten semea bisitatzera etorri dira, eta itzultzeko ordua da. Amonak begiak malkotan alde egin du, lau mutil ageri diren collage baten argazkiari musu eman eta gero. Euretako bat beste semea dela diosku, «Sehid». Martiria.

Laster iritsi dira beste gerrillariak. Emakume komandoaren buru dator Ronahi Ahmed, eta PJAKren Europako ordezkaria dator eurekin. PJAK talde terroristen zerrenda sartu berri dute Estatu Batuek, baina ez dago legez kanpo Europan. Oraindik? Galdetu diogu. «Ez dakigu, baina Alemaniak eta Frantziak Estatu Batuek baino jarrera gogorragoa daukate orain bertan Iranen aurka. Berehalakoan ez dugu espero ilegalizaziorik». Goi mendietako baseetara ez dagoela joaterik dio Mohamedek: «Bestela ere ez zenuke inor aurkituko. Jo eta ke dihardute bonbardatzen eta talde txikietan antolatu behar izan dugu, eta babeslekuetara jo».

Elkarrizketa prestatzen dihardugula, eskari pare bat: «hemen geratuko den jendearen aurpegiak baino ezin dituzue atera. Besteentzat oso arriskutsua da, berehala abiatuko dira mugaz beste aldera borrokatzera». Horrez gain, «peshmerga» barik, gerrillari deitzeko eskatu digute. «Ez diogu inori esango nola egin lana, zuzentasuna baino ez dugu eskatzen, manipulaziorik gabe. Geure buruari gerrillari deritzogu, ez peshmerga, horrek heriotzaren bila doana adierazten baitu. Eta guk ez dugu heriotza nahi, guk bizitza berri bat nahi dugu».

Halgur Rojhelat arma hartu eta beste lagunekin batera abiatzeko prest da. «Edozein kurduk, ekialdean edo beste edonon, errealitate batekin egiten du topo haurtzaroan bertan: zure nortasuna ukatuta dago, ukazioa, gutxiespena eta debekua bizi ohi dituzu. Gure bihotzetan ez dago inor hiltzeko borondaterik. Baina txikitatik bizi dugun esperientzia horrek mendira etortzera behartzen gaitu, armak hartzera eta gure eskubideengatik borrokatzera. Zibilizazioaren sorleku ei den eskualde honetan diktadurak dira gaur egun nagusi».

Menditik jaitsiko gaituzten gerrillariei besarkada estuan agur esan eta autorantz abiatu gara. Ihesi joandako malkoren bat bizkor xukatu du ondoko gerrillariak. Badakite berriz elkar ez ikusteko arriskua oso handia dela.



Ronahi Ahmed. PJAK-ko koordinatzailea
Askapen nazionalarekin batera, Irango erregimenak eta tradizioak ezarritako rolak hautsi eta Kurdistan berrian emakumeak gizonen pareko agintea izatea bermatu nahi du PJAK gerrillak.

«Kurduon eskubideak onartu arte ez dugu hitz egingo desarmatzeaz»

U. Urrutikoetxea. Kandil mendiak

Munduko bazter honen konplexutasuna biltzen dute Kandil mendiek: Kurdistanen bihotzean, Turkiaren, Iranen eta Iraken mugek zatitzen dituzte hemen kurduak. Eta geopolitikak beste inon irudikatzen zail direnak ahalbidetzen ditu: Turkia, Siria eta Iran batu ditu kurduen aurka, NATOko kidea eta Mendebaldeak etsai gisa hartu ohi dituenak ; eta hirurek batera estutu dute Irakeko gobernu autonomoa, gerrillak kanporatu ditzan. Aurkakoa ere jazo da: AEBek eta Europak PKK talde terroristen zerrendan zeukaten bitartean, PJAK-k Washingtonekin harremana zuela luzaro entzun da, alde biek ukatu arren. Etxe Zuriak terrorista izendatu zuen PJAK otsailean, baina gatazkak bere horretan dirau.

Ekialde Hurbileko estereotipoetatik urrun, PJAK-k emakume asko erakarri ditu. Askapen nazionalarekin batera, Irango erregimenak eta tradizioak ezarritako rolak hautsi eta Kurdistan berrian emakumeak gizonen pareko ardura eta agintea izatea bermatzen ari dira, gerrillatik hasita.

Iranekiko politikan aldaketa batzuk sumatu dira Barack Obama AEBetako lehendakari denetik. Besteak beste, PJAK talde terrorista izendatu du Washingtonek. Zer diozue?

Obamak boterea hartzean aldaketaz hitz egin zuen, baina geroztik inork ez du argitu zein den haren politika. Iazko martxoaren 1etik Irango Gobernua errepresio gogorra erabiltzen ari da gure aurka, Turkiarekin batera, eta AEBak faktore garrantzitsua izan dira horretan. Informazioa ematen diote hegazkin espioietatik Turkiari, eta Turkiak Irani helarazten dizkio koordenatuak. Urtebete daramate horretan eta ez da aldaketarik izan. Bai, AEBetako Altxorraren Departamentuak gure banku kontuak blokatzeko agindu du, baina guk ez daukagu konturik AEBetan, eta ez dauka inolako eraginik. Erabaki hori hartu zutenean Irani keinuak egin nahi zizkioten garai berri bati ekiteko. Guztiz erabaki politikoa da, eta Kurdistango herria eta PJAK sakrifikatuta egin nahi dute hurbilketa. PJAK ahalik ahulen egotea gura dute halaber, Iranen dauden oposizioko beste erakundeak bezala kontrolatu eta manipulatzeko.

Ekialdeko [Iranen menpeko] alderdi kurduetako arduradunek gutxiespenez hitz egin zidaten oraintsu PJAKri buruz. Erakunde inportatua dela diote, PKKren adarra alegia, ekialdeko kurduengan onarpenik gabea.

PJAK-k batasun nazionalerako proiektua dauka, elkarte eta pertsona kurduak batzeko helburua. Arazoa da erakunde zaharrek ez gaituztela onartu nahi. Horregatik daude urduri, eta erabili egiten dituzte gure aurka. Eurengan nabari da kanpokoen eragina. Mugimendu horiek ez dute nahi kurduen beharren arabera jokatu, AEBen jokabidearen arabera dihardute beti, eta horregatik diote orain PJAKen aurka daudela, beren helburuetarako onuragarri delako. Guk onarpen handia daukagu Irango kurduen artean. Baina ez gaude haien aurka, guk elkarlana nahi dugu Irango kurduen auzia konpontzeko.

Emakume asko daude gerrillan.

PJAK erakunde demokratikoada eta emakumeok faktore garrantzitsua gara erakundean. Ehuneko berrogei izan behar dugu gutxienez buruzagitzako organo eta plataformetan. Azken urteotan emakume askok bat egin dute PJAKrekin, beren askatasun pertsonalaren bila etorrita. Demokraziaren eta emakumeen eskubideen alde egiteagatik eta kurduen auzia konpontzeaz daukagun ideiengatik daukagu onarpen handia. Emakumeen mugimenduak du orain bertan kurduen artean eragin handiena, bai gizartean, baita PJAKn ere. Oinarrizkoak gara, ezinbestekoak.

Jalal Talabani Irakeko presidente kurduak dei berezia egin zizuen Kandilen zaudeten gerrillei berriki Istanbulen, armak utz ditzazuen. Itxuraz kurduak batzea baina desarmatzea ere helburu duen kongresua iragarri dute Kurdistan autonomoko Erbil hirian. Zein jarrera daukazue bilera hori dela eta?

Jalal Talabanik esan zuen etorkizunera begira kurduen erakunde guztiak bilduko dituztela. Konferentzia nazionala deitu diote, baina ez gaitu inork gonbidatu, eta ez dakit zer erabaki dezaketen gure izenean. Kongresua bildu barik ere hartu dituzte erabakiok, lehena PKK-k eta PJAK-k desarmatu behar dutela agintzea. Hainbat jendek galdu du bizia, ez dago aldaketarako bermerik, nola eska dezake horrelako zerbait Jalal Talabanik? Gure indar armatuak kurduen askatasunerako bermea dira, eta hala izango dira. Guk diogu lehenik Jalal Talabanik [Irango presidente Mahmud] Ahmadinejad konbentzitu behar duelaIranen exekuzioak bertan behera utzi eta heriotza zigorra baliogabetu dezaten eta Kurdistango herriaren hizkuntz eta kultur eskubideak eta nortasun nazionala onar ditzaten. Horiek onartuta hitz egingo dugu desarmatzeaz. Horrelakorik egin ezean, gure jendeari, lagunei eta borrokan bizia eman dutenei traizioa egitea litzateke, eta Kurdistango herriak eta historiak ere kondenatuko gintuzke.

Irani begira dago mundu osoa. Giza eskubideez ezer gutxi diote, baina programa nuklearra eta ekaineko hauteskundeak dituzte hizpide. Zer espero duzue etorkizun hurbilean?

Munduak -AEBek, hobeto esanda- ez dute aldatu jarrera Irango hauteskundeei begira, taktika baino ez. AEBek ezin dute egin Iraken egin dutena, zenbat arazo ekarri dizkion ikusita. Beraz, politika leunagoa eta hurbilketa egiten saiatzen ari dira. Islam leuna nahi dute halaber, horren aldeko prozesua ari dira bultzatzen, eta pentsa daiteke Iran ere prest dagoela horretarako. Baliteke Iranen aldaketaren bat etortzea, islam liberal batek hartzea boterea.

Eta zein jarrera izango zenukete horrelako aldaketarik balego?

PJAK ez dago islamaren aurka. Guretzat garrantzitsua demokrazia da. Islam erradikaletik islam leunera aldatzeak ez du bere horretan ekarriko kurduon arazoen konponbidea. Gure eskubideen onarpena eta bermeak behar ditugu armak uzteko. Egoerak horrela jarraitzen badu, islam leunagoarekin bada ere, ez dugu etsiko borrokan. Garrantzitsuena kurduekiko politika aldatzea eta Iran demokratizatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.