Arreta ez dago han, baina horrek ez du esan nahi iraultza iritsi ez denik; Kurdistan ez baitago isilik. Azken egunotan ugariak dira protestak bost herrialderen artean bananduta dagoen herri honetan ere, estaturik gabeko nazio handienean. Siria, Turkia, Irak, Iran eta Armenian 30 milioi kurdu daude. Agintariak auzi kurduari adi daude, eta bada promesak egiteari eta neurriak hartzeari ekin dionik ere.
Siria
Bashar al Assad presidenteak bere burua estutasunean ikusi duenean ekin dio erreformak egiteari. Azkenekoa linboan zeuden kurduei nazionalitate siriarra aitortzeko dekretua izan da. Etxean arrotz diren 300.000 kurduri eragingo die neurriak —kurduen %20—. Ajanib (atzerritarrak) bezala dira ezagunak oinarrizko eskubideak ere ukatuta dituzten kurduak; bozkatzearena, ondasunak erostearena edo nortasun agiria izatearena. 1962ko erroldan utzi zituzten izaera juridikorik gabe, ezen jatorriz kanpokoak zirela argudiatuta, ez zituzten zerrendan sartu; 1945tik herrialdean bizi zirela frogatu behar zuten.
Neurriak, baina, ez ditu kurduen aldarrikapenak isilarazi. Habib Ibrahim Alderdi Demokratiko Batuaren buruaren hitzetan «demokraziak erregimen autokratikoaren lekua hartu arte» protestei eutsiko diete, naziotasuna ez baita «mesede bat» kurduen «berezko eskubidea» baizik. Al Assad aurreko astean elkartu zen komunitate kurduko buruzagiekin protesta oldea baretze aldera. Asteartean, bide horretan, 48 preso politiko kurdu askatu zituzten, baina disidentziak beti bezain jazartuta jarraitzen du Sirian; ezen beste inon baino estuago hartzen ditu estatuak hango kurduak, mapatik ezabatuta egoteraino.
Matxinada, alta, ez da oraingoak. 2004ko martxoan kurduen intifada izan zen, baina estatuaren erantzuna protesta bezain irmoa izan zen. Qamishlon 30 kurdu hil zituzten. Eta ordutik okerrera egin du etengabe kurduen egoerak. Gaur protestak egingo dituzte lurralde arabiarrez bereizitako hiru eremu kurduetan —1962an kendu zizkieten lurrak—.
Turkia
Siriak eta Turkiak 800 kilometroko muga partekatzen dute. Eta iraganean gatazka iturri izan dena kezka iturri da orain etorkizuna baldintzatu dezakeen heinean. Recep Tayyip Erdogan eta Bashar al Assad uneoro ari dira egunotan bata besteari telefonoz deika. Damaskon piztu diren protestak muga zeharkatuko duten beldur da Ankara. Eta etxean egiten ez duena egiteko eskatu dio Erdoganek Al Bassari: oposizioaren protestak aintzat hartzeko eta erreformak azkar gauzatzeko. Sirian gerta dakiena eskualdean eragina izango baitu, inguruko estatu guztiak ezegonkortzeraino. Eta lehen ministroak hori saihestu nahi du, ezen kurduek jada inoiz eten ez duten protestari kemenez heldu diote berriro.
Newroz ospakizunetatik etengabeak dira protesta. Hainbat informazio iturriren arabera, hiru milioi kurdu atera dira kalera martxoaren 20 eta 21ean. Diyarbakirren eta Silopin enfrentamendu gogorrak izan ziren gazte eta polizien artean. Eta elkarretaratzeak, kanpalekuak eta protestak egiten ari dira, orduz geroztik, hiri askotan. Gultan Kisanak BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiko diputatuaren arabera plazak bete dituzte berriz ere betiko aldarrikapenei eusteko: «Operazio militarrak etetea, preso politikoak askatzea, gure ama hizkuntzan ikasi eta mintzatu ahal izatea, eta ordezkaritza izateko botoen %10aren muga ezabatzea eskatu dugu; baina jazarpenarekin erantzun dute beste behin, hori baita demokrazia ulertzeko duten modua». Ahmed Turk DTP Gizarte Demokratikorako Alderdiko presidente ohiak —legez kanpokoa— askatasuna ozen aldarrikatzeari ekingo diotela iragarri du; «Tunisian, Egipton eta Libian bezain ozen». Abdula Ocalanen jaioterrian,haren jaiotzaren 61. urtemugan, egin dute azken protesta, astelehenean, Amaran.
PKK Kurdistango Langileen Alderdiak, bestetik, otsailaren amaieran utzi zuen bertan behera abuztuan aldarrikatutako su-etena —zortzigarrena—, lehen ministroari auzi kurduari irtenbidea emateko ezer ez egitea leporatuta. Ankarak kurduekin abiatutako elkarrizketak antzuak izan baitira orain artean.
Irak
Irakekin ere muga egiten du Turkiak. Eta PKKko gerrillariakhan ezkutatzen direla argudiatuta behin baino gehiagotan bonbardatu du lurraldea, baita lurrez erasotu ere, Ankarak. Erdoganek, baina, estrategia aldatu du orain. Aurreneko aldiz bisita ofiziala egin du eskualde autonomora. Masud Barzani presidentearekin elkartu da Erbilen. Kalean, berriz, milaka kurdu elkarretaratu dira otsailaren erdialdetik gobernuaren dimisioa eskatzeko. Barzanik «erreforma erradikalak» agindu ditu, baina bera ez dela agintera estatu kolpe baten bidez iritsi azaldu du haren eledunak. Vahal Aliren esanetan bozetan aukeratutakoa da eta bozak dira aldaketarako bide bakarra.
Jalal Talabani eta Masud Barzaniren tribuek kontrolatu dute politika azken hogei urteotan, eta autonomia zabala izan arren, nepotismoa eta ustelkeria leporatzen diotenek eskenatoki politikoa aldatzeko bidean dira.
Kurdistan ez dago isilik
Estaturik gabeko nazio handienak ere, bost herrialdetan banatuta bizi denak, protestari ekin dio; Sirian, Turkian eta Iraken bizi diren kurduak kalera atera dira, askatasun eta demokrazia eske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu