Kurdistango adin txikiko zortzi presok gose greba egin dute

Turkiaren menpeko espetxe batean hainbat preso adingabek eraso fisiko eta sexualak jasan dituztela salatu dute

Erredakzioa
2012ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Turkiaren menpeko Kurdistanen, Mardingo espetxean Lege Antiterrorista ezarrita preso dauden zortzi adingabek hiru eguneko gose greba egin dute. Pozantin preso dauden lagunei elkartasuna adierazteko egin dute protesta; izan ere, bertan, 13 eta 17 urte bitarteko zazpi presok eraso fisiko eta sexualak izan dituztela salatu dute.

Salaketak aspaldikoak dira. Iragan ekainean azaldu zuten espetxeko zaindarien partetik abusuak jasaten ari zirela, eta Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen eskuetan utzi zuen auzia Giza Eskubideen Elkarteak. Hasiera batean Sadullah Ergin Justizia ministroak salaketak ukatu zituen, eta gazteei «gezurretan» aritzea egotzi zien.

Zortzi hilabetean gobernuak ez du ikertu auzia; baina presioa dela eta, gobernuak ikerketa agindu zuela jakinarazi zuen iragan igandean. Hiru ikuskatzaile bidali ditu adingabekoen espetxe horretara, eta ostiralean Pozantiko presondegiko lau ofizial kargutik kendu zituela esan zuen Erginek. Horretaz gain, bertan preso dauden berrehun adingabe Sincango espetxera lekualdatuko dituela hitzeman du. Han banakako geletan egongo direla ere esan du Justizia ministroak.

Ocalanen bakartzea

Pozantiko gehiegikeriak salatzeaz gain, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buru Abdullah Ocalanen bakartzea ere kritikatu nahi izan dute gose grebarekin Mardingo presoek. Adin txikiko zortzi presoez gain, beste 23 preso ere gose greban daude arrazoi beragatik. PKK-ko eta PAJK Kurdistango Emakumeen Askapenerako Alderdiko 450 presok, bestalde, esan dute astebetean bisitarik jasoko ez dutela, gose greban direnei elkartasuna adierazteko.

18 urtetik beherako 2.300 preso daude gaur egun Turkian, horietako asko kurduen auziarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.