PKK Kurdistango Langileen Alderdiak iazko abuztuaren 13an aldarrikatutako su-etena bertan behera uztea erabaki du, sei hilabete pasatsotan geldirik egoteak ez duelako ezertarako balio izan, komunikatu batean atzo egindako adierazpenaren arabera. Su-etena emanda ere «gerrillaren kontrako operazioek jarraitu dute berdin-berdin, eta erabaki demokratiko bat abiarazteko ezarritako jarduera ezak bere esanahia galdu duela ulertzen dugu».
Taldeak datu batzuk mahai gainean jarri ditu bere argudioa indartzeko: su-etena aldarrikatu zutenetik 40 gerrillari hil dituzte, eta 800 politikari kurdu atxilotu dituzte. Kurdueraz euren buruak defendatzeko eskubidea ere ukatzen zaiela salatu dute. Besteak beste, DiyarbakirrenPKK-koak direlakoan epaitzen ari diren 151 eragileren kasuak aipatu dituzte —alkateak daude tartean—. Hain zuzen, urte hasieran protesta asko egon dira ekintza politikoak kriminalizatzen ari direla salatzeko eta epaituei hizkuntz eskubideak bermatzen ez dizkietelako; mikrofonoak itzaltzen dizkiete kurdueraz arituz gero.
Dena den, momentuz ez dutela Turkiaren kontra egingo esan dute komunikatuan, «modu askoz aktiboagoan defendatzeari ekingo» diotela, nahiz eta Recep Tayyip Erdoganen gobernuari ohartarazi dion hilabeteotan egindakoaren gainean egon direla. «Gure gerrillak su-etena zorrotz jarraitu du, eta ikusi dugu gobernuak aukera hori alferrik galdu duela bere jarrerarekin».
Urratsik ez
Oro har, ez da aurrera urratsik egin, komunikatuan salatzen dutenez. Ez da eskatutako Egiaren Batzorderik sortu 1990eko hamarkadan izandako izugarrikeriak ikertzeko. Garai hartan lurperatutakoen hobi batzuk irekitzen hasi besterik ez dira egin. Ez dago kurduei eskubideak bermatzeko gerrillak eskatutako negoziaziorik Abdulla Ocalan preso dagoen buruzagiarekin, eta ez dago aurreikusita Legebiltzarreko eserlekuak eskuratzekobehar diren botoen kopurua jaistea—egun botoen %10 behar dira—, betiere PKKren arabera.
Ezta autonomia bideratzeko ahalegina ere, autonomia gehiago baita eskatzen dutena, kultur eta politika arloko eskubide gehiago eskuratzeko egiturak bermatzea. Politikarien kontrako jazarpenarekin ekintza politikoa zapuzteko xedea izatea salatzen dute.
Su-etena iragarri zutenean, joan den abuztuaren 13an, hainbat talderen eskaerek bultzatuta egin zuten, Ramadanean. Turkiako Gobernuari behin betiko su-etena onartzeko proposamena ere egin zioten orduan. Irailean, berriz, azarora arte luzatu zuten, Turkiako Gobernuarekin negoziatzeko bideak ikusi zituztelako.
Dena den, Ankarak kanpora begira beti ukatu du elkarrizketak egon direla. Ez duela terroristekin negoziatuko adierazi du behin baino gehiagotan. Gainera, su-etenak iraun bitartean gobernuko kargudun askok jakinarazi dutenez, armadak ezin du PKK-ren eskaera onartu; haien hitzetan, ezinezkoa delako «terrorismoaren aurkako borrokan» su-etena onartzea.
2009ko udan Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak bakerako plana aurkeztu zuen, baina hilabete gutxira Abdulla Ocalanek bake prozesuaren porrota iragarri zuen. Ordutik, azken su-etena iragarri arte, Turkiako soldaduen eta gerrillaren arteko borrokak gogortu egin ziren: armadak ustezko PKKren gotorlekuak bonbardatu zituen Iraken menpeko Kurdistanen, eta gerrillak dozenaka soldadu hil zituen. Gatazka armatuaren aspaldiko hilabeterik bortitzenak izan ziren. Orain, momentuz, ez dirudi borroka gogorrean sartuko direnik, defentsarako ekintzak soilik iragarri dituztelako.
1984az geroztik, 45.000 lagun hil dira talde armatuaren eta Turkiako segurtasun indarren arteko borroketan. 90eko hamarkada izan zen bereziki gogorra, baina tarteka borroka susperraldietan hildako asko izaten dira, duela bi urte bi hilabeteko su-etena hautsi ostean ikusi zen bezala.
Turkiarentzat ez ezik, nazioartearentzat ere «talde terrorista» da PKK, hala nola, Ameriketako Estatu Batuentzat eta Europako Batasunarentzat.
Kurdistango PKK-k su-etena bertan behera uztea erabaki du
Momentuz ez dute Turkiaren kontra egingo, komunikatuan jakitera eman dutenez, baina «modu aktiboagoan defendatuko» diraEkintzarik gabeko urte erdian Ankarak ez duela urratsik egin salatu dute gerrillariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu