Kurduek aurrera egin dute Manjib eta Mosul inguruan

2016ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
SDF Siriako Indar Demokratikoek aurrera egin dute Manjib inguruan, eta EI Estatu Islamikoa egotzi dute hiru herritatik. AEBek gidatutako nazioarteko koalizioaren aire erasoen laguntza izan dute kurduz eta arabiarrez osatutako miliziek. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Manjiben hego-ekialdeko herriak dira hartutakoak. Hiria hartu zuten SDFek iragan ostiralean; EIren aurka egiteko gune estrategikoa da, atzerriko borrokalariak eta beste hornikuntzak Turkiatik Raqqara garraiatzeko igarobidea zelako. Raqqa da EIren Siriako hiriburua, eta hiria hartzeko erasoa prestatzeko oso baliagarria da Manjib.

Irakeko hiriburua ere mehatxupean du talde islamistak. Izan ere, Kurdistango Eskualde Autonomoko pexmergek aurrera egin dute Mosul aldean, eta ekialdeko herrixka batzuk hartu dituzte. Ninive probintziako agintariek jakinarazi dutenez, hamahiru zibil hil dituzte AEBek gidatutako koalizioaren bonbardaketetan.

Bestalde, indar kurduek EIren beste eraso bat zapuztu dute Sinjar hirian. Rudaw hedabidearen arabera, 60 islamista hil dituzte pexmergek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.