Mendebaldeko Kurdistango hainbat eragilek egindako autonomia deklarazioa ikertzen hasi dela jakinarazi du Turkiak, auzitara eramateko aukera aztertzeko. Autonomia adierazpen hori herenegun egin zuten 850 ordezkarik Diyarbakirren, Turkiaren menpeko Kurdistango hiri nagusian. Adierazpena egin dutenen artean talde nagusiena da BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdia. Azken asteetan mugimendu politiko anitz izaten ari dira Turkiaren menpeko Kurdistanen, eta ikusteko dago gatazkak zein norabide hartuko duen. Tentsioa ere hazi egin da, batez ere autonomia deklaratu zuten egunean bertan Turkiako hamahiru soldadu hil zirelako PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiko gerrillariekin izandako borroka batean. Gertatutakoari buruz bertsio kontrajarriak daude.
Autonomiaren alde agertu diren eragileek DTK Gizarte Demokratikoaren Kongresua plataforma sortu dute. Gatazkarentzako irtenbide baketsua aldarrikatu du DTK-k, eta erran du kurduek ez dutela «status-ik gabe» bizi nahi. «Giza eskubideen aldeko nazioarteko adierazpenak, lurraldearen batasuna eta nazio demokratiko baten aukera kontuan hartuz, guk, herri kurduak, autonomia demokratikoarekiko konpromisoa agertzen dugu, baita Turkiako herritarrak elkartzeko erantzukizun nazionala ere». Xede hori bildu du DTK-k bere adierazpenean. Aysel Tugluk plataformako presidentekidearen arabera, haien helburua ez da estatu bat suntsitu eta bertze bat eraikitzea, baina komunitate guztien «sistema naturala» autogobernu demokratikoa dela sostengatu du.
Hagitz une politiko garrantzitsuan etorri da autonomia adierazpena; izan ere, duela astebete Abdula Ocalan PKK-ko buruzagiak jakinarazi zuen Turkiarekin elkarrizketei berrekiteko akordioa egin zuela. Imrali uharteko espetxean dute Ocalan, eta han bisitatu zuten estatuko ordezkariek. Haren abokatuen bidez, Ocalanek jakinarazi zuen «pauso praktikoak» emateko zenbait akordio lortu zituztela. Horien artean aipatu zuen Bakerako Kontseiluaren eraketa. Ocalanen arabera, kontseilu hori «ekimen zibila» izanen da, baina ez du zehaztu ez nola eratuko den, ez nortzuk hartuko duten horren gidaritza.
Ocalan, hauteskundeei begira
Ocalanek BDP eta «erakunde sozialistak» bilduko lituzkeen elkarte bat sortzeko beharra ere adierazi zuen; hain zuzen, handik astebetera egin zuen DTK-k autonomia adierazpena. Ocalanena, ordea, autonomiari baino gehiago, bozei begira eginiko proposamena da. «Bloke nazional demokratiko hori sortzeko gai badira, ezkerrak sekulako irabaziak izanen ditu. Hurrengo hauteskundeetan botoen %20 eskuratu ditzake».
PKK-ko buruzagiak, Bakearen Kontseiluaz gain, Konstituzio erreformarako bertze organo bat sortzeko eskatu du, eta BDPk hor parte hartze «aktiboa» eduki behar lukeela uste du. Turkiako Parlamentuko krisiari buruz ere mintzatu zen Ocalan, eta BDPrihainbat gomendio egin zizkion Erdogan lehen ministroaren alderdiarekin negoziatzeko.
AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiaren eta BDPren artean, baina, ez da giro. Aste honetan izan dute krisiari amaiera emateko bilera, baina AKPk BDPren proposamenak errefusatu ditu. Bertzeak bertze, Kurdistango alderdiak preso dauden sei diputatu askatzeko exijitu du. Horietako bortz Turkiako terrorismoaren aurkako legea urratzea leporatuta daude kartzelatuta. Bertzea, Hatip Dicle, mitin baten ondorioz giltzaperatu zuten; birritan atxilotu dutenez, YSK Hauteskunde Batzorde Gorenak aulkia kendu zion.
Iragan ekainean izan ziren Turkiako hauteskundeak. BDPk 36 diputatu eskuratu zituen, legez kanporatutako DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdiak duela lau urte eskuratutakoak baino hamasei gehiago. AKP alderdi islamistak gehiengo osoa lortu zuen, baina ez Konstituzioa nahierara aldatzeko behar lukeen gehiengo kualifikatua. BDPk Konstituzio erreforma baliatu nahi du autonomiarako bidea egiteko, baina haren diputatuak espetxeratuta kurduen alderdiaren indarra murriztu nahi du Ankarak. Horregatik, BDPko diputatuek boikota egin diote Parlamentuari. Oposizioko alderdi nagusiak ere, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak boikota sostengatu zuen, baina aste honen hasieran AKPrekin akordioa egin eta Parlamentura itzuli dira.
Bertsio kontrajarriak
Turkiak ez du Kurdistanen inolako onarpenik egin nahi, eta horren aurka PKK-k borroka armatua hasi zuen 1984an. Orduz geroztik 40.000 lagun inguru hil dira gatazkan. 2008an su-etena aldarrikatu zuen PKK-k, baina duela bi hilabete Ocalanek ohartarazi zuen Ankarak elkarrizketei berrekin ezean uztail honetan «gerra» berriz hasiko zela. Hala ere, joan den asteko kontaktuekin aukera hori baztertu du Ocalanek.
Tarteka, ordea, txinpartak pizten dira, eta azken urteetako larriena herenegun izan zen, Turkiako hamahiru soldadu hil baitziren PKKren aurkako borroka batean, Diyarbakir eskualdeko Dolapdere herrian. Armadaren bertsioaren arabera, gerrillariek segada bat egin zieten granadekin. Soldaduek zazpi militante hil zituztela ere adierazi du. Erdoganek berak erran du PKK-k «larrutik» ordainduko duela, eta ez du baztertu berriz ere Iraken menpeko Kurdistanen sartzea gerrillari eraso egiteko. Europako Batasunak eta NATOk ere «eraso terrorista» gaitzetsi dute. Kurdistango Firat agentziak, ordea, bertsio arras ezberdina eman du, paramilitar baten testigantzan oinarrituta. Haren arabera, borrokaren ondotik armadako hegazkinek inguru hura bonbardatu zuten, eta, erratuta, soldaduak hil zituzten. Azken egunetan Diyarbakirgo herritarrak kexu agertu dira armadaren presentzia dela eta.
Kurduen autonomia deklarazioa ikertzen hasi da Turkiako Justizia
Kurdistango hainbat elkarte eta eragilek, BDP alderdiak barne, DTK plataforma sortu dute autonomiaren alde egitekoOcalan PKK gerrillako buruak eta Ankarak Bakerako Kontseilua sortzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu