Laborategia

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Memoriaren Museoa zabaldu eta astebetera egin dute hauteskundeen bigarren itzulia Txilen. Eta pentsa liteke diktadura ankerrak zabaldutako zauriak jada itxi direlako zabaldu dituela ateak zentroak. Santiagoko Matucana auzoan dagoen eraikinak, baina, oraindik ere erantzunik gabeko galderak iradokitzen ditu, tartean diktadurako hildakoen (2.000), desagertuen (1.197) eta torturatuen (28.000) irudien alboan atentatuetan hildako diktadorearen bizkartzain eta koronel eta jeneralen argazkiak ere paratu dituztelako. Eta adierazgarria da hori, beste hitzen bat ez baliatzearren, herrialdearen historia garaikidea ulertzeko, zauriak erabat itxi ez direla ondorioztatzeko eta bozen inguruan hausnartzeko; izan ere, tentuz ibili behar da emaitzen interpretazioa egiterako orduan; urrunetik, behinik behin.

Txilen, eskuinaren garaipenak aro baten amaiera islatu duela entzun eta irakurri dugu etengabe azken egunotan. Augusto Pinocheten diktadura (1973-1990) amaitu eta hogei urtera, hura babestu zutenak agintera itzuli direla. Eta aurreneko aldiz mende erdian eskuinak prozesu demokratiko baten bidez lortu duela agintea; Jorge Alessandriren 1958. urteko garaipenari erreferentzia eginez. Ohi bezala, baina, gauzak ez dira begi kolpean ematen duten bezain sinpleak, eta, horrenbestez, puntu bateraino da egia aro bat amaitu dela esatea; urteotan agintean egon den konglomeratu politikoak, izan ere, eskuinarekin trantsiziorako ezkutuko aliantza sotil bat izan du urteotan. Kontzertazioak benetan zentro-ezkerreko politikak gauzatu dituen zalantzan jartzeko moduko zantzu ugari aurkitu baitaiteke urteotan; Konstituzioa erreformatzeko ausardiarik ez dute izan ez demokristauek ez sozialistek -Pinocheten garaikoa da testua (1980)-, ezta diktadurako erantzuleak epaitzeko ere, eta politika neoliberalakindarrean jartzearekin batera, ez ikusiarena egin dute maputxeen kontrako jazarpenaren aurrean, inpunitate osoz.

Michelle Bacheleten aroa amaitu dela esatea zuzenagoa da akaso. Bozetara hirugarrenez aurkeztu ahal izan balu inork ez du zalantzan jartzen irabazi egingo zuela -%80ko sostengu maila du-, baina haren perfila ordezkatuko zuen hautagai egoki baten faltan eta alderdien baitako zatiketa ikusirik, botereari amore eman behar izan dio Kontzertazioak.

La Monedara itzuliko da, beraz, eskuina, eta espero da trantsizioko gobernuarentzat arrakastatsuak izan diren politika ekonomikoei eustea -pobrezia tasa %38tik %13ra murriztu da-. Beste eremuetan zer egiten duen izango da orain gakoa. Santiago Piñera Echenique-Erratzukoa zen haren birraitonaren birraitonaren aita-, izan ere, ustez zentrora egin duen eskuinaren laborategia izango da. Eta, mementoz, aitortu egin behar zaio gai izan dela diktaduraren esperimentu ankerra babestu zuen eskuinari berriz ere zilegitasun politikoa emateko, tartean, kanpainan etengabe aldendu delako eskuinak berezko dituen jarreretatik. «Pinochetek duela hogei urte utzi zion presidente izateari [ez du esan diktadore izateari], eta nire asmoa ez da iraganaren zaintzailea izatea, baizik eta etorkizunaren eraikitzailea». Ikusteko dago orain bozak irabazteko baliagarria izan zaion formula eusteko modua izango duen agintaldian, tartean, Legebiltzarrean gehiengoa izan gabe. Eta, testuinguru horretan, bere aliatuak direnei mugak ezartzen jakitea izango da presidente izango denaren erronka nagusia, zauriak are gehiago zabaldu ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.