Laboristek boterean jarraituko dute Australian, babes zabalagoa lortuta

Alderdi Laboristak gehiengo osoa edukiko du, eta Anthony Albanese izango da berriz ere Australiako lehen ministro. Osasungintza publikoaren aldeko defentsa egin du bere jarraitzaileen aurrean mintzatu denean.

Abanese, laboristen garaipena ospatzen, Sydneyn. LUKAS COCH / EFE
Abanese, laboristen garaipena ospatzen, Sydneyn. LUKAS COCH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 3a
18:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Alderdi Laboristak osatuko du Australiako Gobernua beste hiru urtez, eta Anthony Albanese izango da lehen ministro. Gaur egin dituzte legebiltzarrerako bozak, eta laboristak nagusitu dira alde handiz. Inkestek lehia estua iragartzen bazuten ere, Albaneseren alderdiak aise gainditu du Koalizio Liberal-Nazionala. Botoen %70 baino gehiago zenbatuta, laboristek jada 85 eserleku ziurtatu dituzte Ordezkarien Ganberan; kontserbadoreek, 36. Hala, laboristek gehiengo osoa izango dute behe ganberan, 76 ordezkariren muga gainditu baitute.

Botoen erdia zenbatu baino lehen ospatu du garaipena Albanesek. «Munduan ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, australiarrek baikortasunaren eta irmotasunaren alde egin dute», adierazi du bere jarraitzaileen aurrean eman duen hitzaldian, Sydneyn. Osasungintza publikoa erdigunean jarri izan du hauteskunde kanpainan, eta horren erakusgarri, gaur Australiako osasun txartela atera du jendaurrean: «Txartel hau ez da liberalen kolore urdinekoa, ezta laboristen kolore gorrikoa ere. Medicare [Australiako osasungintza zerbitzu publikoa] australiar guztiena da. Laboristek australiar guztientzat gobernatuko dugu».

Gobernu laboristak azken legegintzaldian abiarazitako politikei eutsiko diela ziurtatu du lehen ministroak: besteak beste, haurtzaindegi merkeagoak, desgaitasunak dituztenentzako laguntza programak eta doako lanbide heziketa. Gainera, aborigenenen egoera hobetzen saiatuko dela egin du promes.

Hauteskunde kanpainan hizpide izan da bizitzaren garestitzea eta etxebizitzaren krisia. Eta horri ere heldu dio gaur Albanesek: australiar guztiek «sabai batek ematen duen segurtasuna» nahi dutela adierazi du. Gaineratu duenez, herritarrek erakutsi dute klima larrialdiari aurre egiteko neurriak hartzea nahi dutela, baita energia berriztagarrien alde egitea ere. Izan ere, hauteskunde kanpainan ingurumen politikak izan dira bi alderdi nagusien arteko eztabaidagai nagusietako bat: laboristak berriztagarrien alde agertu dira; kontserbadoreak, kontrara, laboristek abiarazitako ingurumen politikak albo batera uzteko prest agertu dira, eta energia nuklearraren alde.

Peter Dutton Koalizio Liberal-Nazionaleko burua bozen emaitzak ezagutu ostean, Brisbanen. MICK TSIKAS / EFE
Peter Dutton Koalizio Liberal-Nazionaleko burua bozen emaitzen berri izan ostean, Brisbanen. MICK TSIKAS / EFE

Bere hitzaldia amaitzear zela, kanpainan eztabaida eragin duen beste gai bati heldu dio Albanesek. Donald Trump AEBetako presidenteak Australiari ezarritako muga zergak hizpide izan dituzte azken asteetan; horrez gain, Peter Dutton Koalizio Liberal-Nazionaleko hautagaia Trumpen diskurtsoetara hurbildu izan da zenbaitetan. Duttonek adierazi izan du, boterera iritsiz gero, milaka funtzionario kaleratuko dituela, eta immigranteen eta ingurumen politiken aurkako hitzaldiak eman ditu. Albanesek nabarmendu du laboristek ez dutela atzerriko ideiarik «kopiatu beharrik»; eta «bide australiarra» ibiliko dutela.

Kanpainaren azken asteetan, Trumpen diskurtsotik aldentzen saiatu da Dutton, baina kontserbadoreen emaitzek ez dute hobera egin. Inkestetan behera egin du azken asteetan, eta are eta emaitza okerragoak lortu ditu hauteskunde egunean. Hautagai kontserbadoreak Albanese zoriondu du, eta porrota onartu. «Kanpainan ez ditugu gauzak behar bezain ondo egin. Hori argi geratu da gaur, eta nire gain hartuko dut erantzukizun guztia», esan du Brisbanen bere jarraitzaileen aurrean mintzatu denean. Gainera, Duttonek Ordezkarien Ganberan zuen eserlekua galdu du; diputatu laborista batek hartuko du haren lekua.

Laboristak, sendo

2007tik ez zuen 80 ordezkariren langa gainditu Alderdi Laboristak; 83 eserleku lortu zituzten urte hartan Ordezkarien Ganberan. Ordutik, beherantz egin zuten laboristek, eta hiru agintalditan oposizioan egon ziren —2013tik 2022ra—. Azken bozetan, duela hiru urte, berriz ere gobernura iritsi zen Alderdi Laborista. Ordukoan 77 eserleku eskuratu zituzten, eta aurten are eta alde handiagoz nagusitu dira. Inkesten arabera, gobernua nork osatuko zuen erabakitzeko orduan bazitekeen erabakigarriak izatea independenteak edota bipartidismotik kanpoko alderdiak. Ez da hala izan. Hamar ordezkari independente egongo dira behe ganberan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.