Laboristen eta kontserbadoreen arteko lehia Australian

Anthony Albanese lehen ministroaren Alderdi Laborista da legebiltzarrerako bozak irabazteko hautagai nagusia, baina baliteke independenteek izatea giltza. Trumpek ezarritako muga zergak eta bizitzaren garestitzea izan dira hizpide nagusiak kanpainan.

Albanese Australiako lehen ministroa kanpainako ekitaldi batean, Adelaiden, atzo. LUKAS COCH / EFE
Albanese Australiako lehen ministroa kanpainako ekitaldi batean, Adelaiden, atzo. LUKAS COCH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 2a
14:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Gobernu laboristak beste legegintzaldi batez aginduko duen ala kontserbadoreak gobernura itzuliko diren erabakiko dute bihar Australian. Legebiltzarrerako hauteskundeak dituzte, eta, beste behin, bi alderdi nagusien arteko lehia izango da: Anthony Albanese lehen ministroaren Alderdi Laborista eta Peter Duttonen Koalizio Liberal-nazionala, aurrez aurre. Halere, oraingoan, baliteke bipartidismotik kanpo dauden alderdiek —Berdeak eta Nazio Bat— eta hautagai independenteek izatea azken hitza; inkestetan laboristak dira faborito, baina gutxiengoan gobernatu beharko dutela iragarri dute galdeketek.

Gaur amaitu da hauteskunde kanpaina. Bost aste iraun du, eta Donald Trump AEBetako presidenteak Australiari ezarritako muga zergak eta bizitzaren kostuaren garestitzea izan dituzte hizpide bi alderdiek. Gaur, Albanese honela mintzatu da prentsaurreko batean: «Ziurgabetasuna nagusi den garaiotan, ziur egon zaitezkete Alderdi Laboristak Australiaren etorkizuna eraikitzeko plan bat duela; koalizioak, berriz, murrizketak eta kaosa ekarriko lituzke». Australian Broadcasting Corporation irratian egin dioten elkarrizketa batean gehitu du Australia eta AEBak ez direla «gauza bera», eta herritarrak kezkatuta daudela Duttonek egindako promesekin.

Izan ere, hautagai kontserbadoreak Trumpen gobernuak hartutako hainbat neurri ezartzeko asmoa erakutsi du: besteak beste, milaka funtzionario kaleratzea eta ingurumen politikei garrantzia kentzea. Azken asteetan Etxe Zuriko maizterraren diskurtsotik urruntzen ahalegindu bada ere, inkestetan behera egin du Koalizio Liberal-nazionalak: otsailean, Dutton zen hautagai nagusia lehen ministro kargurako; martxotik aurrera, baina, laboristak ageri dira inkesta guztien buruan. Asteon argitaratutako azken bi inkesten arabera —Freshwater Strategy eta Roy Morgan enpresek eginak—, %51,5 eta %53 arteko babesa izango dute laboristek; eta %47 eta %48,5 artekoa kontserbadoreek. Hori, soilik bi alderdi nagusiak kontuan hartuta. Baina, bietako batek ere ez badu parlamentuan gehiengo osoa lortzen, hautagai independenteak eta alderdi txikiak izango dira gakoa.

Duttonek ere probestu ditu kanpainako azken orduak. Australiako herritarrek eta enpresa txikiek dituzten zailtasun ekonomikoak izan ditu hizpide, eta galdera bat jaurti die bere jarraitzaileei: «Gaur duela hiru urte baino hobeto al zaudete?». 2022ko bozetan, 77 eserleku lortu zituzten laboristek Ordezkarien Ganberan —76 behar dira gehiengo osoa edukitzeko—, eta kontserbadoreek, 58. Aurreko hiru agintaldietan, kontserbadoreak egon ziren agintean. Hain zuzen, 2019ko bozetako emaitzak gogorarazi ditu Duttonek. Inkesten arabera, laboristak ziren faborito, baina ezustean Koalizio Liberal-nazionala nagusitu zen. Oraingoan ere gauza bera gerta litekeela iradoki du hautagai kontserbadoreak.

Energia nuklearra eztabaidagai

Bi hautagaiek esan izan dute 2050. urtean karbono neutraltasuna lortzeko asmoa dutela. Baina helburu horretara iristeko bi bide proposatu dituzte: laboristek energia berriztagarrien aldeko apustua egin nahi dute, eta ikatzaren erabilera murriztu. Kontrara, kontserbadoreek bertan behera utzi nahi dituzte laboristek indarrean jarritako ingurumen politikak, eta energia nuklearra sortzen hastea proposatu dute. Australian inoiz ez dute zentral nuklearrik eduki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.