Frantzia

Lagun bat atzeman du Frantziako Poliziak, Parisko atzoko atentatuarekin lotura duelakoan

45 urteko arkitektu bat da atzeman dutena. Abokatu batek haren kontra parte sartu zuen duela bi urte, "jazarpenagatik", baina epaileak artxibatu egin zuen auzia. Idazkari emakumezko bat hil zen lehergailuaren eztandan.

2007ko abenduaren 7a
13:14
Entzun
Frantziako Poliziak gizonezko bat atzeman du, atzo Parisen abokatuen eraikin batean izandako atentatuarekin zerikusia duelakoan. 45 urteko arkitektu bat da. Catherine Gouet Jenselme eraikineko abokatuak haren kontrako salaketa sartu zuen 2005ean, "jazarpenagatik", baina epaileak artxibatu egin zuen auzia.

Hain zuzen, idazkari emakume bat hil, abokatu gizonezko bat larri zauritu, eta beste lau lagun arinago kolpatuak izan ziren Parisen abokatu bulego batean atzo gertatu zen bonba leherketa baten ondorioz. Mezulari batek eramandako bonba-fardel batek eztanda egin zuen, ireki orduko. Atentatua gertatu zen egoitzan eduki zuen bulegoa Frantziako egungo presidente Nicolas Sarkozyk, abokatu aritu zen garaian. Altabada, agintariek eta Poliziak baztertu egin dute atentatuak zerikusia duenik Sarkozyren aurkako ekintza batekin, beste abokatu bulego bat izan baita erasoaren jomuga.

Leherketa eguerdiko 12:50ean gertatu da, Parisko VIII. udal barrutiko Malesherbes hiribideko 52.ean dagoen egoitzan. Eraikin horretako laugarren solairuan aurkitzen den Catherine Gouet-Jenselme abokatu bulegoan gertatu zen eztanda, bertako langile batek mezulari batek eramandako fardel bat zabaldu zuelarik. Izena jakinarazi ez duten langilea bete-betean harrapatu zuen leherketak, eta unean bertan hil zen. Alboan zeukan Olivier Brane abokatua, berriz, larri zauritu zen zart egitearen ufakoagatik. Gela berean zeuden beste lau lagun ere kolpatuak izan ziren; arinago, haatik. Eztanda egin zuen fardela Brane abokatuari zuzendua zela jakinarazi dute polizia iturriek. Hura zekarren mezulariak kasko bat jarria zuen buruan, eta identifikatzeko zaila izango dela azaldu du Poliziak.

Justizia arloko eta Gobernuko agintariek ziurtzat eman dute auzi zibil eta higiezinen ingurukoez bereziki arduratzen den abokatu bulego hori zela atentatuaren jomuga, eta ez egoitzaren lehen solairuan dagoen Sarkozyren lantegi ohia. Baztertu dute, halaber, egoitza horretan ere egoitza duen Holokaustoaren Oroitzapenerako Fundazioa egon zitekeenik atentatu egileen jopuntan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.