Koronabirusa munduan

Laguntzaileak laguntzarik gabe

Oxfamek bertan behera utzi ditu 18 herrialdetan zituen proiektuak, finantzaketarik ezagatik. NBEk ere ohartarazi du Yemengo misioa kolokan egon daitekela laguntzarik ezean

Haur bat zabor artean jolasean, Sana hirian, Yemenen. YAHYA ARHAB / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako krisi ekonomikoak zuzenean jo ditu gobernuz kanpoko erakundeak eta giza laguntzan aritzen diren nazioarteko taldeak. Oxfam Internationalek bertan behera utzi behar izan ditu 18 herrialdetan abian zituen proiektuak. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere kolokan du Yemenerako misioa, eta ohartarazi du ezingo dutela urte bukaerara arte jarraitu funts gehiago lortu ezean. Antzeko egoeran da UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa ere, zeinak iragarri duen maiatzaren amaierara arteko lana soilik berma dezakeela.

Egoitza nagusia Erresuma Batuan du Oxfam erakundeak, eta bertan behera utziko dituen proiektuen artean daude Sierra Leona, Thailandia, Sri Lanka, Haiti eta Afganistangoak mende erdia zeraman hor oinarrizko giza laguntza eskaintzen. Horrez gain, 1.500 langile inguru kaleratuko dituela ere jakinarazi du erakundeko bulego nagusiak.

Lehendik ere kolpe gogorra jasoa zuen erakundeak, Haitiko lurrikararen ostean, jakin baitzen Oxfameko hainbat langilek giza laguntza sexuaren truke ematen zutela, eta beste zenbaiti adingabeen aurkako sexu erasoak egotzibaitzizkioten. Ordu hartan, salaketak ikertu ez izana leporatu zioten erakundeari. Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak, ordea, okertu egin du egoera, nahiz eta iragarri lanean jarraituko duela beste 48 herrialdetan.

Ataka zailean da NBEren Yemenerako misioa ere. Arduradunek ohartarazi dute 2.000 milioi dolar beharko dituztela urte bukaerara arte lanean jarraituko badute. Herrialdea gerran dago 2014an huthiek Sana hiriburua eta iparraldeko eskualdeak bereganatu eta nazioarteak aitortutako gobernuak Adenera ihes egin behar izan zuenetik. Hala, erietxeen erdiak soilik martxan direla heldu da herrialdera koronabirusaren pandemia.

Hondamendira bidean

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, Yemenen 184 gaixo eta 30 hildako izan dira koronabirusaren ondorioz. Mugarik Gabeko Medikuen esanetan, aldiz, Adenen bakarrik egunean 80 pertsona hil dira maiatzean, normalean baino 70 gehiago: «Hori izotz mendiaren muturra besterik ez da». «Hondamendi batera goaz. Dirua heltzen ez bada, itxi egin beharko dituzte jendeari bizirik jarraitzea ahalbidetzen dioten programak, eta COVID-19ari aurre egiteko oinarrizkoak direnak», nabarmendu du Jens Larkek NBEko Giza Laguntzarako bulegoko bozeramaileak.

Egun 30 programa ditu NBEk Yemenen, tartean koronabirusari buruzko informazioa zabaltzeaz, medikuei beharrezko babes neurriak eskaintzeaz eta zaintza berezietako unitateetako ekipamendua lortzeaz arduratzen direnak.

Antzeko egoeran dago Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Horrek maiatz hasieran jakinarazi zuen hilabete bukaera arte lanean jarraitzeko soilik zuela dirua, besteak beste, AEBek finantzaketa eten diotelako. UNRWAk Washingtonen duen arduradun Elizabeth Campbellen esanetan, erakundearekin lanean ari diren 30.000 osasun langileei ordaintzeko lain dute soilik. «Inoizko krisi ekonomikorik okerrena da hau. 1.200 milioi da gure urteko aurrekontua, baina kopuru horren heren bat bakarrik jaso dugu orain arte», azaldu du Campbellek. Erakundeak Europako Batasunari eskatu dio orain laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.