AEBek 2003an Iraken esku hartu zutenetik, bi narratiba nagusitu dira esku hartze haren inguruan: batek dio giza eskubideen urraketa larriez akusatutako gobernu bat agintetik kendu zutela nazioarteko soldaduek, eta hortik demokrazia herren bat jaio zela gutxienez —besteak beste, iparraldean kurduek profitatu zutela aldaketatik—. Beste bertsioaren arabera, operazioa legez kanpoko inbasio bat izan zen, eta herrialdea gerra egoeran utzi zuen ad eternum: gobernua ahulduta, gatazka sektarioak piztu dira, eta oraindik batez beste 400 zibil inguru hiltzen dira hilero atentatuetan.
Irakeko kasua izango da azken urteotan eztabaida gehien piztu duena, baina nazioarteko esku hartzeei buruzko galdera berberak egin litezke Somalian, Afganistanen, Libian eta Kongoko Errepublika Demokratikoan. Guztietan, «arrazoi humanitarioak» erabili izan dituzte atzerriko armadek soldaduak mobilizatzeko, baina eragina kontrakoa izan da sarri. MRG Minority Rights Group erakundeak genozidio arrisku handiena duten herrialdeei buruzko txostena argitaratu du aste honetan. Ondorioztatu duenez, hainbat faktorek eragiten dute, baina arriskua gehien hazi den lekuetan atzerriko esku hartzea ez da salbuespena, «ohikoena» baizik: «Batzuetan, posible da kanpoko operazio militarrek zibilen hilketa masiboko gertaeraren bat eragoztea edo haren intentsitatea gutxitzea, baina gerta daiteke hura luzatzea edo okertzea, baita gatazka berriak sortzea ere. Zenbait kasutan, gatazka bat amaitu dezake, eta beste bat hasi».
Peoples under threat (Herriak mehatxupean) txostenak ez ditu soilik gobernuko errepresioaren ondorioz gerta daitezkeen garbiketa etnikoak antzematen; matxino taldeen, gatazka etniko edo erlijiosoen edota atzerriko erasoen ondorioz izan daitezkeenak ere hartzen ditu kontuan. Esku hartzeok hainbat eratakoak izan daitezke: NATOren, Afrikako Batasunaren edota Nazio Batuen Erakundearen oniritziarekin propio abiatutakoak, edota herrialdean diharduten talde armatuak babesten dituztenak.
Denera, 114 herrialdeko zerrenda osatu dute, eta hainbat faktore neurtuta osatu dute genozidiorako arrisku gehien dutenen rankinga: besteak beste, gatazka armaturik badagoen, aurretik genozidiorik izan ote den, zenbat errefuxiatu dituzten, elite politiko eta ekonomikoa gehiengotik zenbateraino bereizita dagoen, nazioartean zein proiekzio duten eta zuzenbideak zenbateko indarra duen. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak erabiltzen duen arrisku sailkapena ere hartu dute aintzat, horrek adierazten baitu estatu horrek zenbaterainoko harreman ekonomikoa duen beste herrialdeekin: «Nazioarteko truke eta elkarlanetik bakartzeak arriskua adierazten du. OCDEren eskalan itxitasuna erakustea hilketa politiko masiboen aurrekaria izan ohi da».
2013ko joerak
1990eko hamarkadan genozidiorako arrisku handia egon zen, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin ondotik hainbat lekutan azaleratu zirelako gatazka etnikoak. Haiek baretuta, arriskuak behera egin du joan den hamarkadan, baina orain berriz hazten ari da, batez ere Afrika erdialdean eta Ekialde Hurbilean. Aurreko urtean genozidiorako arriskua zuten herrialdeen erdiek gora egin dute 2013an, eta hamar larrienetatik zortzik jasan dute atzerriko operazio militar handi bat. Goi-goian, ohikoak daude: Somalia eta Sudan. Gehien hazi direnen artean, berriz, Egipto eta Pakistan dira kasu nabarmenenak. Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiaren aurkako estatu kolpeak eta ordutik hedatutako gatazka giroak, esaterako, 33 postu igoarazi du herrialde hori MRGren rankingean.
Ekialde Hurbileko kasu larrienetan, interes ekonomikoak baino garrantzi handiagoa dute estrategia geopolitikoekin lotutako gatazkek, eta atzerriko presentzia militarrak okertu egin ohi ditu. Afrika erdialdeko herrialdeen kasuan, gatazka luze eta sakonagoak izan ohi dira. Mark Lattinger MRGko zuzendariaren arabera, historia kolonialak ere eragin nabarmena du zenbait kasutan: «Ez da derrigorrezko faktorea, baina lotura argia dago kolonialismo garaiko eskubide urraketen eta gaur egungoen artean. Kolonizazioaren pean, bolizko dorretik erabakitzen zituzten bertako komunitate etniko eta erlijiosoen arteko harremanak, modu erabat artifizialean, eta horren eragina suma daiteke oraindik». Herrialde horietako askok dituzten natur baliabideak dira beste arrazoi bat: «Gatazka horien ondorioz, Afrikako estatu batzuek ezin izan dute euren ekonomia behar bezala garatu, eta munduko hainbat herrialdek probetxu atera dute hortik».
Halako egoeretan, gutxiengo etniko eta erlijiosoak izan ohi dira hilketa politiko masiboak sufritzeko arrisku handiena dutenak: batzuetan, komunitate horiek ez daudelako erresistentziarako antolatuta, eta beste batzuetan, interes populisten jomuga bihurtzen direlako. «Politikariak askotan saiatzen dira komunitate etniko edo erlijiosoen babesa eskuratzen, eta gutxiengoak bihurtzen dituzte pagaburu».
Erresistentzia armatuak balio dezake nazioarteko arreta erakartzeko, baina errepresioa sufritzeko arriskua ere handitzen du. «Indarkeriaren erabileraren moraltasuna izango da, ziurrenik, politikaren arazo etiko zaharrenetako bat», dio MRGren txostenak: «Estatuak beretzat gordetzen du indarkeria legitimoaren monopolioa, baina noiz eta nola erabili behar da hura ordena mantentzeko?». Esku Hartze eta Estatuen Burujabetzaren Nazioarteko Batzordearen arabera,sei baldintza bete behar dira atzerriko esku hartze militar batek zilegi izateko: kausa justua, asmo zuzena, azken aukera, helburu proportzionalak, prospekzio zentzudunak eta autoritate egokia izatea. Ez du zehazten, dena den, zer den «kausa justua» —non hasten den garbiketa etniko bat—, ez eta nolakoa izan behar lukeen interbentzioak; soilik Nazio Batuen Gutuna bete behar duela. MRGk ondorioztatu duenez, nazioarteko operazio militarrek beti handitzen dute genozidiorako arriskua, batez ere gobernuaren aurkakoak badira. Sirian, esaterako, arriskua bikoiztu egin da nazioarteko aktoreak —Qatar, Saudi Arabia, Turkia, Errusia, Iran eta Hezbollah aipatzen ditu— gatazkan nahastu zirenetik. Eta eskandalua handiagoa da atzerriko armadek eragindako sarraskietan. «Esku hartze militarrei buruzko debateetan, oso zuzena da oinarrizko galdera morala: zenbat bizitza jarri behar lirateke arriskuan beste batzuk babestearren?».
Gutxiengoak. Genozidio arriskua munduan
Laguntzarik ez dakarten misioak
Garbiketa etnikorako arrisku handiena duten herrialdeen zerrenda osatu du Minority Rights Group erakundeak: ondorioztatu duenez, atzerriko esku hartze militarrek beti handitzen dute genozidio probabilitatea, batez ere gobernuaren aurkakoak badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu