Nazioarteko auzitegiak lan «eskasa» egin duela diotenetako bat da Errusia. Estatutuan zuen sinadura kendu zuen joan den hilabetean, NZAk ez duelako «bete esperotakoa». Errusiako Atzerri Ministerioaren arabera, auzitegia ez da bihurtu «justizia erakunde independente eta prestigioduna». Bensoundak txosten batean Krimearen anexioa «okupazio» gisa definitu eta egun batera egin zuen iragarpena Moskuk. Fiskalburuaren ustetan, Ukraina ekialdean izandako tiroketek eta errusiar soldaduak atxilotu izanak frogatzen dute «Errusiako indar armatuen eta Ukrainako indar armatuen arteko borroka militar bat dagoela» eremu horretan. Alegia, «nazioarteko gatazka armatu bat» dagoela Europa ekialdean. Errusiako presidente Vladimir Putinek hainbatetan salatu du Errusia bakarrik jotzen dutela egoera horren erantzule gisa, eta Ukrainaren erantzukizunaz ez dutela ezer esaten.
Erabaki horrekin, Putinek Hagako auzitegia saihestu nahi du, etorkizunean NZAk erantzukizunak eskatu diezaiokeelako; Ukrainako ekialdeko gatazkarengatik edo Sirian duen rolarengatik, esaterako. Siria eta Ukrainak sinatua dute Erromako Estatutua, baina ez dute berretsi. Beste aukera bat da NBEk eskatuta egitea, baina Errusiak beto eskubidea duenez, ezinezkoa dirudi bide hori hartzea.
Beste hainbat erakunderekin gertatzen den bezala, NZA politikoki tresna indartsua da. Kasuak irekitzeko prozedura kontuan hartuta, NZAk ez ditu inoiz epaituko gerretako eta gatazketako garaileak, ezta horien aliatuak ere; aukera bakarra da fiskalburuak hasi dezala ikerketa. Bensoundaren azaroaren 14ko txostena da adibideetako bat: atariko ikerketen arabera, 2003an eta 2004an AEBek torturak eta gerra krimenak egin zituzten Afganistanen; Washingtonek ukatu du hala izan zenik. AEBak ez dira NZAren kide, baina Afganistanek ituna berretsi du; beraz, kasua bideragarria da.
Lan «eskasa» egin duelakoan, Errusiak Hagako kide izateari utzi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu