Aspaldi zabaldu zuen epea ANC Biltzar Nazional Katalanak independentziaren aldeko giza katean izena emateko. Inoizko erronkarik handiena da erakundearentzat: iazko manifestazioa erraldoia izan zen, baina pertsona horiek guztiak banan-banan jartzeak eta 400 kilometroko katea osatzeak askoz lan handiagoa eskatzen du. «Iaz, inkestek iradokitzen zuten gehiengo subiranista hori mugiaraztea izan zen gure helburua, politikariak ere mugitzera behartzeko. Aurten, berriz, Kataluniako herritarrak kalera irtenarazi behar ditugu eta jauzi kualitatiboa eman, independentzia ukitzeraino», esan du Ferran Civit ANCko arduradunak.
Pertus eta Alcanar lotuko ditu giza kateak, eta, tarte horretan, 86 herri eta 400 kilometroko tartea beteko dute parte hartzaileek. Metro bakoitzeko manifestari bat kokatzea lortzen badute, 300.000 eta 400.000 pertsona artean izanen dira Katalunia iparraldetik hegoaldera lotuko duen bizkarrezurrean. «Gure asmoa da iazko manifestazioko parte hartzea gainditzea». Duela hilabete emandako datuen arabera, 150.000 lagunek eman zuten izena.
Bartzelonan jende askok emana du izena; baina Ebro ibarreko zenbait eskualdetan biztanle dentsitatea askoz ere txikiagoa da, eta hainbat tarte gelditzen dira oraindik bete gabe. Hori dela eta, hiri handietan tarteak uzteko eta hegoaldera mugitzeko kanpaina abiatu du ANCk. Hegoaldean, hamar puntutan daude arazorik handienak.
Lan eskerga, El Pertus eta Alcanar arteko bizkarrezurra osatzeko
Katalunia osoa iparraldetik hegoaldera lotuko duen giza katea osatzeko 400.000 bat pertsona beharko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu