Defizit publikoaren aurka hasitako borrokaren kontraesanak agerian geratzen hasi zaizkio Barack Obama AEBetako presidenteari. Alde batetik, gastu publikoa murrizteko mezua zabaltzen duen bitartean, Wisconsin estatuan babesa agertu die gobernadore errepublikanoak langile publikoen soldaten eta eskubideen kontura hasitako kanpainari aurre egin dioten sindikatuei eta langileei.
Zazpigarren egunez jarraian, atzo ere protestak egin zituzten Wisconsingo langile publikoek, Madison hiriburuan. Irakasleak gaur dira lanera itzultzekoak, lau egunez gaixo zeudela argudiatuta lana egiteari utzi ondoren. Scott Walker estatuko gobernadore errepublikanoaren asmoak salatu nahi dituzte horrela. Larunbatean hamarnaka mila lagun bildu ziren Madisonen, Walkerren neurrien aurkakoak gehienak, baina baita haren alde dauden Tea Partyko jarraitzaileak ere.
Walkerrek langile publikoen eta haien sindikatuen haserre bizia piztu du, estatuaren defizitaren zati bat haien eskubideen alde murriztu nahi duelako. Wisconsinek 3.600 milioi dolarreko defizita aurreikusi du datozen bi urteotarako, eta Walkerrek uste du 300 milioi kendu ditzakeela langile publikoen kontura. Zehazki, Walkerrek proposatu du langileek bere soldaten %5,8 jartzea beren pentsioetarako —%1etik behera da orain—, eta osasun gastuetarako jartzen dutena bikoiztea, %12,6ra arte.
Estatuaren kutxen egoera ikusita, soldata kontuetan amore emateko prest azaldu dira sindikatuak, baina ez, ordea, haien jarduna eragozteko asmoak onartzeko. Izan ere, gobernadoreaknahi du langile publikoei negoziazio kolektiborako eskubidea kentzea, eta beren soldatei buruz baizik ez negoziatzea. Gainera, nahiko luke soldata igoerak erreferendum bidez erabakitzea eta langileek urtero erabakitzea sindika- tuetan antolatzen ote diren.
Walkerrek eta errepublikanoek gaur bozkatu nahi dituzte proposamenak Wisconsingo Biltzarrean, baina ikusteke dago horretarako quorum-a izango ote duten. Izan ere, demokratek Madisonetik alde egin dute, bozketa trabatzeko.
Obamaren oreka zaila
Sindikatuak betidanik izan dira demokraten oso aldekoak, eta haiek biltzen dute Obamaren alderdiaren kanpainetako diruaren zati bat. Presidenteak, ordea, ez du orain arte oso harreman erraza izan langileen ordezkariekin. Sindikatuek uste dute Obamak ez duela nahiko egin beren interesen alde. Langile publikoen sindikatuak bereziki haserre daude, Obamak proposatu baitu langile federalen soldatak izoztea datozen bi urteotan.
Hainbat egunez isilik egon ondoren, Obamak protestarien alde egitea erabaki zuen, Milwaukee hiriko telebista bati eskainitako elkarrizketan. «Wisconsindik entzun ditudan gauza batzuek […] sindikatuen aurkako erasoa dirudite». Komentario horrek errepublikanoak sumindu ditu, eta estatu baten auzietan ez sartzeko eskatu diote.
Baina auzia AEBetako iparraldeko estatu horretatik beste batzuetara hedatzeko aukera ez da txikia, lurralde gehientsuenek oso problema serioak dituzteko beren kontuak orekatzeko.AEBetako 51 estatuetatik 46k—Kalifornia, New York eta Florida barne— 123.000 milioi dolarreko defizit publikoa dute orotara; euren aurrekontu osoa kontuan hartuta, batez beste, %18 inguru. Arazoa are larriagoa litzateke—191.000 milioi dolarreko defizita—, baldin eta Obamaren gobernu federalak azken bi urteotan estatuontzako laguntza bereziak abian jarri izan ez balitu. Diru hori bukatu izana da orain Wisconsingo gatazken arrazoietako bat.
Langileen eskubideen aurka kanpaina hasi dute AEBetako errepublikanoek
Wisconsin estatuan protestak izan dira, gobernadoreak sindikatuen jarduna oztopatu nahi duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu