Langileen haserrea

2005eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
gintean den ANC Afrikako Kongresu Nazionalari bere ohiko aliatuetako bat kexaka eta gerrialdean zirika ari zaio, politika ekonomikoa dela bitarte. Hegoafrikak pairatzen dituen langabezia eta pobrezia egoeraren kontra egun beteko greba antolatu du aste honetan (herenegun) COSATU Hegoafrikako Sindikatuen Kongresuak. Batez ere meatzaritzan izan du oihartzuna, baina industriako beste alorretan ere jarraipena izan du. Nolanahi ere, aliatuon arteko tirabirak ez dira soilik oraingoak.

Herenegungo lanuzteaz gain hainbat manifestazio egin zituzten hiri nagusietan milaka langilek eta langabetuk. Ekonomia poliki hazten ari bada ere, %26-ko langabezia pairatzen du herrialdeak, datu ofizialen arabera; sindikatuek, ordea, langabezia tasa %40koa izan daitekeela diote, baldin eta lana bilatzeari utzi diotenak zenbatzen badira.COSATUko kide asko ANCkoak ere badira, eta sindikatuak Alderdi Komunistarekin osatzen du 1994tik agintean den hirukoa. Alabaina, haserre eta gogaitu antzean dabil gobernukide nagusiarekin. «Nekatuta gaudelako egin dugu greba. Kapitalistek irabaziak lehenesten dituzte, gure [langileon] aurretik», nabarmendu zuen herenegun sindikatuko buru Willie Madishak.Sindikatu nagusiak jakinarazi zuen 2.000.000 langilek baino gehiagok erantzun ziotela greba deialdiari, eta 20 manifestaziotan baino gehiagotan gutxienez 500.000 pertsonak hartu zutela parte. Altabada, Negozio Ganberak esan zuen parte hartzaileetako asko ez zirela langileak, langabetuak baizik. Langileen federazioak dituen eskakizunen artean konpainia meatzariek Hegoafrikan gehiago inbertitzea, tartekako langileak hiru hilabetez baino gehiago lan egin ahal izatea langile finkoen tratu bera jasotzeko eta dendetan eta biltegietan produktuen %75 tokikoa izatea daude. Gobernuari, aldiz, lanpostuak salbatzeko enpresei presio gehiago egitea, erosketak tokian tokian egiteko konpromisoa hartzea eta rand moneta debaluatzea inportazioei aurre egin ahal izateko galdegin dio.Langabezia tasa handiaren arrazoietako bat, adituen esanetan zera da: Apartheidaren ondorioz langile gehienak heziketan eta trebakuntzan atzeratuta daude eta ekonomiaren modernizaziora ez dira ondo egokitu.Bigarren aldia da COSATUk Gobernuaren politikaren kontrako greba antolatzen duena, 2002ko urrian bi eguneko lanuztera deitu baitzuen. Hain justu, duela bi urte pasatxo bien arteko harremanak okertzen hasi ziren. Sindikatuen federazioa kexu zen ANCko gobernuak gastu soziala murrizten ari zirela.

Harreman gorabeheratsuak

2002ko bukaeran Gobernuarekiko harremanak okertu zirenean, heriotza mehatxuak jaso zituen COSATUko buruak, eta honek Gobernuaren zerbitzu sekretuei leporatu zien egiletza. Sindikatuen mobilizazioen aurrean, ANCko buruzagitza, 1997tik Hegoafrikako presidente den Thabo Mbeki buru zuela, oharrak helarazi zizkien ANCko batzorde guztiei, COSATUko «ezker muturreko militanteak bakartu eta menperatzeko» eskatuta. Azkenean bien arteko tirabirak leuntzea lortu zuten, ez, ordea, funtsezko arazoak konpontzea.

Sindikatuek eta ezkerrak diote Gobernuak, enpresario zuriak kaltetu gabe, elite ekonomiko beltza osatu nahi duela, baita aberats eta klase ertain beltza ere, langileen (beltz, mestizo, indiar zein zuri) kaltetan. Behatzaile batzuen ustez, herenegungo protesta indar erakustaldia da atzo ANCk abiatutako Kontseilu Nagusira begira.

-

'APARTHEID' ONDOKO GIZARTEA



Zuri askok ere egoera latza eta zailtasunak dituzte



Hegoafrikan ez dira soilik beltzak edota mestizoak egoera ekonomiko larrian bizi, Apartheid-aren garaiko ondorioek zein ondorengo egoera ekonomikoak ez dietelako herritar guztiei onura egin. Milaka zuri ere zailtasunetan daude, Frantziako Le Monde egunkariaren arabera. Zuri gehienak (populazioaren %13) oraindik ondo bizi badira ere, haien %10 inguru pobreziaren mailaren azpitik bizi dira eta asko langabezian daude. Apartheid-aren aroan zituzten pribilegioak, lanpostuak edota laguntza sozialak galdu dituzte eta ANCren gobernuak abiatutako diskriminazio positiboaren politikak beltzak lehenesten ditu lanpostu publikoetarako. 1994 baino lehenago pobreziaren mailaren azpitik bizi ziren zuriak %0 ziren, baina ANC agintera iritsi zenetik 200.000 zurik ihes egin dute, gehienbat Erresuma Batua, Australia, AEBak eta Zeelanda Berrira. Askok esku-hartze zuzena izan zuten Apartheid-ak gauzatutako zigor politiketan.

Dena den, badira itzultzen ari diren zuriak. Beltzak boterera iristeak infernuko ateak ireki ez dituen seinale, zuriak itzularazteko Homecoming Revolution (Etxera Bueltatzearen Iraultza) kanpaina du abian Angel Jonesek. Itzultzen direnei lana, etxebizitza, umeentzako ikastetxea eta abar bilatzen laguntzen die. Zurien herria ere badela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.