Aljeriak 1992an ezarri zuen larrialdia egoera, «terrorismoari» aurre egiteko. Horren bidez, gobernuak kaleko manifestazioak eta elkarretaratzeak debekatu ditu, bertzeak bertze. Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidenteak hil honen hasieran azaldu zuen larrialdi egoera bertan behera uzteko asmoa, eta, atzo, Atzerri ministro Murad Medelcik berretsi zuen «hurrengo egunetan» kenduko dutela. «Zuzenbide estatua bueltatuko da, eta iritziak emateko askatasuna legearen arabera baimenduta egonen da».
Azken protestei buruz ere mintzatu zen Medelci. Horietan parte hartu duten herritarrek Aljeriako gizartearen «gutxiengoa» ordezkatzen dutela uste du. «Ez dira areagotuko». Medelciren ustez, erreboltek «ezin diete eskualdeko herrialde guztiei eragin». Larunbatean 2.000 lagun elkartu ziren Aljerren, eta gobernuak 30.000 polizia mobilizatu zituen manifestazioa zaintzeko. Herenegun, berriz, Annaba hirian (ekialdean) 7.000 lagunek lana eskatzeko manifestazioa egin zuten, eta gutxienez hamar lagun zauritu ziren Poliziarekin edukitako liskarretan.
Istiluak Yemenen
Yemenen, berriz, Sana hiriburuan borrokak izan dira Ali Abdala presidentearen aldekoen eta oposizioko jarraitzaileen artean. 3.000 lagun inguruk Tahrir plazan Saleren aurka protesta egiteko asmoa zuten, baina bidean erregimenaren aldeko ehunka jarraitzailek eraso diete. Manifestariak Sanako Unibertsitatean babestu dira. Poliziak handik bidali ditu ondoren. Hegoaldean, Taez hirian, lau lagun zauritu dira erregimenaren aldekoen eta aurkakoen arteko istiluetan.
Atzokoa Saleren aurkako hirugarren protesta eguna izan da jarraian. Boterean jarraitzeko, Konstituzioan aldaketak egiteko asmoa zuen Salek, baina oposizioaren presioaren eraginez bertan behera utzi zituen erreformak hil honen hasieran, eta 2013an ez da bozetara aurkeztuko.
Protestak herrialde arabiarretan
Larrialdi egoera «hurrengo egunetan» kenduko du Aljeriak
Gobernuak uste du azken egunetako protestetan parte hartu duten herritarrak «gutxiengoa» direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu