Egungo arauak hamabi egunera mugatzen du neurria —1955ean ezarri zuten legea, Aljeriako gerraren garaian—. Orain arte, larrialdiko neurrien kontra egiteko horretarako propio sortutako batzorde administratibo bati helegitea jarri ziezaioketen atxilotuek. Baina horiek «ezabatu» egingo dituzte, eta zuzenbide arruntera jo beharko dute.Epaileen elkarteek eta eskubide zibilen aldeko erakunde ugarik salatu dute eskubideak murriztuko dituela eta printzipio demokratikoak kaltetu. «Larrialdiak justifikatzen du zenbait askatasunen behin-behineko murrizketak. Baina askatasun horiek berriro berrezartzeko baliabideak emango dizkigu», onartu du Hollandek.
ETXEKO ATXILOALDIA
Egungo legeak ere kontuan hartzen zuen, baina «modernizatu» egin nahi dute. Eta zabaldu: susmagarri ororen aurka erabili ahal izango dute neurri hori, haren jarrera «segurtasunaren eta ordena publikoaren aurkako mehatxu bat izan daitekeela pentsatzeko arrazoi serioak» egonez gero. Atxilotze horien baldintzak «zehazteko» dituzte.Segurtasun indarrek norbanakoa atxiloaldia ezarriko dioten lekura garraiatu ahalko dute, eta polizia etxean aurkezteko betebeharra jarri diezaioke —egunean hiru aldiz, gehienez—. Pasaporteak eta nortasun agiriak kendu ahal izango dituzte.
MIAKETAK
Lege proiektuak proposatu du miaketa administratiboak etxebizitzetan ez eze, autoetan eta leku publikoetan egin ahal izatea. Poliziek ez dute epaileen baimenik behar izango. Baldintza bakarra beharko dute: leku horretara maiz joaten diren pertsonak «segurtasunaren eta ordena publikoaren mehatxu bat izan daitekeela pentsatzeko arrazoi serioak» egotea. Halere, baditu muga batzuk: parlamentarien, abokatuen, epaileen eta kazetarien egoitzak ezin izango dituzte miatu. Araketa guztien berri eman beharko diote fiskalari.Aurreko legeak ez zituen kontuan hartzen teknologia berriak. Baina proiektu legea onartzean, sakelakoetako eta beste motako gailuetako informazioa bildu ahal izango dute, sarean gordetako informazioa barne.